Ekonomia kolaboratiboaren mugak

2017ko Martxoa 14,

fichas formando la palabra share
Azterlanak elkarreragin mota horien giltzarriak aztertzen ditu.

Adigital txostenak fenomeno digital horren inguruko ereduak definitzen ditu.

 

2008an hasi zen lehenengoz erabiltzen “ekonomia kolaboratiboa” kontzeptua, orduan azaldu baitziren onlineko lehen plataformak, non partikularrak bitartekaririk gabe hasi baitziren ondasunak eta zerbitzuak trukatzen. Bederatzi urte geroago, milaka ekimen eta startup sortu dira etiketa horren azpian, eta ideia hori konta ezin ahala sektoretara zabaldu da, hona hemen zenbait gutxi batzuk aipatzearren: turismoa, gastronomia, garraioa, finantzak, hezkuntza edo higiezinak.

 

Ekonomia kolaboratiboaren zabalkundearekin mota guztietako ereduak bildu dira kontzeptu horretara: irabazi asmorik gabeko proiektu partikularrak, B2C, C2B eta B2B gisako plataformak… Eta, batzuetan, milaka milioi euroko negozio aukerak sortzen ditu. Ekonomia kolaboratiboa zer den eta zer ez azaltzeko, Adigital-Espainiako Ekonomia Digitalaren Elkarteak eta Sharing España elkarteak Los modelos colaborativos y bajo demanda en plataformas digitales txostena egin dute. Argitalpen horrek hainbat definizio biltzen ditu enpresaren ikuspuntutik.

 

Azterlanak dioenez, ekonomia kolaboratibora biltzen dira plataforma digitaletan berdinen artean eginiko eskaintza eta eskaera harremanak; plataforma horiek bitartekari funtzioak betetzen dituzte, lehendik existitzen den eta gutxi erabiltzen den ondasun edo baliabide bat aprobetxatuz. Esparru horretan sartuko lirateke Airbnb eta BlaBlaCar ezagunak, edo Verkami eta Kickstarter gisako crowdfunding plataformak. Multzo berekoak dira Wallapop eta Etsy bezalako salerosketa merkatuak, esperientzien turismoa eskaintzen duten plataformak (Trip4real) edo partikularren artean plater prestatuak trukatzeko plataformak (Eatwith).

 

Txostenak bereizi egiten ditu eredu hori eta “eskaerapeko ekonomia”. Eskaerapeko ekonomian, plataforma bitartekaria baino ez bada ere, ondasun edo zerbitzu trukeak profesional eta kontsumitzaileen artean egiten dira, erabiltzailearen premiei egokituz. Definizio horren barruan kokatuko lirateke, esaterako, Uber enpresa, P2P edo B2C logistika zerbitzuak (Koiki edo Glovo) eta mikrozeregin profesionalak eskaintzen dituzten plataformak.

 

Azkenik, bada hirugarren eredu bat, “sarbide ekonomia” deiturikoa. Kasu honetan plataforma bera da enpresa baten bitartez zerbitzuak eskaintzen dituena. Definizio horretan sartzen dira aparkaleku plazen alokairua, bizikleta partekatzeko zerbitzuak edo carsharing konpainiak. Hala, azterlanak erantzuna ematen dio ekosistema handi horretan bereizketa printzipioak markatzeko beharrari. Dena den, dokumentuak berak dioen bezala, proiektu berriak oso azkar agertzen ari dira eta zaila da definizio finkoak egitea.

 

Txosten horren –online eskura daitekeena- idazketa prozesuan parte hartu dute OuiShare sareko arduradunek, OCUk, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak, Ernst & Young Fundazioak eta Kreab komunikazio aholkularitzak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke