Ekainaren 2an amaituko da Ekonomiaren Garapen Sailak 50 langile edo gehiago dituzten enpresen kudeaketa hobetzeko banatuko dituen 1,6 milioiak eskuratzeko aukera

2014ko Maiatza 16,


– Enpresaren diagnostiko pertsonalizatua egiteko behar den kontrastea jada egina duten 70 industri enpresatatik biren lekukotasuna: Spyro eta Indar.

Informazio gehiago hemen: www.spri.eus eta www.kudeabide.com


Ekainaren 2an amaitzen da 50 langile edo gehiago dituzten enpresen lehiakortasuna eta negozio kudeaketa hobetzeko Eusko Jaurlaritzak banatuko dituen 1,6 milioi euroak eskuratzeko aukera.

Kudeabide programak laguntza emango die zuzendaritza-taldeei kanpoko talde kualifikatu baten bitartez: kanpoko talde horrek jardunbide egokien erreferentziak emango dizkie, lagundu egingo die gogoeta sakona egiten, diagnostiko zorrotz eta pertsonalizatua burutzen, eta enpresa behin betiko sendotu dadin aplikatu beharko dituen kudeaketa metodologia aurreratuak ezartzen.

Kudeabide Programa duela bi hilabete martxan jarri zenetik hona, 70etik gora industri enpresek egin dute Euskalitek eta bere ebaluazio klubak eskainitako kanpo kontrastea, eta kasu guztietan asebetetze maila handiarekin. Enpresa horietatik bik jakinarazi dute zergatik eskatu duten laguntza hori eta prozesu horretan zein alderdi iruditu zaizkien azpimarragarriak.

SPYRO Taldearen eta INDAR enpresaren lekukotasunak.

–  Zergatik erabaki zenuen Innobideak-Kudeabide programan parte hartzea?

 

Ricardo González, Spyro Taldeko zuzendari nagusia eta ADEGIko presidenteordea: Pentsatu genuelako aukera bikaina zela hobekuntza eremuak detektatzeko eta aurrera egiteko ezinbestekoa zaigun kudeaketa aurreraturanzko bidean. Abiapuntua da zuzendaritza-taldearen barne gogoeta ariketa ordenatu bat egitea, gero gogoeta hori kontrastatu egiten da beste antolakunde batzuetako jardunbide egokietan murgilduta dabiltzan ebaluatzaileekin eta azkenean diru-laguntza bat lortzen da ondorio guztiak aplikatzeko.

Jagoba Mardaras, INDAR enpresako Ko-sorkuntza, Industria eta Itsasketa Negozio Unitateko kudeatzailea: Indar enpresan uste dugu lehiakortasun handiko esparru batean lan egiten duen negozio batek sostengarri izango bada oinarritzat izan behar dituela gainerakoengandik bereizten duten elementuak. Ziur gaude aurrean ditugun erronken erantzuna etxean bertan daukagula, geure jendearengan, eta Innobideak-Kudeabide programak lagundu egingo digu bide hori jorratzen.

– Behin hasierako Kontrastea jaso ondoren (Innobideak–Kudeabide programaren lehen fasea), zer azpimarratuko zenuke?

 

Jagoba Mardaras, INDAR enpresako Ko-sorkuntza, Industria eta Itsasketa Negozio Unitateko kudeatzailea: Kontrasteak ispilu bat jarri digu aurrean eta hantxe islatuta ikusi ditugu gure indarguneak eta hobetu beharreko eremuak gogoeta prozesu partekatu baten bidez. EUSKALITen laguntzak eta esperientziak ikuspegi aberasgarria eman digu prozesu horretan zehar.

 

Ricardo González, Spyro Taldeko zuzendari nagusia eta ADEGIko presidenteordea: Ebaluatzaileak goi mailakoak dira, bai ereduaz duten ezagutzagatik, bai beste antolakunde batzuetan izan duten esperientziengatik. eta baita ere ‘aktiboki entzuteko’ duten gaitasunarengatik, entzute horretatik azkar aplikatzeko moduko ideia oso interesgarriak sortu baitira.

 

Kudeabide programa

Kudeabide programa ekimen instituzional bat da eta erakunde hauek hartzen dute parte bertan: Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez, hiru Foru Aldundiek eta Euskalitek. Kudeabide programak oinarritzat hartzen du erakunde horiek egindako gogoeta partekatu bat eta enpresei laguntzeko programen garapenean daukaten esperientzia, helburua delarik euskal enpresei laguntza koordinatua ematea lehiakortasun abantailak izan ditzaten.

Erakunde horiek elkarrekin lankidetzan arituz eta kudeaketa arloko adituekin batera sustatu dute Euskadiko Kudeaketa Aurreratuko Eredua, Euskalitek koordinatua. Eredu horrek sei esparru hartzen ditu barne eta enpresek esparru horiek landu behar dituzte lehiakortasun posizionamendua hobetu nahi badute: estrategia, bezeroak, pertsonak, berrikuntza, gizartea eta emaitzak.

Kudeabide programaren bidez enpresa batek aukera du jakiteko nola hobetu dezakeen bere negozioaren kudeaketa, eta baita ere prestakuntza, aholkularitza eta diru-laguntzak jasotzeko.

Prozesua hasten da enpresak SPRIra jotzen duenean. Kudeaketa Aurreratuko Ereduan oinarriturik eta Euskaliteko aholkulari ebaluatzaile baten laguntzaz, kontraste bat egiten da enpresan. Kontraste horretatik diagnostiko bat aterako da eta diagnostiko horren bidez neurtuko dira estrategia, kanpoko bezeroen eta barneko langileen kudeaketa, enpresak berrikuntzarekiko duen posizioa, gizartearekin eta inguruarekin duen harremana eta emaitzak. Hurrengo urratsa da parametro bakoitzean proposatutako neurriak aplikatzea. Enpresak lehentasunak ezarri beharko ditu neurri horiek inplementatu nahi baditu eta horretan lagunduko diote kanpo aholkulariek eta programako diru-laguntzek.

Kudeabide programaren onuradun izan daitezke sektore hauetako enpresak: industria, erauzketa edota eraldaketa, ekoizpena, produkzio prozesuari lotutako zerbitzuak (aurrekoekin lotura dutenak) ematen dituztenak eta informazio- eta komunikazio-gizartearen arloekin lotutakoak.

Programa hori INNOBIDEAK estrategiaren barruan kokaturik dago, zeina Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatu eta SPRIk garatzen baitu. Estrategia horrek euskal enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko premiari erantzuten dio. Hala, enpresen, batez ere ETEen, berrikuntza bultzatzen du gaur egungo krisi egoeraren erronkei aurre egiteko, eta oinarri sendoak ezartzea du helburu, euskal enpresek lehiakortasuna garatu dezaten globalizazioaren testuinguruan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke