Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari esker 500dik gora euskal enpresa elkartuko dira Euskadin SPRIren Kanpo Sarearekin

2014ko Otsaila 21,


Intergune2014 topaketa hiru euskal hiriburuetan egingo da, hiru eguneko hiru jardunalditan, otsailaren 24tik martxoaren 19ra.

Eusko Jaurlaritzak laguntzak ematen ditu bermeekin nazioartekotzeko

2013an 445 nazioartekotze-proiektutan lagundu zuen.


EAEko bostehundik gora enpresari elkartuko dira datozen asteetan Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta SPRI Taldeak munduko 70 herrialdetan dauzkaten zuzendari eta aholkulariekin. Ekitaldi horretan aukera izango dute kontsultak egiteko, beren proiektuak beste batzuekin alderatzeko, jakiteko baduten aukerarik beren proiektu eta negozio ekimenak gure mugetatik kanpora eramateko, eta, nolanahi ere, bertatik bertara ezagutzeko Eusko Jaurlaritzak nazioartean zabaltzeko ematen duen laguntza.

SPRI Taldeak Intergune2014 Kanpo Sarearen Topaketa antolatuko du EAEko hiru hiriburuetan, otsailaren 24tik martxoaren 19ra egingo diren hiru eguneko hiru jardunalditan. Izan ere, Euskadik munduan barrena dituen “antena” guztiak Euskadira etorriko dira, hala eskatu duten enpresekin bilerak egin eta aholkularitza emateko. Aldi berean herrialde eta eremu geografiko zehatzei buruzko hitzadi praktikoak eskainiko dira. Eskaerak egiteko eta informazio gehiago eskuratzeko, jo helbide honetara: http://spri.es/internacionalizacion/intergune-2014.

SPRIk munduan barrena dauzkan ordezkariek era askotako laguntzak eta informazio orokor nahiz partikularra emango dizkiete euskal enpresei, dela herrialde edo eremu geografikoei buruz, dela aurkezten dituzten negozio proiektuen alderdi zehatzei buruz. Bilera horietan baloratuko dute, adibidez, atzerriko negozio-aukera batek ba ote duen behar adinako giza baliabiderik eta baliabide ekonomikorik, produktua lehiakorra den edota jarduera sektoreak ba ote duen merkatu nitxorik hautatutako herrialdean. Gainera, kontsumoaren bilakaerari eta joera aldaketei buruzko informazioa emango dute, azalduko dute aldaketa horiek nola eragin duten merkatuko lehentasunetan eta zeintzuk diren herrialde garrantzitsuenetako aukera eta zailtasunak.

Eusko Jaurlaritzak laguntzak ematen ditu bermeekin nazioartekotzeko

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailetik enpresariei eskatu zaie joan daitezela Intergune2014 Topaketaren bederatzi jardunaldietakoren batera, nahi dutena galde dezaten, “ez baita proiektu zehatz bat eduki behar hitzordua eskatzeko. Askotan zalantza txikiek blokeatzen dituzte ekimen oparoak eta enpresa proiektu interesgarriak” adierazi dute SPRI Taldeko Nazioarteko Arlotik. Eta nazioartekotze-proiektu heldu bat duenarentzat ere baliagarria izango da proiektua garatzen jarraitzeko.

Azkenaldian sarritan entzuten dugu enpresa txiki eta ertainen etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa dela nazioartean zabaltzea. Hainbeste, ezen enpresentzat premiazkoa baita atzerrian kokatzea. Baina kanpoko merkatuetara irteteko ezinbestekoa da giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak edukitzea, eskuartean dugun produktua lehiakorra ote den jakitea, eta baita ere aztertzea gure jarduera-sektoreak baduen merkatu nitxorik hautatutako herrialdean. Azken finean, nazioartean zabaltzea ona da eta batzuetan baita ere ezinbestekoa, baina bermearekin ekin behar zaio prozesuari eta Eusko Jaurlaritzak horretan laguntzen du.

Bestalde, enpresa handiak ez dira arrakastaz nazioartekotzen diren bakarrak, ETEak azpikontratatu gisa utziz. Frogatuta dago enpresa oso txikiek ere izan dezaketela arrakasta nazioartekotze prozesuan, esaterako, badira batzuk arlo bati buruzko ezagutza oso intentsiboa izanik, jarduera jakin baten gaineko balio erantsia eskainirik eta behar adinako giza baliabidez horniturik, aukera izan dutenak esploratzeko eta beren nazioartekotze prozesuan arrakasta izateko.

2013ko Balantzea

A) Nazioartekotzeko zuzeneko laguntza zerbitzua

2013an ahalegin handia egin da enpresei zenbait jomugatako negozio aukerei buruzko informazioa emateko.
Hala, sektoreei eta herrialdeei buruzko 19 ekitaldi antolatu dira, arreta eman zaie nazioartekotzeari buruzko 1.982 kontsultari edo zerbitzu puntuali eta, are garrantzitsuagoa dena, ekitaldi honetan zehar SPRIk 244 euskal enpresak sustatutako 445 proiektu gauzatu ditu, eta guztira 480 laguntza zerbitzu eskaini dizkie. Zerbitzu horietatik 99 (%21) Arabako enpresentzat izan dira, 204 (%42) Bizkaian kokatutako enpresentzat eta 177 (%37) Gipuzkoako ETEentzat.

Eremu Geografikoaren arabera, honela banatu dira 445 proiektu horien jomugak:

Eremu geografikoa
Proiektu kopurua %
Europa 160 % 36
Latinoamerika eremua 97 % 22
Asia eta Ozeania eremua 58 % 13
Afrika eta Ekialde Ertaina 51 % 11
Ipar Amerika 79 % 18

Herrialdeka, proiektu gehien Mexikon gauzatu dira, 53 guztira. Atzetik jarraitzen diote Kolonbiak (28), Alemaniak eta Brasilek (27), Txilek eta Txinak (26), Estatu Batuek eta Errusiak (22), Arabiar Emirerriek, Turkiak eta Poloniak (14), eta Txekiak, Eslovakiak eta Erresuma Batuak (13).

B) SPRIren kanpo sarea

Kanpo sarearen egituran egin den berrantolaketak helburutzat du SPRIk eskaintzen duen laguntza hobetzea eta Sare osoa egokitzea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak lehentasunezkotzat jo dituen merkatuei. Hala, Polonia, Txekiar Errepublika, Turkia, Shanghai eta Moskuko ordezkaritzak bulego txikiagoetan kokatu dira eta gastua murriztu egin da. Bestalde, 2013an San Frantzisko, Filadelfia, Silesia Behea (Polonia) eta Kubako bulegoak itxi dira. Hala ere, euskal enpresek jomuga horietarako zerbitzua jasotzen jarraituko dute Sarearen beste ordezkaritza batzuetan. Euskal ETEen negozio-aukerentzat lehentasunezkotzat jotzen diren beste merkatu batzuetako premiei erantzunez, zabaldu egin da kanpo sarea eta bulegoak ireki dira Singapurren eta Alemanian.

C) Laguntzak

Gauzatu kanpo ezarpenak:

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak lehentasunezko finantzaketa mekanismo bat jarri du euskal enpresen esku, produkzio ezarpenak egin ditzaten nazioarteko merkatuetan.

Helburua da euskal enpresek, ETEek, ezarpenak sortu eta garatu ditzatela atzerrian, hamabosten EBtik kanpo. Hala, laguntza ematen zaie sendotzeko eta atzerriko merkatuetan produkzio inbertsioak egiteko, lehiakortasuna eta etorkizuneko bideragarritasuna hobetzeko formula bezala.

Horrela bada, GAUZATU Atzerriko Ezarpenak programaren helburua da gure enpresen nazioarteko jarduera eta errentagarritasuna finkatu eta indartzea. Horretarako, enpresen kanpoko salmentak gehitzera zuzendutako jarduerak bultzatzeaz gain, suspergarriak eta laguntzak emango zaizkie nazioartekotzeko prozesuan jauzi kualitatiboa egin eta esportazioaz bestelako formulak erabiltzeko erabakia hartzen duten enpresei, esate baterako, produktiboki kanpoan ezartzeko formulez baliatzen direnei.

GAUZATU Atzerriko Ezarpenak programak 5 proiektu onartu ditu produkzio ezarpenak egiteko hamabosten EBtik kanpo; izan ere, 1,17 milioi euroko aurrerakin itzulgarriak eman ditu Polonian (1), Mexikon (2) eta Txinan (2) 4,450 milioi euroko inbertsioak egin ditzaten.

Intergune2014 egutegia

– Otsailak 24, 25 eta 26:

– Hitzorduak Afrika, Ekialde Hurbila, Asia eta Ozeaniako kanpo sarearekin. 24an Bilbon, 25ean Donostian eta 26an Gasteizen.
– Hitzaldi-eztabaidak

Otsailaren 24an, goizeko 9:00etan, Bilbon, Asiari buruzko hitzaldi-eztabaida: Txina, Japonia, India eta Singapur
Otsailaren 24an, eguerdiko 12:00etan, Bilbon, Angolari buruzko hitzaldi-eztabaida:
Otsailaren 25ean, goizeko 9:30ean, Donostian, Turkiari buruzko hitzaldi-eztabaida.
Otsailaren 25ean, goizeko 10:30ean, Donostian, Magrebi buruzko hitzaldi-eztabaida.

– Martxoak 10, 11 eta 12:

– Hitzorduak Europako kanpo sarearekin. 10ean Bilbon, 11n Donostian eta 12an Gasteizen.
– Hitzaldi-eztabaidak.

Martxoaren 10ean, goizeko 9:00etan, Bilbon, Europari buruzko hitzaldi-eztabaida: Alemania, Polonia, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errusia.

– Martxoak 17, 18 eta 19:
– Hitzorduak Latinoamerika eta Ipar Amerikako kanpo sarearekin. 17an Bilbon, 18an Donostian eta 19an Gasteizen.
– Hitzaldi-eztabaidak.

Martxoaren 17an, goizeko 9:00etan, Bilbon, Ipar Amerikari buruzko hitzaldi-eztabaida: Kanada, Estatu Batuak eta Mexiko.
Martxoaren 18an, goizeko 9:30ean, Donostian, Latinoamerikari buruzko hitzaldi-eztabaida: Argentina, Uruguai, Brasil, Txile eta Kolonbia.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke