ES | EU


2014ko Urria 10


Irisbond startup gipuzkoarra Smartplaphoons softwarea banatzen hasi da. Teknologia horri esker erabiltzailea ordenagailuko aplikazioetara sar daiteke begien mugimendua erabiliz modu azkar eta sinple batean. Software berri hori nagusiki ezgaitasunak dituzten pertsonei zuzenduta dago. Proiektuak ADEMGI eta Deusto Business School erakundeen babesa jaso du.


Irisbond enpresa donostiarra Eye Tracking-a bezalako komunikazio lagunduko teknologien garapenean espezializatuta dago, eta orain Irisbond Primma sistema merkaturatu du, ordenagailua begiradarekin kontrolatzeko dipositiboa. Sistema berri hori beraizik zuzentzen zaie ezgaitasunak dituzten pertsonei, aukera ematen baitu sagua begien mugimenduekin mugitzeko. Dena den, enpresako arduradunek urrats bat gehiago eman dute eta ordenagailuko nabigazioa azkartzen duen software bat ere sortu dute.

Smartplaphoons izan da lan horren emaitza, software librean oinarritutako programa bat, zeinari esker ordenagailuko aplikazio ohikoenak ireki baitaitezke 9 botoi handi dituen leiho baten bidez. Klik bakar batekin, erabiltzaileak Interneten sar daitezke, ofimatika inguruneetan lan egin, posta elektronikoak idatzi, musika entzun, komunikatzailera sartu edo WhatsApp-a erabili, besteak beste. “Sagua begiradarekin kontrolatzea aurrerapen handia da, baina ez da nahikoa. Ikusi genuen software bat ere behar zela erraz eta intuitiboki nabigatzeko” azaldu zuen Eduardo Jaureguik, Irisbond enpresako zuzendari nagusiak, “ez genuen software berriagatik kobratu nahi eta, beraz, lehendik geneukan produktuari integratu genion balio erantsi gisa”.

Smartplaphoons lankidetza baten emaitza da, elkarlanean aritu baitira Irisbond enpresako departamendu teknikoa, Ainhoa Pérez ADEMIko (Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea) logopeda eta Juan Sainz eta Alejo Vázquez, Deustuko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Ingeniaritza Informatikoko gradu bikoitzeko ikasleak. Smartplaphoons-en oinarria Jordi Lagaresen Plaphoons software libreko programa da, horixe berrerabili eta egokitu baitute Irisbond-en Eye Tracking sistema sortzeko. ADEMIk erabiltzaileen esperientzia eskaini du, zeintzuek tresna baliozkotu baitute, eta erabiltzaileak enpresarekin batera aritu dira lanean softwarearen garapenean. Hasierako testak gainditu ondoren, hasi dira jada Smartplaphoons banatzen Irisbond Primma sistemaren barruan.