Eusko Jaurlaritzak Horizontea 2020 programan (I+G-ri laguntzeko Programa Marko berrian) parte hartzera animatzen ditu euskal enpresak

2014ko Urtarrila 28,


 

Ekonomiaren Lehiakortasun eta Garapen Sailak aholku bat eman die I+G-ko proiektuak dituzten euskal enpresei, alegia, aztertu ditzatela H2020 programan (I+G-ri laguntzeko Programa Marko berrian) parte hartzeko dituzten aukerak eta galde dezatela SPRIn eta teknologi zentroetan jaso ote dezaketen Europako Batzordearen finantzaketa “Horizontea 2020” programaren bidez.

Horren harira, Nano-zientziei, Material aurreratuei eta Fabrikazio eta Eraldaketa Aurreratuari buruzko “Infoday”  jardunaldi batean ezagutzera eman ziren programa honek eskaintzen dituen aukerak eta jada jakin daiteke zeintzuk diren ildo estrategikoak. Jardunaldi hori Eusko Jaurlaritzak, SPRIk eta Innobasque-k antolatu zuten Donostian CDTIren laguntzarekin.

Hala, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko ordezkariak, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroko (CDTI) arduradunak eta SPRIko eta Innobasque-ko kideak bat datoz hau esatean:

1.- Horizontea 2020 programaren helburua da ETEen parte-hartzea indartzea eta, hain zuzen, aurrekontuaren %20 ETEetara bideratuko da. Aipatzekoa da halaber programa berri bat jarri dela martxan, “ETE Tresna”, zeinak enpresa txiki eta ertainei lagunduko baitie beren I+G+B-ko proiektuak finantzatzen.

2.- Europar Batzordeak nahi duena da Europako I+G-ko proiektuak merkaturatzea, gutxi merkaturatzen baitira AEB edo Japoniakoekin konparatuta. Horretarako, xedea da harreman bat egon dadila beti proiektuen, beren teknologi garapenaren eta merkatuan duten aplikazioaren artean. Batzordeak proposamenetan identifikatu beharreko maila eskala bat ezarriko du. Bederatzi maila dira ideian eta ikerketa fasean hasten direnak, garapen fasearekin jarraitzen dutenak eta berrikuntzarekin amaitzen direnak, hots, merkatutik hurbilen dagoen unearekin. Hauxe da Europako programa marko batek I+G+B-ren ziklo osoa barne hartzen duen lehen aldia, hasi oinarrizko ikerketatik eta garapen teknologikotik eta froga jardueretaraino eta merkatutik hurbilen dauden faseetaraino.

3.- Horizontea 2020 I+G+B-ko proiektuentzako finantzaketa iturri handienetako bat da, %100eko ekarpena egiten baitie ETEei I+G-n eta %70ekoa berrikuntza faseetan. Batzordeak programa honetarako esleitu dituen funts handiei esker, inoiz baino gogorragoa izango da lehia, eta hala, Infoday jardunaldi horretan parte hartu duten erakundeek nahiz esperientzia duten enpresek beraizik azpimarratu dute proposamenak gainerakoengandik bereizi behar duela.

4.- Horizontea 2020 programan parte hartuz enpresek nahiz eragileek lankidetzazko loturak egin ahalko dituzte Europako erakundeekin, eta hala, ezagutzak barneratzeaz gain, aukera izango dute balizko merkatu eta produktuetara iristeko.

Jardunaldia osatzeko VII. Programa Markoan parte hartu zuten bi euskal enpresaren lekukotzak eskaini dira. Bata makina-erremintaren sektoreko ETE bat da eta bestea osasunaren sektorekoa. Lehenengoak, Tecnalia zentroarekin eginiko lankidetzaz hitz egin du, eta bigarrenak, berriz, Ik4 eta CIC biogune erakundeekin izandakoaz. Esperientzia positiboa izan da bientzat, eta proiektu berriak lantzen ari dira Horizontea 2020 programan garapen berriak aurkezteko.

Testuingurua: Europako Berrikuntzako komisarioak eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak Bilbon eginiko aurkezpena:

Joan den azaroan Europako Berrikuntza komisarioak eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak aurkezpen bat egin zuten Bilbon, Horizontea 2020 programaren (I+G-ri laguntzeko Europako Programa Markoaren) deialdietan jarraitu beharreko lan ildoak eta lortu nahi diren helburuak azaltzeko. Ekitaldi hura abiapuntua izan zen euskal enpresak parte hartzen has zitezen Batzordeak definitutako helburuei erantzuteko laguntza ildoetan: erronka sozial berriak lantzen hastea, lidergo industriala sustatu eta sendotzea eta ezagutza zientifikoa indartzea.

Programa honek ia 78.000 milioi euroko zuzkidura du, hots, VII. Programa Markoak baino %25 gehiago, eta 7 urteko epemuga. Hala, Horizonte 2020 programarekin Europak apustu berri bat egin nahi du I+G-n, helburu hauekin: Krisi ekonomikoari aurre egitea etorkizuneko hazkundean eta enplegu sorkuntzan inbertituz; Hiritarren kezkei erantzutea bizi kalitate, segurtasun eta ingurumen arloetan eta Europaren posizio globala indartzea ikerketan, berrikuntzan eta teknologian.

 

Hainbat nobedade daude baita ere proiektuen helburuetan eta ikuspegian. Euskal enpresek Infodays jardunaldien bidez jakin dezakete ekimenetan dauden aukeren berri. Urtarrilean egiten ari diren topaketa horiek hainbat gairi buruzkoak dira:

 

• European Research Council (ERC) erakundearen bikaintasunezko ikerketa finantzatzeko programa

• Energia segurua, garbia eta eraginkorra

• Osasuna, aldaketa demografikoa eta ongizatea

• Nano-zientziak, Material Aurreratuak eta Fabrikazio eta Eraldaketa Aurreratuak

• Gizarte inklusibo, berritzaile eta gogoetagileak

• Elikaduraren segurtasuna, nekazaritza eta basogintza sostengarriak, itsas, itsasaldeko eta barnealdeko uren ikerketa eta bio-ekonomia eta bioteknologia.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko ordezkari Catalina Chamorrok Donostian joan den astean eginiko Nano-zientziei, Material aurreratuei eta Fabrikazio eta Eraldaketa Aurreratuari buruzko Infoday ekitaldian esan zuen fabrikazio teknologien arloan Euskadik berme handiarekin parte hartu dezakeela, ezagutza eta esperientzia zabala dugulako gure jarduera industrialari esker.

Baldin eta aztertzen badugu nolako parte hartzea izan duen Euskadik amaituta dagoen VII. Programa Markoaren barruan eta zehazki arlo horretan, ikus liteke NMP eta IKTekin lotutako proiektuek biltzen dutela Euskadik jasotako finantzaketa osoaren ia %50. NPM sektorean 107 euskal erakundek parte hartu dute -horietatik 76- nazioarteko 184 proiektutan. Amaitu berri den programa honetan Euskadik guztira 271 erakunderekin parte hartu du (eragileak, unibertsitateak eta I+G enpresak) nazioarteko 904 proiektutan.

VII. Programa Markoak iraun duen zazpi urteen ondoren, Euskadik izandako itzuleraren datuek ondorioztatzen dute euskal ekonomia-sareak 450,37 milioi euroko finantzaketa eskuratu duela (aurreikusitako helburua 395 milioikoa zen), hots, guztizko aurrekontuaren %0,89. Espainiak jasotakoarekin konparatuz gero, Euskadik guztizkoaren %13,4 jaso du, eta Madril eta Katalunia baino ez ditu aurretik.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jakinarazi zuen “Euskal I+G+B Europan. Koaderno Estrategikoa” dokumentu berria egiten ari dela, eta horrek markatuko duela Euskadin lehiakortasun handiagoa lortzeko jarraitu beharreko estrategia I+G+B-ko programen bidez eta Europako programetan parte hartuz.

Hainbat ekimen jarriko dira martxan, eta horien artean Innobasque-k eta SPRIk euskal enpresentzako ikastaro bana eskainiko dute datozen hilabeteetan, Horizontea 2020 Programan nola parte hartu behar duten azaltzeko: Europako I+G+B-ko Programei buruzko Hastapen Ikastaroa eta I+G+B-ko Nazioarteko Proiektuen Kudeaketarako Ikastaro Aurreratua.

EKITALDIAK. BIDEO ETA ARGITARALPENAK

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke