EUSKO JAURLARITZAK % 15 HANDITUKO DU INDUSTRIAKO AURREKONTUA, ETA 45 MILIOI EURO GEHIAGO BIDERATUKO DITU JARDUERA INDUSTRIALA SUSTATZEKO

2013ko Martxoa 26,


Arantza Tapiak jarduera industriala sustatzeko neurri berriak iragarri ditu, aurrekontu-mugak dauden testuinguruan

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapia Ogasun eta Ekonomiako Legebiltzarreko Batzordean mintzatu da gaur. Bertan adierazi duenez, berrindustrializaziora bideratutako neurri berriak hartuko dira, proiektu estrategikoei eta zailtasunak dituzten enpresei laguntzeko helburuarekin.

Tapiak aurreratu duenaren arabera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak berrindustrializazioa sustatzeko programa berriak martxan jarriko ditu laster. Hala, industriara bideratutako aurrekontua % 15 handituko da, 45 milioi euro gehiago bideratuko baitituzte enpresak laguntzeko baliabideetara.

«Egun, beherakada ari da eta lehentasunak ezartzea ezinbestekoa da», adierazi du sailburuak. Ondorioz, aurrekontua «% 15 handitzeak argi uzten du gobernu hau industriaren alde egiten ari den apustua. Laguntza garrantzitsua eta estrategikoa izan nahi dugu, eta enpresek aurrera egitea, beren hornitzaile-sarea mantentzea eta industriak zerbitzuen sektorea bultzatzea lortu nahi dugu».

Mintzaldian, Arantza Tapiak aipatu sailaren aurrekontua aurkeztu du, 396,3 milioi eurokoa. Azaldu duenez, ez du zentzurik aurtengoa eta 2012ko aurrekontu-proiektuak alderatzea, iazko ekitaldian kreditu ugari atxiki baitzituzten eta ezin baitziren gauzatu. Horregatik, aurtengo aurrekontu-proiektua % 25 txikiagoa izan arren, gauzatutako aurrekontuarekin alderatuz gero, % 9 txikiagoa baino ez da.

Edonola ere, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 396,3 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du, honela banatuta:

Zuzendaritza horizontalak:……………… 16.454.865 €

Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetza 141.593.567 €

Industria Sailburuordetza……………… 98.765.954 €

Merkataritza eta Turismo Sailburuordetza 25.714.268 €

Nekazaritza eta Arrantza Sailburuordetza… 113.783.346 €

Tapiak baloratu egin du sailak industriaren alde egindako apustua, baliabideak urriagoak diren aurrekontu-testuingurua izan arren. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 45 milioi euroko neurriak aplikatuko ditu, eta honako hauetara zuzenduko ditu:

– enpresen berregituraketa eta antolamendua

– enpresa bultzatzaileen dibertsifikazioa, proiektu berriak martxan jarriz eta oinarri teknologikoko enpresa berrien sorrera lagunduz.

– langileek enpresetan parte hartzeko prozesuetan laguntzeko ekimen berri bat babestea.

Horretarako, honako hauek erabiliko dituzte:

Funts estrategikoak: hazkunde eta/edo berrikuntza teknologikoa ekarriko duten garapen berriak finantzatuko dituzte, ekimen ekintzaile berriak laguntzeko garapenak barne.

Zailtasunak dituzten enpresei zuzendutako funtsak: horiek laguntza emango diete proiektu bideragarriak dituzten arren, une honetan aurrera egiteko funtsa baliatu behar duten enpresei. Aurkezten dituzten proiektuak bideragarriak eta sinesgarriak izan behar dira, eta enpresaria laguntzea izango dute helburu, ez hura ordeztea.

ETEak eta autonomoak finantzatzeko eta kapitala zirkulatzeko funtsa.

Honela mintzatu da Tapia: «Berrindustrializazioa sustatzeko neurri berrien oinarria zailtasunak dituzten enpresentzako funtsak eta funts estrategikoak dira. Horiek laguntza garrantzitsua eta estrategikoa izango dira, enpresei aurrera egitea eta beren hornitzaile-sarea mantentzea ahalbidetuko baitiete».

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke