Lan merkatuak Informazio Teknologietako (IKT) profesionalak eskatzen jarraitzen du

2013ko Azaroa 14,


Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta Europako Batzordeak Bilbon antolatutako “Going Local” jardunaldian agerian geratu da IKTen negozioak enpresen premiei erantzungo dieten profil teknikoak eskatzen dituela.

 

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta Europako Batzordeak Bilbon antolatutako “Going Local” jardunaldian agerian geratu da lan merkatuak Informazio Teknologietako (IKT) profesionalak eskatzen jarraitzen duela. Informazio teknologietako negozioa etengabe eboluzionatzen ari dira eta orain profil tekniko zehatzak eskatzen ditu, hala nola ingeniari informatikoak eta sistemetako ingeniariak edo enpresen premia eta zeregin espezifikoei erantzungo dieten profesionalak.

 

Horiek dira “Informazio eta komunikazio teknologiak: suspertze ekonomikoaren  oinarriak ezarriz”  jardunalditik ateratako ondorio batzuk. Europako Batzordeak hainbat jarduera antolatu ditu Europako Agenda Digitalaren programak eta laguntza ekintzak Europa osoan zabaltzeko, eta jarduera multzo horren barruan kokatzen da jardunaldi hau. Going Local ekimenaren helburua da hiritarrei eta enpresei bideak zabaltzea ideia berritzaileak proposatu ditzaten eta zuzenean parte har dezaten garrantzi lokala nahiz globala duten erabakiak hartzeko prozesuetan.

 

Oraingoan Euskadin egin denez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Europako Batzordearekin lankidetzan antolatu du topaketa, eta Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuorde Estibaliz Hernáezek azpimarratu du IKT arloko enpresak eta estrategiak biziki garrantzitsuak direla ekonomia suspertzeko eta lehiakortasuna lortzeko. Zentzu horretan, Hernáezek baieztatu zuen Eusko Jaurlaritza teknologian inbertitzen ari dela eta inbertsio horrek zuzeneko eragina duela enplegu sorkuntzan eta, beraz, baita ere aberastasunean.

 

Eztabaidarako lau ardatz

 

Egun osoko jardunaldi horrek hainbat enpresatako, administrazioko eta unibertsitateko ehunka profesional elkartu zituen, eta gaiak bertaratutakoen interesa piztu zuenez, ordu eta erdi luzez eztabaidatu zuten informazio teknologien arloko gaur egungo lau ardatz hauen inguruan: finantzaketa lortzeko zailtasunak, telekomunikazioen merkatu bakarrari buruzko Europako araudia, IKTen arloko profesionalen prestakuntza eta lan irtenbideak eta eduki digitalen etorkizuna.

 

Hala, unibertsitateko ikasle berrien artean nabarmen jaitsi bada ere karrera teknikoen eskabidea, lan merkatuak informazio teknologietako tekniko kualifikatuak eskatzen jarraitzen du, eta jardunaldian parte hartu zuten hizlariak bat etorri ziren esatean negozio ereduak profil desberdineko teknikariak eta langile tranbertsalagoak behar dituela, alegia, enpresako funtzio estrategiarekin lerrokaturik daudenak, nahiz eta une honetan ez dagoen halako profilari erantzuten dion langilerik.

 

Finantzaketari dagokionez, argi geratu zen EAEko, Estatuko eta Europako administrazioak jada jabetu direla IKTen arloko ekintzaile eta ETEak bultzatu beharraz. Zentzu horretan, Arrisku Kapitaleko Sozietatearen zuzendari Yolanda Beldarrainek jakinarazi zuen bost milioi euro bideratuko dituztela ekintzaileentzako arrisku kapitaleko funts bat sortzeko. Ekimen hori garapen fasean dago oraindik.

 

Bukatzeko, badira azpimarratu beharreko beste bi ondorio: Europako erkidegoko arduradunek uste dute merkatuak arautu behar duela telekomunikazioen Europako merkatu bakarra eta pentsatzen dute erabaki publikoak moderatuki eta orekatuki hartuko beharko liratekeela; bestalde, EITBko eta El Diario Vasco-ko edukien kudeaketako adituek adierazi zuten Internetek hainbat mehatxu eta aukera dakarzkiela hedabideei, argi geratu delarik edukiek azpiegiturek baino garrantzi handiagoa dutela.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke