ES | EU


2015ko Otsaila 10


AppKideak euskal startup-ak WIMy sortu du. Aplikazio mugikor bati lotutako gailu bat da, eta sistema horri esker, ez dira objektuak galtzen edo galduta badaude ahalik eta azkarren bilatu daitezke. Maskota edo haurrekin ere erabili daiteke. Crowdfunding kanpaina bat jarri berri dute martxan WIMy merkaturatzen hasteko. WIMyren fundatzaileek, Carlos Brea San Nicolásek (bussines manager) eta Alexander Sánchez Sastrek (marketing manager), beren esperientzia azaldu digute.


Nola funtzionatzen du WIMy-k?

WIMy-k gure smartphone-aren Bluetooth 4 teknologia erabiltzen du objektuak eta maite ditugun senide eta lagunak galdu ez daitezen edo galduta badaude ahalik eta azkarren aurkitu ditzagun. Puzzle pieza baten formako gadget txiki bat da, txanpon baten tamainakoa gutxi gorabehera, eta oinarrizko bi erabilpen ditu. Bata da nahi duguna aurkitu ahal izatea 50 metro inguruko tartean. Smartphone-ean radar moduko pantaila bat agertzen da eta pantaila horrek erakusten digu objektu hori zein norabidetan eta distantziatan dagoen. Gainera, hurbiltzen goazen heinean, WIMy-k argia eta soinua igortzen ditu. Bigarren erabilpena objektuen galera saihestea da. Horretarako, alarma sistema bat aktibatzen da markatutako objektua gugandik urruntzen bada; hau da, smartphoneak soinu bat egiten du eta dardara egiten du urruntzen ari garela ohartarazteko. Funtsean, WIMy-k aukera ematen digu smartphone-aren pantailaren bidez gure eguneroko bizitzan denbora aurreztu eta susto txikiak saihesteko.

Nola bururatu zitzaizuen sistema hau? Izan ere, merkatuan badaude galdutako objektuak aurkitzeko beste sistema batzuk…

Askotan galtzen ditugu gauzak: giltzak, diru-zorroa… Gainera, fundatzaileotako baten iloba oso neskato bihurria da eta beti begi-bistatik galtzeko beldurrez ibiltzen zen parkera edo zinemara zeramanean… Hortik etorri zen WIMy sortzeko ideia. Ideiaren hazia buruan geneukalarik, ikertzen hasi ginen merkatuan halako premiarik bazegoen ikusteko. Aurkitu genituen azterlanen arabera, bizitzan zehar urte erdi bat ematen dugu galdutako objektuak bilatzen. Badakigu badauzkagula -esaterako, autoko giltza edo diru-zorroa-, baina ez gara oroitzen non utzi ditugun. AEBetan adibidez, egunean ordu erdi bat igarotzen dute horrelakoen bila.

Merkatuan badaude galdutako objektuak aurkitzeko beste produktu batzuk, baina denek ez dituzte WIMy-ren gaitasun berdinak: esaterako, gureak GPS edo Sareko estaldurarik gabe funtziona dezake, urtebetez erabili ondoren pila alda dakioke, edo aplikazioan erakusten du zein norabidetan dagoen galdu dugun objektua.

Zein fasetan dago zuen produktua? Noiz merkaturatuko duzue?

Garapena bukatzen ari gara; dagoeneko badugu prototipo bat eta orain probak eta hobekuntzak egiten ari gara. Gainera, crowdfunding kanpaina txiki bat jarri dugu abian zertifikatu eta produzitzen hasi baino lehen, WIMy publikoari ezagutzera emateko eta onarpen maila aztertzeko. Dena ongi ateratzen bada, aurtengo udan merkaturatu nahi genuke.

Crowdfunding kanpaina bat hasi duzue, nola doa?

Oraintsu ireki dugu nazioarteko plataforma batean Europa osora iritsi dadin (http://igg.me/at/WIMy) eta, batez ere, produktua ezagutarazteko eta erabiltzaileen iritzia zuzenean ezagutzeko. Crowdfunding-ak duen alderdi onena da aurre-salmenta baino zerbait gehiago dela, izan ere produktuan interesa duten erabiltzaileen zuzeneko inplikazioa bilatzen da eta nahi dutenek aukera dute hobekuntza eta proba prozesuan sartzeko.  Hainbat mezenas interesatu dira, orain hedabideetan ateratzen hasi gara eta espero dugu pixkanaka ezagunago egingo garela eta jendea animatuko dela nola edo hala proiektuan parte hartzera.

Zer gehiago egiten du AppKideak enpresak, nola sortu zenuten?

WIMy da enpresa bezala AppKideak-en egin dugun lehen proiektua, gure begikoena nolabait esateko, baina ez da gure asmo bakarra. Gure helburua da, smartphone-ko pantailaren bidez, teknologia pertsonengana hurbiltzea, eguneroko arazoak konpontzeko eta pertsonen bizitza errazteko. Enpresa sortu genuen, hain zuzen, kontaktuak egiteko (hornitzaileak, zertifikazio agentziak) IFK bat behar genuelako, eta  hainbat bazkide elkartu ginen horretarako.

Dirudien bezain zaila al da ekintzaile izatea?

Ekintzaile izatea benetako esperientzia da, erronkaz betetako bidea. Ikaragarrizko ahalegina egin behar duzu, baina aldi berean ezinbestean ikasten duzu eta inoiz imajinatu ere egingo ez zenituzkeen esparruei buruz ikasten duzu. Horixe bera ere bada nahikoa erronka! Baditu alderdi ona eta alderdi txarra ere. Batetik, denbora eta dedikazio handia eskatzen du eta inork ez dizu bermatzen ongi aterako denik, baina, bestetik, aukera ematen dizu benetan atsegin duzun zerbaitetan aritzeko, zeuretzat lan eginez eta zeure proiektuaren alde. Gainera, ekintzaileentzako ekitaldiren batera joaten zarenean (noiz edo noiz joan egin behar izaten da), zure antzeko egoeran dagoen jende ugari ezagutzen duzu, beren proiektuetan gogo eta indar handia jartzen dutenak eta oro har oso baikorrak direnak.

Zeintzuk izan dira zailtasun handienak?

Egia esan, ekintzailea izatea errusiar mendian ibiltzea bezalakoa da; une batzuetan helburu guztiak betetzen dira eta besteetan oztopoek gaindiezinak dirudite, ahalegin guztia alferrekoa izan dela sinestarazteraino. Esaterako, gertatu zaigu hardwarerako aukeratutako osagaietako batek igurikapenak ez betetzea; halakoetan, irudipena izaten duzu hutsetik hasi behar duzula berriro. Nolanahi ere, bada une txar horiei buruzko esaera bat: “Batzuetan arrakasta lortzen da, eta batzuetan ikasi egiten da”. Guk filosofia horretan sinesten dugu.

Baduzu ekintzaile izan nahi duen gazte batentzako aholkurik?

Hauxe da nire aholkua gu bezala ekintzailetzan lehen aldiz sartu nahi duen edonorentzat: galdetu, galdetu eta galdetu. Jakin behar du hainbat arlo ez dituela apenas edo batere ezagutzen, eta ikastaroak egin beharko dituela edo esperientzia gehiago duen jendearengana jo beharko duela. Aukera bat da Behargintzara jotzea, non negozio bat kudeatzeko behar diren ezagutzei buruzko lehen pintzelkadak emango baitizkigute, edo baita ere jo dezakegu esperientzia eta laguntzeko gogo handia duen jendearengana, esaterako SECOT-enpresari jubilatuen elkarteko kideengana, beti prest daudelako laguntzeko, edo izena eman dezakegu ekintzailetzako programetan. Badago non aukeratu eta denetatik jasoko ditugu beharrezko zaizkigun ezagutzak.

Oinarrizko ezagutza batzuk eskuratutakoan, gehien kostatzen dena urratsa ematea da, badirudi beti dagoela hobetu daitekeen zerbait. Proiektuek aurrera egingo badute, erabakiak hartu behar dira eta jakin behar dugu batzuetan erabaki okerrak izango direla, baina horietatik ere ikasi egiten dela.

Eta norantz doa zuen enpresaren etorkizuna?

Gauzen interneten arloan mugitzen gara, WIMy da gure lehenengo “wearable” produktua, eta garatu dugun teknologia aprobetxatuz lanean jarraitu nahi genuke “beacon” delakoekin, alegia, Bluetooth 4 teknologia darabilten balizekin. Asmoa da sektore desberdinetara bideratzea produktu horien erabilera, esaterako saltokientzako publizitate geo-kokatura. Momentuz orainean zentratuta gaude eta eskuartean dugun proiektura bideratuko ditugu gure indarrak, baina, halere, erabakita daukagu etorkizuneko plangintza.