EUSKO JAURLARITZAK ETA CONFEBASKEK KONPROMISOA HARTZEN DUTE INDUSTRIAREN GARAPENA BULTZATEKO ETA KRISI EKONOMIKOARI AURRE EGITEKO LANKIDETZA SENDOTZEKO

2013ko Urtarrila 17,


Arratsalde honetan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak eta Confebask – Euskal Entrepresarien Konfederakuntzako presidente Miguel Ángel Lujuak lehen bilera egin dute, Euskadiko enpresen eta ekonomiaren egungo egoera kontrastatzeko eta erakunde bien arteko lankidetza-bide berriak aztertzeko.

Bileran, ordezkari nagusi horiez gain, honako hauek ere parte hartu dute: Eusko Jaurlaritzarik, Industria eta Energiako sailburuorde Juan Ignacio García de Motiloak, eta Confebask-etik, idazkari nagusi Nuria López de Gereñuk.

Bileran, Euskadiko industria garatzeko lankidetza sendotzeko konpromisoa hartu dute. Horretarako, Arantza Tapia sailburuaren hitzetan, beharrezkoa da, besteak beste, neurri hau hartzea: berrikuntza eta teknologia eraginkortasun handiagoz aplikatu behar dira herrialdeko enpresa-proiektuetan, eta balio erantsi bat gehitu behar zaie, kanpoko merkatuetan lehiakortasun handiagoa eta posizio hobea lortzen laguntzeko.

EAEko ekonomia suspertzeko beharrari buruzko usteak ere trukatu dituzte; izan ere, horrela saihestuko litzateke egungo krisiaren eraginez gertatzen ari den arazo larria, hots, enpresak eta enplegua suntsitzea. Halaber, euskal produkzio-sarea lehiakorrago bihurtuz, helburu hori lortzen laguntzen duten bideak eta ekimenak landu beharra adierazi dute.

Euskal enpresek duten likidezia-zailtasunei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek bere gain hartu dute gure enpresa-sarearen premietara egokitzen diren finantza-bide eta -iturri berriak elkarrekin aztertzeko erantzukizuna.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke