Sestaon egiteko den Ibarzaharra industrialdeak San Mamestik ateratako 100.000 m3 inguru material betegarri hartuko du

2013ko Ekaina 25,


– Ingurumena berreskuratzeko operazio hori neurri zuzentzaile bat izango da, etorkizuneko Ibarzaharra industrialdea eraikitzeko behar diren 400.000 m3ak osatzeko.
– Sprilur-ek Ibarzaharra, S.A. sozietatearen bitartez sustatutako ekimen honi esker industrialde berri bat eraikiko da, Sestaoko Ibar Zaharreko eremua suspertzeko balioko duena.
– San Mamesko estadio zaharreko material betegarria berrerabiliz, proiektuan inplikatutako erakundeek 600.000 euro inguru aurreztu ahalko dituzte.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak akordio bat lortu du Sprilur-en, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Sestaoko Udalaren eta Estatuko Partaidetza Industrialen Sozietatearen (SEPIDES) bitartez. Akordio horren arabera, San Mamesko estadio zaharraren eraisketan metatutako materiala (95.000 m3) erabiliko dute Sestaoko Ibarzaharreko industri lursaila betetzeko.

Gaur asteartea hasi dira lehen materialak eramaten hiriburutik Sestaora. Ibarzaharra, S.A.-n, hots, Sestaoko industrialdearen jabe den sozietatean parte hartzen duten erakunde publikoek eta San Mamesko zelaiaren eraisketan inplikatutako enpresek helburu bikoitzarekin adostu dute operazio hau. Batetik, neurri sostengarria da eta aukera ematen du hondakin materialak bestelako jardueretan erabiltzeko. Bestetik, 600.000 euro inguru aurreztuko dituzte Ingurumen Sailak (URA) Ibarzaharra, S.A. eraikitzeko baldintza bezala eskatzen duen material betegarria erostean. Akordio hori baita ere lagungarri izango da lurzoruaren erremediatze planean eta jarduera ekonomikoetara bideratutako lursailaren urbanizazio publikoan aurreikusitako exekuzio epeak betetzeko.

Betegarri gisa nahiz deskontaminatzeko erabiliko den material metaketen kronogramak hiru mugarri nagusi aurreikusi ditu. Hasieran, hainbat obratatik eskuratutako materialak metatuko dira Ibarzaharra eremuan betegarri gisa erabiltzeko. Bigarrenik, San Mamesko estadioko zelaiaren indusketan eta estadioaren beraren eraisketan 70.000 m3ko eta 25.000 m3ko material bolumena eskuratuko da. Eraisketa lanak ekainaren azken astean hasiko dira eta aurtengo urrian amaitu.

Hirugarren mugarria beste indusketa obra batetik dator, gaur egun Sestaoko Puntan etxebizitzak eraikitzeko martxan dagoen proiektutik. Abuztuan amaituko diren lan horiek 60.000 m3ko material bolumena emango diote industrialdeari. Lehen fasearen deskontaminazioa 2013ko azken hiruhilekoan hasiko dela aurreikusten da.

2014tik aurrera, Sestaoko Ibar Zaharra eta Trapagaran Berreskuratzeko Ekintza Planak beste bi etapa barne hartuko ditu, lurzorua atontzeko orduan konplexutasun handiagoa dutenak: material betegarriak metatzea eta lurrak mugitu eta deskontaminatzea, harik eta Sestaoko Ibar Zaharrean Ibarzaharra industrialdearen eraikuntza lanei ekiteko behar diren 400.000 m3etaraino iritsi arte.

Garapen sostengarriko neurri gisa sortutako ekimen honen helburua da batik bat atzeraldi ekonomikoagatik eta baliabide urriengatik 2008az geroztik garapen motelagoa izan duen industria-gune hori berreskuratu eta sustatzea. Euskal erakundeek uste dute ingurumeneko erremediatze neurri honek suspertuko duela Ibar Ezkerra, betidanik tradizio industrial handiko eskualdea izan dena.

IBARZAHARRA-SESTAO PROIEKTUAREN DATUAK

Euskadiko hiru administraziok bultzatu zuten proiektu hau: Eusko Jaurlaritzak (Sprilur-en bitartez), Bizkaiko Foru Aldundiak eta Sestaoko Udalak. Proiektua martxan jartzeko sozietate bat sortu zuten 2007an, eta hauek dira sozietate horretako partaideak: SEPIDES (%50), SPRILUR, S.A. (%22,5), BIZKAIKO FORU ALDUNDIA (%22,5) eta SESTAOKO UDALA (%5).

Azalera gordina: 168.083 m²

Okupatutako azalera: 56.404 m²

Azalera eraikigarria: 84.041 m²

Aprobetxamendu industriala: 62.418 m²

Tertziarioa: 21.623 m²

Aurreikusi diren enpresak: 98

Aurreikusi diren lanpostuak: 850

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke