Sareen sarearen Munduko Egunaren karietara Eusko Jaurlaritzak jardunaldi bat antolatu du 50 kasuren bitartez erakusteko nola erabili Internet negozioetan

2013ko Maiatza 14,


– Maiatzaren 17an Internet Eguna ospatuko da Euskadin Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRIren bidez antolatuko dituen hainbat ekitaldirekin

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Interneten Munduko Eguna ospatuko du datorren maiatzaren 17an. Hori dela eta, jardunaldi bat antolatuko du SPRIren bitartez, non 50etik gora kasu aztertuz erakutsiko baita nola erabili Internet jarduera profesional edo negozio batean. Oso sektore desberdinetako kasuak aztertuko dira, hala nola turismoa, moda, multimedia sektorea, autoak edota etxerako produktuen fabrikazioa.

“Internet 2013: Ezagutzen zenuena historia da dagoeneko ” izeneko jardunaldia maiatzaren 14an egingo da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Biharamunean ekitaldi bera egingo da Arabako Teknologi Parkean (Miñao) eta hilaren 16an Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Publiko guztiari irekirik dago eta Interneten gertatzen ari denaren eta etorkizunik hurbilena zehaztuko duten joeren berri emango da.

Euskadin, esan bezala, maiatzaren 17an ospatuko da Internet Eguna eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak sarearen erabilerari buruzko hainbat jarduera antolatu ditu, Internet balioan jartzeko eta hiritar guztiei zerbitzu ugari eta eduki interesgarriak eskaintzen dizkien hedabide bezala aurkezteko.

Hala, “Erakarri trafiko kualifikatua zure enpresa-negoziora” izango da Gipuzkoako hainbat herritan antolatuko diren zortzi tailerren ardatza. Tailer horien bidez enpresei erakutsiko zaie zein garrantzitsua den negozioarentzat webgune bat izatea, nola egin daitekeen erakargarri eta nola erakar dezakegun interesatzen zaigun publikoa. Zortzi tailer horietatik lau merkataritzarako diseinatu dira.

Internet egunaren karietara sustatu eta antolatutako hirugarren ekitaldi blokea “Altxortik-Altxorraren bila” izenekoa da eta turismoaren sektoreari zuzendurik dago. Tailer horretan ibilbide bat egingo da herri edo hiri bateko alde zaharrean barrena dispositibo mugikorretako aplikazioak (GPS, google maps, navigation…) erabiliz. Turismo agentzia eta bulegoei zuzendurik dago, baliagarri izan dakien ibilbide turistikoak sustatzeko orduan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke