Eusko Jaurlaritzak hiru lehentasun zehaztu ditu espezializazio adimenduna euskal enpresetan aplikatzeko

2013ko Azaroa 06,


SPRI Taldeko zuzendari nagusiak, Alexander Arriolak, esan du Euskadin energiaren, fabrikazio aurreratuaren eta osasun arloko bio-mikro-nano konbergentziaren arloetan aplikatu behar direla  Europako ikerketa eta berrikuntza estrategiak.


 

Alexander Arriolak, SPRI Taldeko zuzendari nagusiak, Bilbon azaldu du gaur (azaroak 6, asteazkena) Eusko Jaurlaritzak zein irizpide eta lehentasun aplikatu behar dituen Euskadin euskal enpresetako espezializazio adimenduna (RIS3 prozesua) Europar Batasuneko zuzentarauei egokitzeko. Estrategia horren helburua da produkzio ereduaren eraldaketa, enplegu sorkuntza eta epe ertain-luzeko ongizatea bultzatzea gure lurraldean.

Hala, Eusko Jaurlaritzaren ekonomia eta lehiakortasun estrategiak meta-lehentasun estrategikotzat hartu du espezializazio adimendun hori aplikatzea energiaren sektorean, fabrikazio aurreratuan eta osasun sektoreko bio-mikro-nano konbergentzian. Arriola jaunak azalpen horiek guztiak eman ditu SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak eta Gaia, Teknologia Elektronikoen eta Informazio Teknologien Euskal Klusterrak euskal enpresei zuzendurik elkarrekin antolatu duten “Produktu eta zerbitzu berriak Hibridazioaren bitartez” jardunaldian.

Lehentasun horiek ez dira hautu isolatua, baizik eta estrategia orekatu bat zeinetan zeharkako lehentasun bat aplikatzen zaien espezializazio eta gaitasun maila handiko Euskadiko sektore batzuei (manufaktura aurreratuari), helmugatzat harturik Euskadirako funtsezkoa den esparru bat (energia) eta aurrera eginez enpresa sarea maila altuko eta hazkunde potentzial handiko esparru baterantz dibersifikatuko duen bidean.

“Smart Manufacturing” aukeratzeko arrazoiak dira bere transbertsaltasuna, Euskadiren industri tradizio errotua eta fabrikazioarekin lotutako gaitasun teknologiko handiak izatea. Apustu horren bidez teknologi arloko gaitasun zientifikoak (nanoteknologia, mikroteknologia, fabrikazio aurreratuko teknologiak eta IKTak) aplikatu nahi dira euskal ekonomiaren ikur diren sektore oso industrialetan (batez ere metala, makina-erreminta, garraioa, ingurumena eta zerbitzu aurreratuak), beren lehiakortasuna eta eskain dezaketen balio erantsia handitzeko.

Era berean, Euskadin “energia” sektorea hartu bada lehentasunekotzat, horren arrazoia da badagoela kluster indartsu bat eta nazioartean lider diren enpresa handiak, eta Euskadik badituela gaitasunak etorkizuneko erronka sozial nahiz ekonomiko garrantzitsuenetako batzuei aurre egiteko. Beraz, apustu sektorial “oso” bat da, areago indartu nahi duena industri sektore bat, zeinak maila globalean lehiakorrak diren balio-kateko begiak konbinatzen baititu eta erantzuna eman behar baitie maila lokalean bezala nazioartean ere aukera handiak ematen dituzten esparru estrategikoei.

Bestalde, “mikro-bio-nano” konbergentziari  lehentasuna eman bazaio izan da oinarrian apustu bat dagoelako, eta apustu horri esker lehen mailako gaitasunak dituen sare zientifiko-teknologiko bat lortu delako ekonomia dibertsifikatzen lagunduko duena. Beraz, etorkizunean potentzial eta balio erantsi handiko esparruak garatzeko apustu bat da, zeinetan inbertsioak egin diren goi-mailako gaitasun berriak sortzeko, gaitasun horiek sektore eta merkatu nitxo berrietara sartzeko leihoak irekiko dizkietelako lehendik zeuden enpresei nola sortu berriei.

 

Bilbon, 2013ko azaroaren 6an.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke