I+G+Baren aparteko finantzaketarako aukera emango duen europar estrategia aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak

2014ko Ekaina 18,


– 2014-2020 I+G+B-ko 2.100 europar proiektutan parte hartu asmo du Euskadik, Horizon 2020 programatik 805 milioi euro lortuta. 2007-2013 aldian zuen itxaropena gainditu zuen Euskadik, eta Europako 272 eskualdetatik 21. geratu zen parte hartutako proiektuen kopuruari dagokionez, eta 25., berriz, lortutako finantzaketari dagokionez.

– Zentro Teknologikoak Europan gidari izateak, unibertsitateek engaiamendua areagotu izanak eta programan parte hartzen duten euskal ETEen kopuruak gora egin izanak lagundu dute batik bat Europatik funtsak erakartzen.

– Espezializazio Adimentsuko Estrategia Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Kontseiluak xedatu bezala sendotzera bideratutako ikerkuntza egitea izango da helburuetako bat.


«Euskal I+G+Ba Europan 2014-2020 Koaderno Estrategikoa», Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarea egituratzen duen bitartekoa, aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak Euskalduna Jauregian. Europako Horizon 2020 esparru-programa berrian parte hartzeko helburuak proposatzen ditu, eta horiek betetzeko, laguntza-zerbitzuak eskaintzen dizkie enpresei eta eragileei.

 

Gaur egungo testuinguruan, lehiakortasuneko faktore gako gisa berrikuntzaren eta jakintzaren alde apustu eginez ezik, I+G+Ban egiten ditugun inbertsioen emaitza hobeak eta itzulkin ekonomiko eta sozial handiagoak lortu ere egin behar ditugu, bereziki orain, Euskadiren zientzia eta teknologiaren alorreko politikek heldutasun maila handia irabazi dutelako.

 

Hala, gure ustez Euskadirentzat aukera handia da Ikerkuntzako Europar Espazioan parte-hartze handia izatea. Horizon 2020 (H2020) da Europar Batasunaren ikerkuntza eta berrikuntzarako esparru-programa berria, hazkuntza adimentsuagoa, jasangarriagoa eta integragarriagoa izan dadin eta ‘Europa 2020’ estrategiaren zati gisa sortua. Besteak beste, ezaugarri hauek nabarmendu genitzake:

– Esparru-programa guztien historian sekula xedatu den finantza handiena; ia 80.000 milioi euro.
– Zientzia bikainaren, gidaritza industrialaren eta teknologia gakoetan inbertitzearen alde eginiko apustua, eta ikerkuntza eta berrikuntza Europak aurre egin beharreko erronka sozial nagusiak konpontzera bideratzea.
– Lehendabiziko aldiz estali dira berrikuntza-zikloaren etapa guztiak, hartara lagundu delarik ikerkuntzaren eta emaitzak merkaturatzearen arteko arraila ixten.

 

H2020 programa berriaren hasiera dela eta, beharrezko iritzi dio Eusko Jaurlaritzak Koaderno Estrategikoaren edizio berri bat prestatzeari, nazioarteko lankidetzako esparru berriak Euskadiri eskaintzen dizkion aukerei egokitua. Besteak beste, oso garrantzitsua da gaur egungo agertoki ekonomikoan kanpo-finantzaketa jasotzeko aukera, hori baita enpresetan berrikuntza egitea zailtzen duten faktoreetako bat.

Xedeak erabakitzeko prozesu honetan zehar aintzat hartu da aurreko esparru-programetan Euskadik izan duen parte-hartze arrakastatsua. Zehazki, azken planifikazio-aldian (2007-2013) izandakoa, non, euskal erakunde gehiagok parte hartu eta proiektu gehiago aurkeztu ez ezik, aurreko koadernoan aurreikusitako finantzaketa-helburua bera gainditu ere egin baitzen.

 

Hori dela eta Europako 272 eskualdeetan 21.a izan zen proiektu kopuruari dagokionez eta 25.a lortutako aurrekontuari dagokionez. Europako finantzaketari dagokionez, BNGd-ari erreparatuta euskal ekonomia EBaren % 0,5 dela eta aurreko esparru-programaren –VII. EP– aurrekontu osoaren % 0,92 ekartzea lortu duela aintzat hartuta, ondorioa da Euskadik bere ekonomiaren tamaina dela eta zegokiona ia halako bi jaso duela. Zenbait faktore ere nabarmentzeko modukoa dira, hala nola Zentro Teknologikoak Europan gidari izatea, unibertsitateek engaiamendua areagotu izana eta programan parte hartzen duten euskal ETEen kopuruak gora egin izana.

 

Lan horren ondorioz sortu da Euskal I+G+Ba Europan 2014-2020 aldirako Koaderno Estrategikoa lana, zeinak hauek baititu helburu nagusiak:

– Euskal eragileek H2020 programako zutabe guztietan parte-hartze handiagoa izatea, VII. EParen emaitzak gaindituta: % 52 Zientzia Bikainaren zutabean, % 49 Gidaritza Industrialaren zutabean eta % 108 Gizarte Erronken zutabean.
– Datozen zazpi urteetan Europako I+G+Bko 2.100 proiektutan parte hartzea eta 805 milioi euroko finantzaketa eskuratzea, ia aurreko programan halako bi, hain zuzen ere.
– Enpresen parte-hartzea sendotzea, bereziki ETEen kasuan, aurrekontuaren %20 ETEentzat izan dadila dioen europar helburuaren ildotik.
– Espezializazio Adimentsuko Estrategia sendotzera bideratutako ikerkuntza egitea, xedatutako lehentasun estrategikoekin estuen lerrokatutako europar esparruetan jarduteko apustu eginez.

 

Halaber da nabarmentzeko modukoa koaderno hori egitea elkarlan-prozesu estu baten emaitza dela, non konbinatu baitira dagoeneko Europan dauden eragileen esperientzia sendoa batetik, beren ikerkuntza-estrategiak nazioartekotzeko potentziala duten eragileena bestetik, eta administrazioa bestetik, zeinak I+G+Baren nazioartekotzea sustatzeari buruz eta Europako ekimenak baliatzeari buruz duen ikuspegia ekarri baitu.

 

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak inauguratu du jardunaldia, bertan izan direlarik, halaber, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibalitz Hernaez eta Teknologiako eta Estrategiako zuzendari Leire Bilbao eta CDTIren, Innobasqueren, EHUren, Zentro Teknologikoen, IKZen eta euskal enpresen ordezkariak. Denek dute I+G+Bko proiektuei Europako beste enpresa eta erakundeekin batera arrakastaz heltzeari buruzko jakintza eta eskarmentua, betiere  Europar Batzordean luzatutako deialdien esparruan.


Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke