Euskadiko Berrikuntzaren Atariko (euskadinnova.net) bisitak %27 ugaritu dira 2012an

2013ko Urtarrila 18,


www.euskadinnova.net atariak, Euskadiko berrikuntzaren topaguneak, %12,46 bisitari berri erregistratu ditu 2012an.
– Latinoamerika eta Estatu Batuetako bisitak bikoiztu egin dira 2011tik.
– Euskadinnova atariko asteroko buletinak batez beste 100 harpide berri izaten ditu hilero.
– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sortu zuen – Euskadinnova ataria 2008an, eta gaur egun 100dik gora berrikuntza eragilek sartzen dituzte bertan beren jarduerak.

Euskadiko berrikuntzaren inguruko jarduerak eta informazioa eskaintzen dituen Interneteko plataformak, www.euskadinnova.net atariak, 594.770 bisita izan ditu 2012an, hots, 2011n (467.622) baino %27,19 gehiago. Horietatik %12,46 plataformara lehen aldiz sartu diren bisitariak dira, eta horrek jauzi kuantitatibo handia ekarri du aurreko urteekin alderatuta.

Bada beste alderdi bat da berrikuntzako atari honen garrantzia azaltzen duena, alegia, 2012an 1.376.286 orrialde ikusi direla, horrek esan nahi du kopuru horrek %21eko hazkundea izan duela 2011rekin (1.136.597) alderatuta.

Nazioartean gero eta interes handiagoa dago Euskadi berritzailea ezagutzeko, halaxe erakusten du bisiten jatorriak, Latinoamerikatik eta Estatu Batuetatik sartzen direlarik gehienak. Aipatzekoa da Mexiko, Kolonbia, Peru, Argentina, Venezuela eta Txileko bisitak bikoiztu egin direla azken urtean, eta Estatu Batuetakoak, berriz, hirukoiztu.

Baina bada beste adierazle bat erakusten duena ataria jada finkatu dela sektoreko profesionalen artean eta tresna gero eta garrantzitsuagoa dela, hain zuzen ere, Euskadinnova atariak astero bidaltzen duen buletinaren harpide kopuruaren etengabeko hazkundea. Iaz hilean ehun bat harpidetza berri egin ziren, eta ez da erraza konstante hori mantentzea, erabiltzaileentzako informazio interesgarria eskaintzen ez bada. Harpideek ostiralero jasotzen duten buletinean berrikuntzarekin lotutako ekitaldi eta albisteei buruzko informazioa eskaintzen da, eta baita ere azken elkarrizketak eta argitaratutako bideoak.

Lehenak, agendak, Euskadin hurrengo hilabeteetan garatuko diren jarduera guztiak biltzen ditu, webeko egituraren oinarrian dauden lau esparruen inguruan: Berrikuntza Teknologikoa, Gizarte Berrikuntza, Enpresa Eraldaketa eta Enpresa Digitala. Mota guztietako jarduerak daude, esaterako ikastaroak, jardunaldiak edo tailerrak. Bigarren atalean, berriz, albisteetan, begirada bakarrean hartzen dira esparru horietako berrikuntzarekin lotuta eman diren informazio eta nobedade guztiak. Albisteek helburu bikoitza betetzen dute euskal enpresei begira, batetik, maila lokalean gertatzen denari buruzko informazioa ematea eta, bestetik, berrikuntza joeren ikuspegi globalagoa eskaintzea.

Laguntzen alertak eta edukiak

Euskadinnova atariak berrikuntza arloko beste zerbitzu interesgarri batzuk ere eskaintzen ditu profesional eta enpresentzat, adibidez, internautek oso gustuko duten laguntzei buruzko alerta zerbitzua; zerbitzu horretan izena emanez gero, erabiltzaileak uneoro jasoko du diru-laguntza, zerbitzu eta laguntza guztiei buruzko informazioa, esaterako, zeintzuk diren EAEko enpresetan berrikuntza proiektuak gauzatzeko edo enpresetan Informazio eta Komunikazio Teknologia (IKT) berriak txertatzeko dauden laguntzak. Gainera, 2011tik aukera ematen da euskadinnova atariko edukietara gailu mugikorren bidez sartzeko, eta 2012an mugikorren bidezko 47.364 bisita erregistratu dira.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2008tik SPRIren bidez sustatu eta kudeatzen duen berrikuntza atari honek badu beste balio erantsi bat, alegia, edukiak. Lan hori Euskadiko berrikuntzaren alde lan egiten duten erakunde publikoen bidez egiten da. Guztira, ehun eragile inguru dira, besteak beste, tokiko garapen agentziak, enpresa eta berrikuntza zentroak, teknologi parkeak, merkataritza ganberak, foru aldundiak, korporazio teknologikoak, unibertsitateak, Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak (osasun, ingurumen, lan, kultura, hezkuntza, eta abarrekin lotuak), eta abar. Horiek guztiek zuzenean elikatzen dute Euskadinnova ataria antolatzen dituzten jarduera, ekitaldi eta ikastaroekin, eta hala, Euskadiko berrikuntzari buruzko lehen eskuko informazio puntuala eskaintzen da, zentzurik zabalenean.

 

Erlazionatutako artikuluak