ES | EU


2015ko Ekaina 22


Datorren uztailaren 3an Betabeers Donostia ekimenaren lehen edizioa egingo da Donostian. Topaketa horren helburua da ezagutzak eta proiektuak partekatzea, eta zabalik dago bai garatzaileentzat eta baita ere ekintzailetza teknologikoan interesatuta dagoen edonorentzat. Beste Betabeers topaketa batzuen formatuari jarraiki, hitzaldiak, aurkezpenak eta networking-espazio bat antolatuko dituzte, baliabideak trukatzeko eta tokian tokiko enpresa ideia berriei ikusgarritasuna emateko giro informal batean.
Betabeers Donostia ekimenaren lehen edizio honetan, Artek(Lab) laborategia aurkeztuko du Dani Tiradok, laborategiaren sortzaileetako batek. Donostian kokatutako esperimentazio eta sorkuntzarako espazio ireki bat da, eta helburutzat du artea, zientzia eta teknologia gizarteratzea. Segidan, Saúl Cinterok “Cómo desarrollar una aplicación móvil y no fracasar en el intento” hitzaldia eskainiko du. Cintero MoveOn Sports Tracker proiektuaren bultzatzaileetako bat da. MoveOn Sports Tracker software libreko doako aplikazio mugikor bat da eta aukera ematen du, geoposizionamenduan oinarriturik, kirol jarduerak, ibilbideak eta entrenamenduak erregistratzeko. Betabeers Donostia ekitaldian, aplikazioaren sortzaileak komunitatearekin partekatuko du aplikazio mugikor bat merkaturatzearen esperientzia, hau da, bertatik bertara azalduko du zer ikasi duen eta zein akats egin dituen.
Bertan izango da baita ere 3D inprimagailuentzako diseinu zerbitzuak eta materialak eskaintzen dituen Plabs 3D enpresako Josu Redondo, zeinak hitzaldi praktiko bat emango baitu tresna horiek erabiliz piezak fabrikatzen irakasteko. Azkenik, BIME Hack Day 2015 topaketa aurkeztuko da, zeina urriaren 30 eta 31n egingo baita BIME jaialdiaren barruan. BIME Hack Day-k hitzaldiak eta workshopak eskainiko ditu eta baita ere aplikazioak garatzeko hackatoi bat.
Betabeers ekimena 2010ean sortu zen Madrilen programatzaile-komunitate baten ekimenez, ikusi baitzuten ez zegoela garatzaileentzako ekitaldi espezifikorik proiektu propioak, ezagutzak eta baliabideak partekatzeko. Bost urteren buruan, ideia hori 29 egoitzatara hedatu da, Bilbo eta Gasteiz barne. Topaketa horiek, hiri bakoitzeko taldeek antolatzen dituztenak, helburutzat dute orobat lankidetza sustatzea esparru desberdinetako profesionalen artean, eta beti amaitzen dira networking ekintza batekin eta garagardo baten inguruan.

Betabeers