Elkarrizketa Cristina Oyóni, SPRIren Biobasque estrategiaren arduradunari, Pharmaboardroom.com eta bere Healthcare & Life Sciences aldizkarirako

2014ko Iraila 23,


Eusko Jaurlaritzak argi erakutsi du konpromiso sendoa hartu duela bio-zientzien sektorea garatzeko. Adibidez, BioBasque 2010 izeneko politika espezifiko bat inplementatu du bio-zientzien sektorean.


Zeintzuk dira ekimen honen punturik garrantzitsuenak?

BioBasque 2010 Estrategia inplementatzearekin batera hasi ziren eraginkortasunez garatzen bio-zientziak Euskadin. Estrategia hori bio-zientzientzat espezifikoki egindako lehena izan zen Espainia osoan eta askok goraipatu dute bere diseinuagatik, zeina Euskadiren ezaugarri eta premiei egokitzen baitzaio.  Erreferentzia gisa erabili da beste hainbat eskualde nahiz herrialdetan eta emaitza ukigarriak lortu ditu hainbat adierazletan: jarduera ekonomikoa, startup-ak eta enplegu sorkuntza, produktibitate zientifikoa (argitalpenak eta patenteak), talentua erakarri, berreskuratu eta atxikitzea, industria dibertsifikatzea eta nazioarteko posizionamendua lortzea (2005az geroztik Bio-eskualde izenarekin ezagutzen baita).

Ekimenaren punturik garrantzitsuena laguntza politiko sendoa izan da, parte-hartzaile desberdin askok elkarrekin lan egin baitute lankidetza eta sareko kolaborazioa ardatz dituen filosofia baten inguruan. Funtzionamendu kolaboratibo hori BioBasque Agentziak sustatzen du, hots, EAEko gobernuak BioBasque 2010 estrategia inplementatzeko sortutako instrumentuak. Informazioa jasotzeko leihatila bakarra ere bada eta baita ere bio-zientzien sektorearen hazkunderako markoa hobetzeko katalizatzailea.

BioBasque Agentziak euskal bio-eskualdea sortzen lagundu du, eta bere misioa da enpresen sustapenerako instrumentu publiko horizontal guztiak bideratzea (I+G-ko programak, enpresentzako laguntza, arrisku kapitala, talentua erakartzeko programak…) euskal bio-klusterra sortzeko helburu zehatzerantz.

Agentziaren zeregin garrantzitsuenen artean hainbat aipa litezke: bio-zientzietan inplikatutako eragile guztiak koordinatzea, ikerketako antolakundeak, Berrikuntza Sistema eta Administrazio Publikoa barne direla; Eusko Jaurlaritzari aholkularitza ematea bio-zientziekin lotutako gaietan; funtsak esleitzeko aholkularitza ematea; lehendik existitzen diren eta bio-zientzien sektorerantz dibertsifikatu nahi duten enpresak orientatzea; bio-zientzien inguruko jardueraren (enpresena, zientifikoa) barne zein kanpo marketina BioBasque agentziarekin; eta nazioz gaindiko lankidetza.

Zergatik izan zen “mota honetako lehena” Espainian?

Espainiako bizi-zientziak sustatzeko Espainiako gobernu autonomiko batek diseinatutako lehen estrategia espezifikoa izan zen BioBasque. Beste ezein gobernu autonomikok ez zuen halako estrategia publikorik diseinatu bizi-zientzien aldeko konpromiso argia hartuz. Eusko Jaurlaritza aitzindari izan zen Espainiako beste gobernuen artean sektore hori sustatu eta suspertuko zuen estrategia publikoa eraikitzean. Lehen esan dudan bezala, estrategiak helburu argi bat zuen: biozientziekin lotutako enpresa sektore berria garatzea, lehendik existitzen zen industria sarea dibertsifikatzeko.

Azken bi hamarkadetan Eusko Jaurlaritzak hainbat politika zientifiko eta eskualde mailako hainbat politika  garatu ditu lehendik existitzen zen industria sarea babesteko, eta aldi berean Euskadi etorkizuneko erronketarako prestatzeko, ezagutzan intentsiboak diren sektoreetaranzko dibertsifikazioa ahalbidetuz. Jaurlaritzaren babes sendoak eta enpresaren aldeko orientazioak bio-zientzien sektoreko komunitate oparoa sortu dute, mundu akademikoaren, osasun sistemaren eta industriaren arteko lankidetza sustatzen duena. Clustering arloko esperientzia ere baliagarri izan da ingurune aberasgarria eta talentua erakartzen duena sortzeko. Aldeko ingurune horretan, euskal bio-klusterra sendotzen duten aktibo bihurtu dira iraultza teknologikoak hurbiletik zaintzen dituen sektore pribatua eta enpresa espiritua.

Zeintzuk izan dira orain arteko lorpen garrantzitsuenak eta zeintzuk dira agendan dauden etorkizunerako lehentasunak / arreta-guneak?

Euskadin bizi-zientzien garapenak bultzada handia izan zuen joan den hamarkadaren hasieran. Bizi-zientziek berriki jasandako eboluzio horrek eraldatu egin du Euskadi eta Euskal Bio-eskualde bihurtu du; erakunde sare bat da, enpresek, zientziak eta teknologiak, ingurune bio-medikuak, inbertsiogileek eta beste hainbatek osatua eta beren jarduerak ez dira soilik produktiboak termino zientifikoetan, baizik eta badute baita ere eragin bat euskal ekonomian.

Euskal Bio-eskualdearen muina Euskal Bio-klusterra da, ia 30 enpresa bazkide eta 45 subsidiario dituena. Klusterraren balio-katea dira jabetza industrialean sendo oinarritutako produktu eta zerbitzu berriak hasieratik amaierara sortu ditzaketen enpresak. Elkarteko enpresa jarduera nagusiki (%59) gizaki eta animalien osasun industrian mugitzen da, eta barne hartzen ditu baita ere elikagaien industria, kosmetikoak eta zerbitzu transbertsalen kudeaketa. Ekintza eremu horien barruan diagnostikoa da arreta-gune nagusia.

I+G-ren sektorea intentsiboa da eta, beraz, BioBasque-n ardatz estrategikoetako bat izan da ezagutza sortzea. Horretarako, ezinbestekoa izan zen I+G-ko gaitasunak indartzea, hots, bai ikerlariak eta bai azpiegiturak. Ahalegin horretatik Ikerketa Kooperatiboko Zentroak sortu ziren -zehazki CIC bioGUNE eta CIC biomaGUNE- ikerketa estrategikoko agendak lerrokatzeko EAEko teknologia eta zientzia eragileekin, eta 150 milioi eurotik gorako inbertsio publiko sostengatua egin da.

Ikusirik nolako aurrerapen zientifiko eta korporatiboa lortu duen Euskadiko bio-zientzien sektoreak, esan liteke eskualdearen gaitasun korporatibo eta zientifiko/teknologikoak norabide zuzenean doazela markatutako helburuetarantz.

Estrategiaren hurrengo fasean hainbat ekintza-ildo proposatzen dira helburu hauek lortzeko: zientzia eta teknologia espezializatua; bio-enpresen jarduera emendatzea garapen arlo guztietan (bio-teknologia, bio-farmazeutika, gailu medikuak, zerbitzu espezializatuak); tradizio luzea duten sektoreetako enpresa industrialak dibertsifikatzeko ekimenak emendatzea; hornitzaileen garrantzia handitzea balio-kate guztietan; eta erabiltzaile/bezero sektoreak garatzea.

Badira beste helburu batzuk aurrekoek adinako garrantzia dutenak, hala nola kapitala eta finantzaketa lortzea, talentu espezializatua izatea, emaitzak eraginkortasunez ustiatzea (transferentzia), osasun sistema alienatua izatea eta sektorea suspertzea.

Agendako arreta-gune berriei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak oraintsu berritu du bio-zientziekin eta ikerketa medikuranzko dibertsifikazio ekonomikoarekin hartutako konpromisoa RIS3 edo Espezializazio Adimenduneko Euskal Estrategiaren bidez, eta ardatz bezala hartuko ditu ikerketa industrialaren ustiapena, medikuntza eta osasun arloko teknologia eta hornigaiak, eta zahartzearekin lotutako garapen teknologiko eta mediku berriak.

Bio-zientzien arloko lehentasuna giza osasunaren sektorea da, zeinak bere baitan hartzen baitu zahartzea osasunaren (eta teknologien) ikuspegitik. KET batzuek gaitasun nabarmenak dituzte, batez ere teknologiak ahalbidetzeko konbergentziari dagokionez (mikro-nano-bio-ICT), eta gure ustez horrek ekarpen handia egiten dio Euskadiko enpresen garapenari etorkizunerako prospekzio handia duen sektore gorakor batean.

Hamar urte baino gehiagoz bi ezagutza arlo horiek funtzio garrantzitsua bete dute Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromiso estrategikoan, hots, industria ezagutzaren, produktuen edota zerbitzuen sektore intentsiboetara dibertsifikatzeko erabakian. Arlo horietan egin den ahalegin izugarria eta inbertsio ekonomikoa dagoeneko ari dira amortizatzen eta bizi-zientzien arloko gero eta enpresa gehiagok elkarreragiten dute 180tik gora konpainiaz osatutako euskal nano-ekosisteman. Gaur, Euskadin, 15 enpresa bio-teknologiko baino gehiago ditugu, bere produkzio prozesuetan mikro eta nano-teknologiak erabiltzen dituztenak produktu berriak sortzeko eta merkaturatzeko.

Ibilbide orri arrakastatsua garatzeko eta orri hori KET transbertsaletan hedatzeko, oso baliagarria litzateke demostrazio eta baliozkotze prozesuetara zabaltzea, prototipoaren eta merkaturatze prozesuaren artean dagoen hutsunea bete ahal izateko. Eten hori gainditzea mugarri bat izango litzateke enpresentzat, izan ere laguntza bat izango lukete prototipoa onartu ondoren ikerketa fasean izaten dituzten zailtasunei aurre egiteko.

Adibide argi bat Bio-zientzien kasua da. Kasu honetan, produktuak bukatuta egon behar du amaierako ingurunean. Dagoeneko hainbat lotura sortu dira osasun sistemarekin eta euskal eskualdeko bio-industriarekin, baina finantzaketa prozesua zaila da oraindik. Osasun sistema prest dago produktua probatzen eta entseguak egiten hasteko, produktua prest dago probatzeko eta entseguetan erabiltzeko, baina arazo bat dago: ez dago behar adinako baliabide eta finantzaketarik entsegu horiek egiteko. Kontzeptua probatzeko tresnak behar dira. Arlo horretan lan gehiago egin beharra dago.

Une horretantxe sortu zen zuk zuzentzen duzun BioBasque klusterra. Zeintzuk izan dira mugarri garrantzitsuenak?

Aipatu nahiko nuke BioBasque Agentzia Euskadiko gobernu autonomikoak BioBasque 2010 estrategia inplementatzeko sortutako instrumentua dela. SPRI-Enpresen Garapenerako Agentziaren barruan dago, zeina Eusko Jaurlaritzaren (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila) menpeko sozietate publiko bat baita. Euskal bio-klusterra, berriz, irabazi asmorik gabeko enpresa elkarte bio-tekniko bat da, Euskadiko bio-industriak ordezkatzen eta babesten dituena.

2010ean euskal bio-klusterra sortu zenetik, BioBasque eta euskal bio-klusterraren arteko harreman estuak markatu du euskal bio-eskualdea sendotzeko bidea, zeina txikia baina indartsua baita. Bi jarduera-eremu nagusi ditu: lehendik existitzen diren bio-enpresak sendotzea eta bio-klusterraren hazkundea sustatzea.

Harreman horren hainbat adibide jar ditzakegu, hala nola bio-enpresentzako nazioarteko merkaturatze plataforma bateratua edota bio-haztegientzako zerbitzu zorro sofistikatua eskaintzea. BioBasque estrategiaren ezarpenarekin lortutako esperientzia baliagarri zaigu orain euskal bio-klusterraren agenda estrategikoa diseinatzeko.

Azalduko al diozu gure audientziari zer dagoen inplementatu duzun Berrikuntza Sistemaren atzean?

Azken 35 urteotan Euskadik ibilbide luzea egin du garapen ekonomikoko estrategiak definitzen. Jarraikako plan eta estrategiak onartu ziren etapa bakoitzeko premia espezifikoei erantzuteko eta pixkanaka ahalegina egiteko euskal ekonomia modernizatu, lehiakor bihurtu, espezializatu, dibertsifikatu eta sofistikatzeko, beti ere oinarritzat hartuz gure gaitasunak eta aukera-eremu potentzial handienak ustiatuz. Prozesu horren guztiaren emaitza da Berrikuntzaren Euskal Sistema.

Berrikuntzaren Euskal Sistema sare zabal bat da, aukera ematen duena ideia onak enpresa sendo edo merkaturatutako berrikuntza bihurtzeko eta hazkunde sostengarria sortzen laguntzeko. Sare horretara biltzen dira enpresari indibidualak, unibertsitateetako Teknologia Transferentziako Bulegoak (publikoak eta pribatuak), teknologi zentroak, ekimen komertzial potentzialak eta proiektu berritzaileak.

Berrikuntzaren Sistemak nazioarteko konexioak ditu hainbat sare eta elkarterekin, esaterako, Parke Zientifikoen Nazioarteko Elkartearekin (IASP) eta Europako Enpresa Sarearekin (EBN). Horrez gain, BioBasquek nazioarteko hainbat programatan parte hartzen du eta hori ere lagungarria da enpresa berriak sortzeko, hazkundea azkartzeko sare berriak sortuz eta bazkide estrategikoenganaino heltzeko, adibidez, finantza arloko edo bestelako adituenganaino.

Eusko Jaurlaritzaren misioetako bat da bio-kluster bat sortzea, gai izango dena Espainian eta nazioartean lehiatzeko. Nola kokatzen da BioBasque Madril, Katalunia, Valentzia eta Andaluziako bizi-zientzien klusterren aurrean eta oro har Europako “bio” sektorean?

Funtsean, ASEBIO-Espainiako Bio-enpresen Elkarteak 2013an kaleratutako txostenaren arabera, Euskadi da bio-teknologiako enpresa gehien dituen Espainiako laugarren erkidegoa (Katalunia, Madril eta Andaluziaren atzetik), hau da, euskal ekonomiaren %10,91 ordezkatzen du Espainiako BPG-ren %6aren gainetik. Bio-teknologia erabiltzen duten enpresa kopuruari erreparatuz gero, Euskadi laugarren postuan kokatzen da, %9,73ko portzentajearekin. Euskal enpresa bio-teknologikoen pisu erlatiboak ia bikoiztu egiten du enpresa-ehunaren tamaina globalari dagokion pisua.

Euskadin guztira 51 enpresa daude osasun zientzien sektorean. 2013an 376,62 milioi euro fakturatu zituzten eta horietatik 62 milioi inguru esportazioetatik lortu ziren. Sektoreak 2.700 lagun enplegatzen ditu (%50ak baino gehiagok goi-mailako kualifikazioa dute) eta epe horretan 121 milioi euro inbertitu ditu I+G+B-n. Enpresen %60k 10 urte baino gutxiago dituzte eta %90ek Euskadin dute egoitza. Ia enpresa guztiek (%90) nazioarteko jarduera dute.

Aipatu nahi nuke halaber BioBasque ezaguna dela Estatu mailako eta nazioarteko Bio-eskualde bezala. 2011n RegioStars sariketako finalista izan zen (EB) 18 herrialdetako 66 ekimenen artean.

Lehen esan bezala, bio-eskualde txikia baina dinamikoa gara. Gaur egun Euskadik nortasun propioa du Europako bio-eskualdeen mapan eta harreman estuan jarduten du bio-zientzien nazioarteko esparruko beste eragile batzuekin, lankidetza ekimenak artikulatuz eta garatuz Europa osoko bazkideekin.

Zentzu horretan, XXI. mendeko erronka handienetako bat dela uste dugu eta baikortasunez begiratzen dugu aurrera. Uste dugu baliozko argudioak eman ditzakegula bio-zientzia, osasun eta zahartze arloetan eta aukera erakargarria garela jomuga merkatuak ustiatzeko eta beste toki batzuetan aliantzak eraikitzeko.

“Kluster” hitza bera modan jarri da. Mundu osoko eskualde askok hainbat eratan erabiltzen dute terminoa. Zure iritziz, zer da benetako bio-zientzia kluster bat?

Euskadi aitzindari izan da kluster politiken diseinuan eta inplementazioan laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik. Orduantxe hasi zen bere ekonomia eraldatzeko estrategia bat aplikatzen, une hartako krisi ekonomiko sakonari eta langabezia maila handiari erantzuteko. Erantzun politikoak bilatu ziren lehiakortasun abantaila berriak eraikitzeko eta Eusko Jaurlaritza aitzindaria izan zen kluster politika porteriarra (Michael Porter) ezartzen. Politika horrek arrakasta izan zuen estrategia ekonomiko zabalago baten barruan, eta argi ikusten da hori azken hogeita hamar urteotan BPGak izan duen hazkundean; gaur egun Euskadi per capita BPG handiena duten Europako eskualdeetako bat da (%5).

Euskadiko kluster elkarteak funtsezko eragileak dira EAEko lehiakortasun politiketan, eta izugarria da mobilizatzeko eta kapital soziala eta jakintza sortzeko duten gaitasuna. EAEren ikuspegia “lehentasunezko taldeen” ideian oinarritu zen hasieratik, hots, kluster natural batzuk bakarrik hartu ziren kontuan kluster ekimenak aurkeztean. Gure ustez klusterrak oso tresna baliagarria dira politika industrialerako. Baina uste dugu kluster politika lehiakortasun eta berrikuntza sistema oso baten barruan integratu eta sartu behar den politika bat baino ez dela. Efektu potentzial eta biderkatzaile izugarria du, baina marko handiago baten zati bat baino ez da.

Orain, 2014an, gogoeta eta aldaketarako une kritikoan gaude. Erronka berriak ditugu, eta erronka horiek gainditzeko euskal industria eraldatu behar dugu balio handiagoko jarduera askoz berritzaileagoetarantz, eta azken urteotako desindustrializazio prozesuak geldiarazi behar ditugu.

Bestalde, erronka horiei eman beharreko erantzunak lotura estua du hasi berria den estrategia batekin (RIS3), zeinaren helburua baita baliabideak eta inbertsioak zentratzea zonalde jakin batzuetan, alegia eskualde mailako enpresa gaitasunekin eta gaitasun potentzialekin sinergia argiak dituzten haietan. Gogoeta horrek estrategia orekatu bat emango dio Euskadiri, estrategia bat elkarrekin konbinatzen dituena sektore askorentzat transbertsala den lehentasuna (lehen aipatutakoa), non Euskadik esperientzia zabala eta gaitasun konbinatu sendoak baititu, eta dibertsifikazioaren aldeko konpromisoa, hazkunde potentzial handiko goi-mailako enpresa teknologikoak bilatzeko.

Hala, Bio-zientzia esparru zuhurra da negozioen garapen ahaleginak inbertitzeko. Izatez arriskutsua da eta oro har epe ertain edo luzea behar du heldutasunera iristeko, baina asko eman dezake ordainetan. Horregatik uste dugu euskal bio-klusterra tresna baliagarria izango dela bizi-zientzien sektorea hobetzeko eta dinamizatzeko.

Kontuan izanik industria gorakorren ezaugarri espezifikoak (esaterako, intentsitate teknologiko handia, mundu mailako merkaturanzko orientazioa, gehienak enpresa sortu berriak eta kapital intentsiboko enpresak), zientzia biologikoen kluster zerbitzuek ondoko hauek landu behar dituzte: besteak beste, jabetza intelektuala babestea, inbertsiogile profesionalen analisia, paketatutako eskaintzak diseinatzea, nazioarteko merkatuetara sartzea, lizentziak lortzea barruan eta kanpoan eta palanka indarra egiteko gaitasuna azpi-kontratetan.


Zein aukera dago gaur egun Euskadin bizi-zientzien sektorean inbertitzeko eta elkarteak sortzeko?
Uste dut berrikuntzaren euskal sistemaren indarra dela, hain zuzen, Euskadi jomuga erakargarri egiten duena inbertsioetarako eta “bio” ekimenen kokapenerako. Badugu bere jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioarekin konprometituta dagoen eta bio-zientziak babesten dituen gobernu autonomiko bat, eragile zientifiko-teknologiko publiko eta pribatuz osatutako sare zabal baten inguruan (unibertsitateak, ikerketa zentroak, plataforma teknologikoak, osasun sistema publikoa) egituratutako zientzia, teknologia eta berrikuntza ekosistema bat, ikerketa sustatzen duena lankidetza sare konplexu baten bitartez, eta hazten ari den enpresa-ehun bat, Bio-klusterraren babesa eta laguntza-azpiegitura handia dituena. Hori guztia bat dator RIS3, Espezializazio Adimenduneko Euskal Estrategiarekin.

 

Amaitzeko, azaldu PharmaBoardRoom-en audientziari eta Healthcare & Life Sciences aldizkariaren Espainiako irakurleei zergatik aukeratu behar duten Euskadi inbertsio bideragarriak egiteko bio-kokapen moduan.

Lehen aipatu dugun bezala, Euskal Bio-eskualdeak oinarri sendoa du negozioak garatzeko eta konpromiso publiko sendoa ere bai Bio-sektorea sendotzeko eta baliozko inbertsioak egiteko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke