Enpresa gehiago ekintzailetza teknologikoko euskal planerako

2017ko Martxoa 03,

bind jornada 3-02
(Español) Un momento de la jornada.

Eusko Jaurlaritzak BIND 4.0 programaren bigarren edizioa aurkeztu  du. Jaurlaritzak iaz bultzatutako programa hori 4.0 Industriako startup onenak erakartzeko nazioarteko lehen ekimena da.

 

Eusko Jaurlaritzak ostiral honetan aurkeztu du Bilbon BIND 4.0 programaren bigarren edizioa. Jaurlaritzak iaz bultzatutako programa hori 4.0 Industriako startup onenak erakartzeko nazioarteko lehen ekimena da. Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendari Aitor Urzelaik adierazi duenez, talentua erakartzeaz eta enpresei negozioa irekitzeaz gain, herrialde proiektu bat da, “Euskadi gero eta aurreratuago egon dadin eta posizio erakargarri bat izan dezan ekintzailetza industrial teknologikoki aurreratuarentzat”.

 

BIND 4.0 Eusko Jaurlaritzak sortutako ekimen publiko-pribatua da. Azeleragailu honek aukera ematen die 4.0 industriako proposamen berritzaileak dituzten startup-ei, hots, enpresa sortu berriei, proiektu komun batean parte hartzeko eta bezero-hornitzaile bezala harremantzeko EAEn lan egiten duten hamar konpainia garrantzitsuenetako batzuekin.  Programaren laguntzaile dira: Microsoft, ABB, CAF, CIE Automotive, DanobatGroup, Euskaltel, Iberdrola, ITP, Mercedes-Benz, Michelin, Repsol-Petronor, Siemens Fagor Ederlan, Grupo Alcor, Ulma, Maier eta NEM Solutions.

Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuorde Estibaliz Hernáezek irekitako jardunaldi informatibo honetan programaren bigarren edizioari buruzko xehetasunak eman dira. Urzelaik azpimarratu duenez, “gaur egun lehia handia dago talentua erakartzeko, eta gero eta lurralde gehiago posizionatzen dira helburu horrekin”. Orobat esan du Euskadiren estrategiak “nitxo izan behar duela, eta ekintzailetza industrialaren sektorean sartu behar duela”.

Esan du BIND 4.0 programak aukera ematen diela startupei bezero handiekin lanean hasteko.  Programak abantaila ugari eskaintzen ditu: enpresa handiek talentu onena eskuratu dezakete startupen bitartez, eta azken horiei merkatu handietara sartzeko bidea irekitzen die. Euskadiri, berriz, garapen industriala emango dio, ekimen industrial itxaropentsu berriak erakarriko ditu eta.

Urzelairen arabera, beste enpresa azeleragailu batzuekin alderatuta, BIND 4.0ren “elementu bereizgarri nagusia” da “lanean hasten direla Euskadiko enpresa handi batekin eta bezero erreferentzia batekin, eta horrek sinesgarritasuna ematen die startup-ei”.

Iazko edizioan –uztailaren 6an ireki zena- 41 herrialdetako 257 startup aurkeztu ziren guztira. Lehen aurre-hautaketaren ondoren 52 enpresa gelditu ziren, 23 Euskadikoak, 23 atzerrikoak eta sei Estatukoak. Azkenean, euskal konpainia handiek 11 startup aukeratu zituzten; zazpi Euskadikoak, bi Estatukoak eta bi atzerrikoak, zeintzuk 16 proiektutan ari baitira lanean.

Urzelaik adierazi du uztailean abiatuko dela BIND 4.0 programaren bigarren deialdia. Aurrekoan bezala, profil zehatz bati zuzendurik dago: Euskadin gutxienez produkzio-zentro bat dutenei, 250 langiletik gora dituztenei, startupekin lan egiteko benetako konpromisoa hartua dutenei, eta langile-talde bat jartzen dutenei programan jasotako jarduera desberdinetarako. “Lehen edizioko enpresa guztiek aurrera jarraitu nahi dute, eta horrek erakusten du gustura daudela” azpimarratu du. Aurtengo edizioan lortu nahi dugu “aukeratutako atzerriko enpresek kontaktuak egin ditzatela in situ, eta ez bideokonferentzia bidez, hautaketa prozesua zuzenagoa izan dadin”.

Iaz bezala, proiektu bat eskaintzen duen startup bakoitzak diru kopuru bat ordaindu beharko du. “Erreferentzia bat jartzen dugu: 25.000, 50.000 eta 75.000 euro. Aurreko urtean kontratuen batez bestekoa 50.000 eurokoa izan zen, baina badira 100.000 eurotik gorako proiektuak ere”.

Miguel Angel de la Fuentek, ABB multinazionaleko kideak (bi startup aukeratu zituen enpresetako bat izan zen), goraipatu egin du ekimena. “Gurekin lan egin duten startupek interes handia azaldu dute, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza bikaina izan da”. ABBk bi proiektu gauzatu ditu: errealitate handituko proiektu bat Innovae startuparekin, eta “gure teknologia eta garapena osatuko dituen begidun robot bat” garatzeko proiektua Irisbond startuparekin. Martxan jarritako proiektuen “abiadura eta garapena” azpimarratu ditu.

BIND 4.0 programari esker, sendotu egin da Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren Basque Industry 4.0 estrategia. Ekimen horren helburu nagusia da Euskadiko ekintzailetza ekosistema indartzea, Euskadi kokatzea ekintzailetza industrial aurreratuaren mapan, euskal industriaren eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzen laguntzea, eta aberastasuna eta enplegua sortzea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke