Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek KUDEABIDE programa sustatuko dute, kudeaketa aurreratua bultzatuz euskal enpresen lehiakortasuna hobetzeko

2014ko Otsaila 14,


3 milioi euro bideratuko dituzte 5 langile baino gehiago enpresen 2014ko deialdirako.
Euskalitek parte hartzen du programan, hasierako kontrasteetan eta proiektu pilotuetan laguntza emanez.


Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Gasteizen, egindako ekitaldian sinatu da Asmoen Protokoloa, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien artean Innobideak-Kudeabide programa martxan jartzeko. Aipatutako programa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak azken hilabeteetan abian jarritako INNOBIDEAK estrategiaren barne dago.

Enpresa-kudeaketa berritzailea xede

Ekimenaren xedea Enpresa-kudeaketako metodologia, erreminta eta printzipio berritzaileen ezarpena laguntzearen bidez euskal industria-enpresen lehiakortasuna hobetzea sustatzea da.

Programaren erreferentzia-esparrua Kudeaketa Aurreratuaren Eredua izango da, euskal enpresei lehiakortasuna hobetzeko orientazioa eskaintzeko helburuarekin Euskadiko hainbat erakunde, organismo eta enpresa erreferentziazkoen lanaren eta adostasunaren ondorio dena.
Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren helburua enpresei lehiakortasuna hobetzeko bete beharreko bidean orientazioa eskaintzea da, azken hamarkadetan hainbat esparrutatik egindako kudeaketa-arloko ekarpenak txertatuta. Hauek dira esparruok: ezagutzaren kudeaketa, kalitate osoa, kudeaketako bikaintasuna, berrikuntza eta enpresaren gizarte-erantzukizuna, besteak beste.

Innobideak-Kudeabide programaren sorburua protokoloa sinatu duten erakundeen gogoeta partekatua da, hala nola enpresei laguntzeko programak garatzen metatutako esperientzia, betiere euskal enpresei lehia-abantailak eraikitzeko laguntza integratua eskaintzeko xedearekin. Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek koordinatuko dute programa, eta SPRI, Foru Aldundiak eta Euskalit arduratuko dira gauzatzeaz. Ekimen honek, guztira, 3 milioi euroko aurrekontua du.

Programan parte hartu nahi duten enpresek www.kudeabide.com helbidera jo besterik ez dute. Datozen asteetan egingo dira aurkezpen teknikoak Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Kudeabide programa

5 langileko edo gehiagoko enpresei zuzendutako programa da, baldin eta enpresok erauzteko, transformatzeko eta produzitzeko industria-jarduerak, jardueron produkzio-prozesuei lotutako zerbitzu teknikoak eskaintzen dituztenak eta informazioaren eta komunikazioaren gizartearen alorreko enpresak badira, eta sozietatearen egoitza edo lantokiren bat EAEn badago.

Programak bide leuna eta enpresen beharretara egokitua proposatzen du, enpresek bi fasetan parte hartuko dutena.

1. Fasea. Lehenik, enpresaren kudeaketaren gaineko diagnostiko zehatza osatu beharko dute, lehia-hobekuntzarako erabakiak hartzea ahalbidetu behar duena, Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren erreminta erabilita.

2 . Fasea. Hasierako kontraste-txosteneko gomendioetan oinarrituta, enpresak ekintza-plana osatu beharko du, eduki honekin:

– Erronka: Kontraste-txostenean jasotako hobekuntza-esparruei lotutakoak.
– Jarduerak: Aipatutako erronkak lortzeko baliagarriak.
– Jarduteko ildoak: Aipatutako erronkak lortzeko jarduerak taldekatuko dituztenak.
– Helburuak: Jarduera ildo bakoitzeko bana.
– Proiektuak: Jarduera ildo bakoitzari egokitutako helburuak lortzeko baliagarriak.
– Adierazleak: Adierazitako helburuen betetze-maila neurtzeko.

2 A Fasea. Proiektu pilotua: Kudeaketa aurreratuko metodologien aplikazio praktikorako proiektu pilotuak gauzatzea, hasierako kontrastean hautemandako kudeaketa-esparru bat edo batzuk gaituta, enpresaren lehia-hobekuntza ahalbidetzeko.

Euskalitek hogeita hamar bat modulu eskainiko ditu, kudeaketako askotariko gaietakoak, proiektu pilotuak gauzatzeko. Horietan guztietan aplikatuko da Euskaliten knowinn metodologia: autotrebakuntza, saio presentzialak eta aplikazio praktikoko proiektua osatzea barne hartzen ditu.

2 B Fasea. Kontsolidazio-proiektuak: Lehia-hobekuntzako proiektu bat gauzatzea, hasierako kontrastean hautemandako kudeaketa aurreratuko praktika kontsolidatzearen bidez.

Diruz lagundu daitezkeen kontsolidazio-proiektuek hasierako kontraste-txostenari erantzun behar diote, eta enpresak osatutako ekintza-planean gauzatu behar dira. Proiektua garatzeko, Kudeabide programari eta Kudeaketa Aurreratuko Ereduari buruzko informazio-jardunaldian parte hartu duten kanpo-profesionalen laguntza behar da. Horiek hautatzeko, enpresek programaren web guneko zerrenda erabili ahalko dute: www.kudeabide.com

 


ENPRESENTZAKO funtsezko informazioa

ESKABIDEAK
Eskabideak iritsiera-ordenaren arabera hartuko dira aintzat, programaren eragiketa- eta aurrekontu-muga bete bitartean.

FINANTZAKETA ESKURAGARRIA

1.- Hasierako kontrastea: kontrastea egiteko kostuaren % 100.

2A – Proiektu pilotuak: % 75 diru-laguntza oinarrizko moduluetan eta % 60koa modulu aurreratuetan.

2B – Kontsolidazio-proiektuak: Kanpo-aholkularitzaren kostuen % 60ko diru-laguntza, honako muga hauekin:

– Gehienez 6.000 euro 5 eta 49 langile arteko enpresentzat.

– Gehienez 10.000 euro gutxienez 50 langileko enpresentzat.

DIRUZ LAGUNDUKO DIREN PROIEKTUAK DEIALDIKO

Deialdi bakarrean, enpresa batek gehienez bi proiektu pilotu (2A) diruz laguntzea eskatu ahalko du, ez direnak aldiberekoak izango.

Deialdi bakarrean, enpresa batek proiektu bat (2B) diruz laguntzea eskatu ahalko du hasierako kontrastearen ondoren, baldin eta hala badago jasota dagokion txostenean.

Deialdi bakarrean, proiektu pilotu bat (2A) egiteko hautua hartu duen enpresak kontsolidazio-proiektu bat (2B) egitea eskatu ahalko du, baldin eta hala badago jasotako kontraste-txostenean.

AHOLKULARIA HAUTATZEA

Aholkulariak inskribatzeko eta informatzeko prozesua behin amaituta, www.kudeabide.com-ek 2B proiektuen enpresa eskatzaileen eskura jarriko du fase horretan parte hartu dezaketen profesionalen zerrenda. 2B proiektua eskatu duen enpresa arduratuko da zerrenda horretan bere beharretara eta gauzatu beharreko proiektura hobekien egokitzen den pertsona hautatzeaz. Hautatu baino lehen, hori bai, enpresak honakoa egin behar luke:

– • Profesionalari kudeaketa-aholkularitzan eta/edo enpresa-kudeaketari zuzenean lotutako zuzendaritzako karguetan duen esperientzia egiaztatzeko eskatu behar dio.

• Profesional horien bezero izan diren enpresei erreferentziak eskatzea.

NOLA PARTE HARTU?

Eskabideak honela beteko dira:

Erregistratu Kudeabide programaren web gunean (www.kudeabide.com), IFK, langile-kopurua, lurralde historikoa eta EJZ adierazita



AHOLKULARIENTZAKO informazio interesgarria

DERRIGORREZ joan behar da saio informatibora programan aholkulari bezala parte hartzeko.
Izena emateko epea zabalik egongo da AHOLKULARIENTZAKO
otsailaren 14tik 28ra

Saio Informatiboa Egutegia.Sartu


Vitoria-Gasteiz, 2014ko otsailak 14

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke