Vietnameko Inbertsio ministroak gonbit egin die euskal enpresei Vietnameko azpiegitura handien proiektuetan parte hartzeko.

2014ko Martxoa 30,


Vietnam euskal enpresen negozio jomuga bezala aurkeztua izango da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren bidez antolatu duen jardunaldi batean. Bilera hori Bilbon egingo da apirilaren 2an eta Vietnameko goi-mailako ordezkaritza bat izango da bertan.
Vietnameko Planifikazio eta Inbertsio ministroak, Bui Quang Vinh jaunak, parte hartuko du ekitaldi horretan bertatik bertara azaltzeko zein den Vietnamen estrategia nazionala, estrategia horren helburua baita inbertsioak egitea garraio, energia eta telekomunikazio arloko azpiegitura-sareetan eta hobeto erabiltzea baliabide naturalak, esaterako hiri hondakinen tratamendua. Euskal enpresek aukera izango dute elkarrizketa pertsonalak egiteko eta informazio zehatza jasotzeko hainbat proiekturi buruz: hala nola, Vietnameko hiri nagusietan (Ho-Chi-Minh, Hanói…) metro lineak eraikitzeko proiektua edo uren tratamendurako 38 planta berri egitea helburu duena.
Topaketa honetan ministroarekin batera Vietnameko Atzerriko Zuzeneko Inbertsioen zuzendari nagusia ere izango da eta hitzaldi bat emango dute izenburu honekin: “Vietnameko egoera ekonomia eta negozio aukerak”. Jardunaldia osatzeko, Vietnamen presntzia duten bi enpresaren esperientziak ere azalduko dira: Asia Sourcing (MCC) eta BPA Europe.
Asiako merkatua gero eta garrantzitsuagoa egiten hasi da euskal ETEentzat eta horregatik SPRIren Kanpo Sareak ordezkaritza bulego berri bat zabalduko du datozen hilabeteetan euskal ETEei laguntza gehiago emateko. Singapurren irekiko da eta Asiako laguntza-egituraren osagarria izango da. Asiako sare horrek baditu jadanik bulego propioak Txinan eta Indian eta aholkulariak Filipinetan, Indonesian, Korean, Thailandian eta Vietnamen.
Gaur egun Vietnam ekonomia hazkor bat da: 2013an Vietnameko BPGa %5,42 hazi zen eta bere inportazio globalak (CIF) 63.000 milioi dolarrekoak izan ziren, hau da, %15,45 hazi ziren.
Euskadik 20 milioi eurotik gora esportatu ditu Vietnamera eta 14 milioi baino apur bat gutxiago inportatu. Inportazio bolumen handiena duten 5 partiden artean daude, besteak beste, makinak eta aparatu mekanikoak, burdina eta altzairua, eta autoak.
2007ko urtarrilean Vietnam MMEn sartu zenetik desagertu egin dira hango merkatuan sartzeko oztopo gehienak. Hala, inportazio lizentziak, kuotak eta debekuak ia guztiz desagertu dira eta atzerriko enpresa garrantzitsuenentzat (hala nola Samsung, Nokia eta LGErentzat) gero eta errazagoa da Vietnamen sartzea. Gainera, Asiako hego-ekialdeko merkatuan sartzeko atea da.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke