Eusko Jaurlaritzak giltzarri batzuk emango dizkie industri enpresei Interneteko baliabideak aprobetxa ditzaten

2013ko Urria 20,


Indusmedia Kongresua industri enpresen eta marketin digitaleko hornitzaileen elkargunea izango da.
SPRIk antolatu du eta urriaren 22an egingo da Donostian.
Indusmediaren 2012ko edizioan 170 profesionalek parte hartu zuten, horietatik %65 industri enpresetakoak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Indusmedia Kongresua antolatu eta sustatu du SPRIren (Enpresen Garapenerako Agentzia) bitartez. Kongresu horretan parte hartzen duten euskal industri enpresek bertatik bertara ikusiko dute zein potentzial duen Internetek beren produktuek eskaintzen duten zerbitzua saltzeko, beren merkatuan erreferentzia bezala kokatzeko, bezero eta hornitzaileak ezagutu eta horiei balio erantsia emateko, lehia zaintzeko eta beren marka merkatu globalean indartu eta bereizteko.

Indusmedia Kongresuak, SPRIko Enpresa Digitala ekimenaren bidez eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu denak, beste urrats bat izan nahi du euskal industri enpresak arrakastaz sartu eta sendotu daitezen nazioarteko merkatuan. Euskal konpainia askok ospe ona dute beren zerbitzuen eta produktuen kalitateagatik eta ehundik gora euskal enpresa munduko liderrak dira beren sektoreetan. Hala ere, SPRIren Enpresa Digitala ekimenak argi ikusi du euskal industri enpresak direla marketin digitalaren arloko ekintza gutxien egiten dituztenak beste sektore batzuetako konpainiekin (zerbitzu enpesak, turismo arlokoak, e.a) alderatuta.

Indusmedia Kongresuaren helburua da topagune bat sortzea ideiak partekatzeko, jakintza zabaltzeko, marketin digitalaren arloko esperientziak eta kasu arrakastatsuak erakusteko eta batez ere sare sozialen erabilpena sustatzeko industri enpresen artean. Topagune horretan, zenbait enpresak marketinaren munduan garatu dituzten prozesuak azalduko dituzte alderdi hauek aztertuz: “Marketin Digitala Makina-erremintaren sektorean” (Danobat Group), “Estrategia digitala enpresako estrategiaren zerbitzura (Orona), “ULMA Taldea Sare Sozialetan: Estilo Gida” (ULMA), Hiperbaric: erabili 2.0 industri arloko produktu bat ezagutzera emateko (Hiperbaric).

Indusmedia Kongresuaren hirugarren edizioa Kutxabank eraikineko Ekitaldi Aretoan izango da datorren urriaren 22an, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 18.00etara. Informazio gehiagorako jo euskadinnova.net atarira; izen-emateak ere atari horretan egin behar dira. Iazko edizioan SPRIk 150 enpresatako 170etik gora profesional elkartu zituen, horietatik %65 industri enpresetakoak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke