Eusko Jaurlaritzak 4 milioi euro bideratuko ditu Euskadiko klusterren jarduerarako eta euskal produktu eta zerbitzuak atzerrian sustatzeko

2014ko Maiatza 05,


– 2,4 M € bideratuko ditu Euskadiko Lehentasunezko Kluster eta Aurreklusterretara, enpresen arteko lankidetza bultzatzeko berrikuntzari eta nazioartekotzeari dagokienez
– Elkartzen ekimenak 1.600.000 euro aurreikusten ditu euskal produktu eta zerbitzuak atzerrian sustatzeko ekintzak garatzen dituzten erakundeentzat


Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 1.800.000 euroko partida bideratu du laguntza-programa horretara; programaren xedea lehentasunezko klusterretan bildutako euskal enpresen lehiakortasuna areagotzea da, enpresen arteko lankidetzaren bitartez.

Klusterren misio edo xedea garatzean hainbat fase gauzatzen dira: erronka estrategikoak identifikatzea ahalbidetuko duen hausnarketa aberatsa sustatzea, kideen artean gardentasuna eta komunikazioa sortzea, aukera eta interes komunak identifikatzea, interesdunak harremanetan jartzea eta elkarlana bultzatzea enpresen arteko akordioa lortu arte. Akordio horren azken helburua zera da, identifikatutako erronka estrategiko horietako bati erantzungo dion helburu bat betetzea.

Honako hauek hartzen dira Lehentasunezko Klustertzat: ACIAE-Automozioa, EIKEN-Ikus-entzunezkoak, Paperaren Kluster Elkartea, ACLIMA-Ingurumena, Energiaren Kluster Elkartea, UNIPORT-Bilboko Portua, Itsas Foroa-Itsas Industriak, GAIA-Teknologia Elektronikoak eta Informazioaren Industriak, AFM-AdvancedManufacturing Technologies, ACEDE-Etxetresna elektrikoak eta HEGAN-Aeronautika.

Eta horien guztien jarduerak honako arlo estrategiko hauekin loturik egon beharko du: Enpresa Berrikuntzarekin, Berrikuntza Teknologikoarekin, Nazioartekotzearekin eta Kudeaketako ikuspegi berriekin.

Halaber, 600.000 euroko partida bat ere onartu da Aurreklusterretarako. Gaur egun, sektore hauek hartzen dira aurreklustertzat: galdaketa, estanpazio bidezko forjaketa, siderurgia, eskuzko erremintak, eraikuntza, biozientziak, mugikortasuna eta logistika, elikagaien industriak, altzarien industriak, hizkuntzaren industriak eta tren-materialaren industriak; ezarri diren balioespen-irizpideen bitartez, aurrekluster sektorial berriak hautatu nahi dira, behar izanez gero.

Elkartzen 2014 programak 1.600.000 euroko partida bideratu du euskal produktu eta zerbitzuak atzerrian sustatzeko ekintzak garatzen dituzten erakundeentzat

2013ko deialdian 352 ekintzek jaso zuten laguntza; ferietan, merkataritza-misioetan eta alderantzizko merkataritza-misioetan presentzia izatea zen ekintza horien xedea

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak laguntza-programa bat du irabazi-asmorik gabeko erakundeentzat, kanpo-sustapeneko ekintzak egin ditzaten, eta euskal enpresak nazioartean sendotzera bideratutako jardun-programaren barruan sartzen da; elkarte sektorialek bultzatzen dituzten sustapen-jardueretan oinarrituta dago.

Hona hemen programaren helburuak: Euskadiko enpresek garatutako produktu eta zerbitzuen merkatu-kuota handitzea kanpoko merkatuetan, euskal produktu eta zerbitzuek merkatuotan duten presentzia sendotzea, eta produktu eta zerbitzuok sustatzeko eta euren irudia hobetzeko ekintzak gauzatzea.

Programaren bitartez honako ekintza hauei eman ahal izango zaie laguntza:

– Zuzeneko Merkataritza Misioei: Elkarte sektorial batek antolatutako merkataritza- edo prospekzio-bidaiak kanpoko herrialde edo merkatuetara.

– Alderantzizko Merkataritza Misioei: Elkarte Sektorial batek antolatuta atzerriko bezero edo preskriptore potentzialen merkataritza-bidaiak Euskadira.

– Atzerriko azokei: Elkarte Sektorialak edota elkartean biltzen diren zenbait enpresak atzerriko erakusketetan parte hartzea standen bidez.

– Sustatze- eta hedatze-elementuei: katalogoak, webguneak, bideoak, promozioko CDak eta abar.

– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren iritziz euskal enpresen kanpoko sustapena lagundu dezaketen bestelako jarduerei.

2013. urtean 342 jarduera bultzatu ziren

Programa horretan oinarrituta egiten diren jardueren bolumena, gutxi gorabehera, zenbatekoa den jakitearren, Elkartzen 2013 programaren bitartez 32 elkarte sektorialek antolatutako 342 jarduerek jaso zuten laguntza, 1.500.000 euroko aurrekontuarekin. Horien artean aipatzekoa da atzerriko azoketan standen bidezko 92 parte-hartze, zuzeneko 138 merkataritza-misio eta alderantzizko 51 merkataritza-misio babestu zirela.

Laguntzak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak kudeatuko ditu eta indarreran sartuko dira EHAA kaleratu eta hurrengo egunean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke