Bizkaiko ZT Parkeak EMPLOY egitasmo europarra garatzen lagunduko dio Txorierriko Politeknika Ikastegiari

2013ko Urtarrila 30,


– EMPLOY Europako herrialde desberdinetako zortzi erakundek bultzatzen dute, euren artean Txorierriko Politeknika Ikastegia, eta ia 300.000 euroko aurrekontua du.
– Bizkaiko ZTPk beharren analisia eta proiektuaren balorizazioa egingo du.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak akordioa egin du Txorierriko Politeknika Ikastegiarekin EMPLOY proiektu europarra garatzeko; egitasmo hau Leonardo Da Vinci programa europarraren esparruan kokatzen da eta EBko Hezkuntza eta Kultura zuzendaritza nagusiko ikaskuntza iraunkorraren programako Berrikuntza transferentzia du ardatz nagusi.

Proiektuaren helburua, lanbide heziketako ikasleen lanerako gaitasuna hobetzeko metodologia bat garatzea da: jardun berritzaileak dituen “tresna multzo” bat, ikasle eta lana bilatzen ari direnen arteko topaketak erraztuko dituena, prestakuntza hobea eta lanpostuan arrakasta izateko. Aurreko proiektu batzuetan garatutako elementu berritzaileak erabiliko dira, baita “design thinking” teknikak ere ikasleak beraien etorkizunaren plangintza estrategikoan inplikatzeko. Teknikoak ez diren eta berariazko prestakuntza praktikoa behar duten gaitasun eta ahalmenak identifikatuko dira. Honez gain, enpleguan mugikortasuna bultzatuko da, ebaluatutako emaitzetan onartutako nazioarteko kredituen bidez.

EMPLOY egitasmoa Europako zazpi herrialdetako (Belgika, Espainia, Italia, Herbeherak, Portugal, Britania Handia eta Turkia) zortzi erakundek bultzatzen dute, hauen artean lau lanbide heziketako zentroak dira, besteak beste Txorierriko Politeknika Ikastegia. Zentro hauek izango dira, hain zuzen ere, beraien erakundeetan proiektua zuzenduko dutenak. EMPLOYk 299.899€ko aurrekontua du.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak beharren analisia eta proiektuaren balorizazioa egingo du, parkean kokatutako enpresekin duen harremanaren bidez eta lan-topaketak antolatuz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke