ES | EU


2015ko Ekaina 11


Berrikuntza eta Teknologia Transferentziarako TKgune Fabrikazioa Sarean integratutako Lanbide Heziketako zentroek Gazteentzako ideia industrialen lehiaketa jarri dute martxan. Txapelketaren helburua da ekintzailetza industriala sustatzea eta esparru horretan zentratutako ideia eta enpresa proiektu berriak dituzten gazteak saritzea.
Lehiaketa 35 urterainoko gazteei zuzenduta dago eta bi sari banatuko ditu: enpresa industrialeko ideia onenaren saria (2.500 euro eskudirutan, 40 orduko prestakuntza, 100 orduko aholkularitza eta 300 orduz baliabide industrialak erabiltzeko aukera) eta Lanbide Heziketako ikasleen edo ikasle ohien enpresa industrialeko ideia onenaren saria. Bigarren sari horren irabazleak honako hauek jasoko ditu: 2.000 euro eskudirutan, 40 orduko prestakuntza, 50 orduko aholkularitza eta 100 orduz baliabide industrialak erabiltzeko aukera.
Ekimenaren helburua da berrikuntza ahalbidetzea ingurune industrialetan, zeren ingurune horietan beste sektore batzuetan baino zailagoa baita ekintzailetza txertatzea, azpiegitura garestiak behar direlako hasieratik bertatik. Gainera, ezinbestekoa da industria-sarearekin harremanetan egotea premiak identifikatzeko eta negozio aukera bihurtzeko. Horregatik, lehiaketaren helburua da erraztasunak ematea gazte ekintzaileei tailer, laborategi eta azpiegitura industrialetan sartzeko, betiere teknologia desberdinetako irakasle adituen laguntzarekin, eta ekintzaileen eta industriaren arteko topaleku bat sustatzea.
Proiektuak aurkezteko epea zabalik dago ekainaren 15era arte eta EAEn bizi diren ekintzaileei edo ekintzaile taldeei zuzenduta dago. Balorazio irizpide nagusiak lehiaketaren oinarrietan jasota daude: berrikuntza gradua, proposamenaren bideragarritasuna, epe laburrean enplegua sortzeko gaitasuna eta merkatu potentziala. Lehiaketak hainbat erakunderen laguntza du, hala nola Eusko Jaurlaritzarena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Elgoibarko Udalarena. Oinarriak, eskaera formularioa eta memoria teknikoa TKgune Fabrikazioa sarearen webean kontsultatu daitezke.