ES | EU


2015ko Ekaina 23


Think Big lehiaketa ekintzailetzari laguntzeko UPV/EHUko Zitek programak bultzatutako ekimen bat da. Zitek programaren bidez espiritu ekintzailea sustatu nahi da ikasleen artean. Helburu horrekin, Zitek Programak Bizkaiko Campuseko ikasle guztiak animatzen ditu beren ezagutzak aplikatzera zerbitzu edo produktu berritzaileak garatzeko, beldur gabe sar daitezen ekintzailetzaren munduan.

Think Big lehiaketaren 6. edizioko sariak ekainaren 19an banatu ziren. Proposamen irabazlea Stoplines izan zen, saltokietan ordainketak egiteko aplikazio mugikor bat da, UPV/EHUko Ekonomi eta Enpresa Zientzien Fakultateko sei ikaslek aurkeztu zutena. Bigarren saria bi proposamen hauei eman zitzaien: Ikastravelling, bidaia agentzien eta ikasleen artean bitartekari-lanak egiten dituen aplikazioa eta Never too late, abenturako kiroletan zentratutako ekimena. Hirugarren saria, berriz, Quimionut-entzat izan zen, kimioterapian eta nutrizioan oinarrituriko minbiziaren kontrako terapien proiektua.
Zitek programak hainbat ekintza dauzka martxan unibertsitateko komunitatearen barruan kultura ekintzailea bultzatzeko, eta Think Big lehiaketa da horietako bat. UPV/EHUk, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BEAZek abiarazi dute programa hori, FEDER (Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsa) erakundearen laguntzarekin. Zitek programa beraizik zuzendurik dago enpresa ekimen berriak martxan jarri nahi dituzten Bizkaiko Campuseko ikasleei, titulatuei, ikerlariei edota irakasleei.
Programak bi jarduera ildo nagusi ditu: batetik, kultura ekintzailea sustatzen du, eta, bestetik, oinarri teknologikoko enpresa berritzaileak sortzeko laguntza ematen du. Zentzu horretan, Zitek-ek aholkularitza eskaintzen du teknikari eta adituen bitartez, eta merke lagatzen ditu unibertsitateko haztegiak, ekintzaileek beren proiektuak has ditzaten; hori guztia unibertsitateko komunitatearen laguntzarekin eta tutoretza prozesu baten barruan. Programa horretan sar daitezkeen ekimenak dira ikasleek, titulatuek, irakasleek edo ikerlariek Bizkaian bultzatu dituztenak, edo baita ere UPV/EHUko ikerketa taldeekin lotutako oinarri teknologikoko ideiak. Zitek programak dagoeneko 81 enpresa berri sortzen lagundu du hainbat esparrutan, dela ingeniaritzan, osasun zientzietan, zerbitzu korporatiboen sektorean, industria sortzaileenean edo informazio teknologien arloan.