Eusko Jaurlaritzak EAEko eta Ipar Amerikako enpresen arteko negozioak bultzatuko ditu

2014ko Ekaina 10,


–      Ostiralera arte SPRIko arduradunek buruz buruko bilerak egingo dituzte Euskadiko konpainien hirugarren jomuga bihurtu den herrialde horrekin interesatutako enpresekin.

 

–      80 bat euskal enpresak produkzio, merkataritza edo zerbitzu arloko ezarpenak dituzte AEBetan.

 

–      SPRIko kanpo sareak zerbitzu pertsonalizatuak eskain diezazkieke enpresei merkatu ikerketak prestatzeko, bezeroak eta negozio agendak identifikatzeko edo merkataritza eta produkzio ezarpenak egiten laguntzeko.


SPRI-enpresa agentziaren bitartez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bilerak egingo ditu astelehenetik ostiralera bitartean Ipar Amerikan –Euskadiko enpresen hirugarren jomugan– ezarpenak egin nahi dituzten euskal enpresekin. Gaur egun 80 bat euskal enpresak produkzio, merkataritza edo zerbitzu arloko ezarpenak dituzte AEBetan.

 

Bilera horietan parte hartzen dute SPRIren Ipar Amerikako arduradunek, Estatu Batuetako eta Mexikoko bulegoetako zuzendariek eta bi zonalde horien Bilboko koordinatzaileak. Topaketa pertsonalak dira eta bilera horietan enpresek lehen eskutik jaso dezakete interesatzen zaizkien merkatuei buruzko informazioa; horrez gain, egoki iritziz gero posible dute baita ere SPRIko kanpo sarearen zerbitzu pertsonalizatuak eskatzea, dela merkatu ikerketak egiteko, dela bezeroak eta negozio agendak identifikatzeko edo dela merkataritza eta produkzio ezarpenetarako laguntzak lortzeko.

 

Astelehenean, Estatu Batuei buruzko 15 bilera eta Mexikori buruzko 26 daude hitzartuta.

 

Estatu Batuetakoa mundu mailako lehen merkatua da, eta hirugarren jomuga merkatua euskal enpresentzat. Aukera interesgarriak eskaintzen ditu hainbat sektoretan, batez ere hauetan: ekipo ondasunak, energia, bioteknologia, informazio teknologiak eta enpresa zerbitzuak. Negozio aukerak handitu egingo dira hemendik gutxira Europak eta AEBek sinatuko duten merkataritza askeko hitzarmenari esker, uste guztien arabera hitzarmen horrek nabarmen handituko baitu bi kontinenteen arteko alde biko merkataritza.

 

Mexiko zortzigarren tokian dago euskal esportazioen hartzaileen zerrendan. Ustez 130 bat enpresak dute produkzio, merkataritza edo zerbitzu ezarpenen bat Mexikon. Potentzial handiko merkatua da, aukera oso interesgarriak dituena bai bere barne merkatuaren ikuspegitik, bai NAFTA eremuarekin eta Pazifikoko aliantzarekin dituen harremanengatik. Negozio aukera handienak sektore hauetan daude: automozioa, aeronautika, burdinbideak, erreminta, ekipo ondasunak eta bitartekoak, eraikuntzako materialak, ingurumena eta enpresentzako zerbitzuak.

 

Eusko Jaurlaritzak lehentasunezko herrialdetzat jotzen ditu biak bere nazioartekotze estrategiaren barruan eta euskal enpresei laguntza emateko orduan.

 

SPRIren Kanpo Sareko profesionalek euskal enpresen edozein ekimen bultzatzen eta sustatzen dute 70etik gora herrialdetan. Euskal enpresei era guztietako laguntza eta informazio orokor nahiz partikularra ematen zaie, dela herrialde edo zonalde geografikoei buruz, dela aurkezten dituzten negozio proiektuen alderdi zehatzei buruz. SPRIko profesionalek lagundu egiten diete hainbat gai aztertzen eta hausnartzen, adibidez atzerriko negozio-aukera batek ba ote duen behar bezainbat giza eta diru baliabide, produktua lehiakorra ote den edo jarduera sektoreak ba ote duen merkatu nitxorik aukeratutako herrialdean.

 

Gainera, informazioa ematen dute jakiteko zein diren kontsumoaren bilakaerak eta kontsumo-joeren aldaketak, nolako eragina duten aldaketa horiek merkatuko lehentasunetan, zeintzuk diren herrialde garrantzitsuenetako aukera eta zailtasunak, eta abar.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke