Munduko Bankuak garapen proiektuetan inbertsioak egiteko duen sarean sartu du SPRI

2013ko Apirila 24,


– PSLO sarearen barruan 98 herrialdetako 147 enpresa erakunde daude -hasi merkataritza ganberetatik eta ekonomi garapeneko agentzietaraino-, eta nazioarteko finantza erakundeen negozioak garatzeko palataforma bat da.
– SPRIk bitartekari lana egingo du euskal enpresek parte hartzeko aukera izan dezaten Munduko Bankua, Garapenerako Amerika Arteko Bankua edo Garapenerako Asiako Bankua bezalako erakundeen proiektu eta negozioetan.

SPRIk, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako Enpresa Garapeneko Euskal Agentziak, ahalmen gehiago izango du euskal enpresei laguntzeko. Munduko Bankuak bere Private Sector Liaison Officers (PSLO) sarean sartu du, Euskadiko sektore pribatuko bitartekari izan dadin. SPRIko zuzendari nagusiak, Alexander Arriolak, bere atsegina adierazi du Munduko Bankuak sare horretan sartu duelako. “Sare horretako kide eginez aitortu egiten zaio SPRIri lan garrantzitsua egiten duela euskal enpresak merkatu nitxo berrietara irits daitezen, batez ere nazioartekotzearen bidez, nazioartekotzea baita gure ekonomiaren hazkunderako lehenetasunetako bat”, esan du Arriolak.

PSLO sarearen barruan badira 98 herrialdetako 147 enpresa erakunde (merkataritza ganberak, elkarteak eta ekonomi garapeneko agentziak), denak ere lanean ari direnak merkataritza eta kanpo inbertsioa sustatzeko eta zeregin horretan laguntzaile dituztenak Munduko Bankuko Taldeko nazioarteko finantza erakundeak, bai eta Garapenerako Amerika Arteko Bankua (BID), Berreraikuntza eta Garapenerako Europako Bankua (BERD), Garapenerako Afrikako Bankua (BAFD) eta Garapenerako Asiako Bankua (BAD).

Sarea 1999ko irailean sortu zen Munduko Bankuaren eraginez, zeinak aktiboki koordinatzen baitu, baina 2006tik hona negozioak garatzeko plataforma bilakatu da nazioarteko gainerako finantza erakundeentzat. Sare barruan ari diren “bitartekari-ofizialek” edo arduradunek bidea errazten diete beren herrialde edo eskualdeetako enpresa eta erakundeei, nazioarteko finantza erakundeetako proiektu, zerbitzu, negozio aukera eta ezagutzetara irits daitezen. Sareko kideek solaskide lana egiten dute enpresa edo erakunde horientzat eta aholkuak ematen dizkiete finantza erakundeei jakin dezaten nola hobetu beren enpresen partaidetza garapen proiektuetan.

PSLO sarearen bidez, Munduko Bankuko Taldea eta nazioarteko finantza erakundeak etengabe harremanetan daude lan egiten duten herrialdeetako hazkundea eta garapena bultzatzeko helburua betetzen laguntzen dieten erakundeekin. Nahiz eta PSLOek ez duten esklusibotasunik Munduko Bankuko Taldean interesatuta dauden konpainientzat, oso ondo ezagutzen dute erakundearen barneko funtzionamendua eta horrek abantaila lehiakorra ematen die.

SPRIren bitartez, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak jardunaldiak eta alderantzizko misioak antolatu ditu, gehiago hurbiltzeko erakunde hauetara: Garapenerako Amerika Arteko Bankua (BID), Andeetako Sustapen Korporazioa-Corporación Andina de Fomento, Nazio Batuetako Erosketen Dibisoa, Garapenerako Afrikako Bankua (BAFD) eta Garapenerako Asiako Bankua (BAD). Halaber, Munduko Bankuko PSLO sarean sartu ondoren, itxaropena du ahalmen handiagoa izango duela harremanak lantzeko eta euskal enpresentzako jarduerak eta negozio aukerak garatzeko merkatu multilateralen esparru honetan. 2011. urtean 150.000 milioitik gora euroko negozio bolumena erdietsi zen erakunde multilateralek finantzatutako proiektu eta obrekin eta erakunde horiek erositako ondasun eta zerbitzuekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke