Eusko Jaurlaritzak portu eskaintza aurkeztuko du SINAVAL-EUROFISHING azokan, arrantza profesionaleko eta amateurreko ekintzen bidez

2013ko Apirila 15,


– Portuetako, Arrantzako eta Euskal Kirol Portuetako zuzendaritzek 72 metro koadroko stand erakargarria eskainiko dute
– Portu-azpiegiturak eta itsas turismoa sustatuko ditu eta itsasoko prebentzioko ekintzak antolatuko ditu

Ampliar Eusko Jaurlaritzak apirilaren 16tik 18ra artean BECen egingo den Sinaval-Eurofishing azokan parte hartuko du, portu-eskaintza zabalaren berri emango duen standa paratuta, dibulgaziozko jardunaldiak antolatuta eta Itsas Energien Europako Biltzarrean parte hartuta.

Ekimen horien bultzatzaile dira Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun eta Azpiegitura eta Ingurumen Sailak, hala nola Euskal Kirol Portuen Erakundea eta Energiaren Euskal Erakundea. Gainera, Enplegu eta Gizarte Zerbitzu Saila lankide gisa arituko da, Osalanen bidez.

Arrantza-azpiegituren edukiera eta jarduerak, Bilboko, Pasaiako eta Bermeoko portu-logistika eta Euskadiko Kirol Portuek denboraldi honetan itsasketa eta kirol-turismo arloetan eskainiko dituzten berritasunak aurkeztuko diren 72 metro koadroko standa paratuko du Gobernuak. Halaber, standa erakundearen eta arrantzaren sektoreko profesionalen eta amateurren arteko topagune izango da.

Luxua pabilioian kokatua, standak kubo itxurako bi espazio bereizi izango ditu. Arrantzako Zuzendaritzak tamaina handiko bi irudi jarriko ditu erakusgai, saregile lanbideari behar bezalako balioa aitortzeko eta, bestalde, urpekaritza profesionaleko ikastaroak emateko erabiltzen den urpekaritza-materiala eta antigoaleko itsasketa-tresnak egongo dira ikusgai. Gainera, pantailetako batean hainbat arrantza-aparailu erakusten dituzten bideoak emango dira.

Azpiegitura Zuzendaritzari dagokionez, pantaila handi batean Bilboko, Pasaiako eta Bermeoko portuen irudiak erakutsiko dira eta beste hormetako batean, aldiz, Euskadiko Kirol Portuen erakundeak kudeatutako Hondarribiko itsas kiroletako azpiegitura berrien argazki handi bat jarriko da. Era berean, standean Hondarribiko portuari buruzko azterlan historikoa eta Titanic ontziaren hondoratzeari buruz José Antonio Reyerok eginiko saiakera kontsultatu ahalko dira. Energiaren Euskal Erakundearekin batera, Eusko Jaurlaritzak uhin-energiako zentralaren funtzionamendua azalduko du panel handi batzuen bidez. Erakundeen gainerako erakusgaiak zenbait konpas-kutxa eta Getariko portuaren nahiz itsasontzi ezagunen maketak izango dira.

EKPk itsas turismoa sustatuko du

Euskal Kirol Portuen erakundeak Bizkaiko eta Gipuzkoako portuen eta amarralekuen eskaintza jarriko du erakusgai standean, Alemaniako, Danimarkako, Erresuma Batuko, Frantziako eta Herbeheretako turistei zuzendutako itsas kirolen promozio-kanpainaz gain. SINAVAL-EUROFISHINGek, Elite formatu berria sendotzeko, Bilbao Marine Energy Week energia berriztagarriei buruzko biltzarra sartuko du bere egitarauan. Erakusketak, hitzaldiak eta maila goreneko sareko lana uztartuko dituen biltzar horretan parte hartuko duten sektoreak itsasontzigintza, itsas industria, portu industria, arrantza eta itsas energien industria izango dira.

Prebentzioa itsasoan

Azti-Tecnaliaren Itsaspreben programari esker, Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Arrantza Zuzendaritzek, Enplegu eta Gizarte Zerbitzuen Sailaren mendeko Osalanekin batera, arrantza arloko laneko arriskuen prebentzioaren gaineko gunea eskainiko dute standean. Apirilaren 18an arreta berezia eskainiko zaio horri guztiari, itsas istripuak prebenitzeko beharra zabaltzeko hitzaldiak eta jarduera interaktiboak egingo dira eta.

ARRATZA SEKTOREAN DIHARDUTENENTZAKO JARDUNALDIAK

SINAVAL-EUROFISHING Elite sektoreko estatu mailako hitzordurik garrantzitsuena izango da, arratza-sektoreari buruzko topaketak direla-eta. Hauexek dira jardunaldiko gai-bloke nagusiak: Jolas-arrantza arduratsua; gardentasuna arrantzan, arrantzari buruzko politika komunaren erreformaren esparruan; arrantzako lan-arriskuak prebenitzeko plan integrala (Itsaspreben); eta Green Innovation Blue Growth: itsaso eta ozeano jasangarriak. Bileren atalean, honako hauek nabarmentzen dira: CEPESCAren Zuzendaritza Batzordearen bilera, Interatúnen Batzorde Nagusia, Ipar-mendebaldeko Kontsulta Batzordea (RAC NWW) eta Hego-mendebaldeko Kontsulta Batzordea (RAC SW) eta Arrantzaren Europako Plataforma Teknologikoa (EFTP).

Lan honek honako hauen laguntza izan du: Eusko Jaurlaritzako Arrantza Zuzendaritza, Azti-Tecnalia (itsas- eta elikagai-ikerketan aditua den teknologia-zentroa), ANABAC (Atun-itsasontzi Izozkailuen Armadoreen Elkarte Nazionala), OPPAO (Ondarroako Portuko Alturako Arrantzako Ekoizleen Erakundea), HAZI (Landa eta Itsas Ingurunea Garatzeko Eusko Jaurlaritzako Korporazioa) eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Kofradien Federazioa.

I. BILBAO MARINE ENERGY WEEK KONGRESUA

Energiaren Euskal Erakundeak, TECNALIA teknologia-korporazioak eta Bilbao Exhibition Centrek I. Bilbao Marine Energy Week kongresua deitu dute. Ekitaldi horren helburua Europako hegoaldeko erreferentziako plataforma gisa sendotzea da. BMEWek itsas-energien munduko aditu garrantzitsuenak ekarriko ditu Euskadira apirilaren 15etik 19ra. Ekitaldia olatuen energiarekin, offshore energia eolikoarekin eta itsas-korronteekin lotutako enpresetako profesionalei zuzenduta dago, bai eta beren negozioa gero eta indar handiagoa hartzen ari den arlo honetan dibertsifikatu nahi dutenei ere.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke