ES | EU


2015ko Iraila 10


Telefónica Fundazioak deialdi berri bat ireki du gazte ekintzaileei laguntzea helburu duen Think Big programan parte hartzeko. Ekimen hori 15 eta 26 urte bitarteko pertsonei zuzentzen zaie, eta parte-hartzaileek inpaktu sozial positiboa sortzen duten ideiak eta ideia horiek benetako proiektu bihurtzeko gogoa izan behar dute. Prozesuan zehar, parte-hartzaileek tutore eta profesionalen laguntza jasoko dute, ekintzailetzari buruzko prestakuntza saioak egingo dituzte eta proposamena martxan jartzeko finantzaketa ere emango zaie.

Programaren lehen faseak 6 hilabeteko iraupena du eta 300 ideia onenek, prestakuntzaz gain (presentziala eta onlinekoa), 400 euro jasoko dituzte proiektuan aurrera egiteko. Bigarren fasean 30 plaza baino ez daude; fase horrek 6 eta 8 hilabete bitarteko iraupena izango du eta parte-hartzaileek laguntza jasoko dute beren ideia proiektu sostengarri bihurtzeko. Finantzaketa aldetik, berriz, 3.000 euroraino jaso dezakete. Prozesu honen bidez antolatzaileek gazteei lagundu nahi diete bizitza profesional eta pertsonalerako baliagarriak izango zaizkien gaitasunak garatzen, gizartean inpaktu positiboa eragingo duen proiektu bat sortuz.

Think Big ekimenaren web orrian jasota daude aurreko edizioetan garatutako ideia batzuk. SchoolGo aplikazioak, ikasleen eskolarainoko garraioa antolatzeko balio duenak, dirua aurrezten eta hiriko kutsadura murrizten laguntzen du. Agora Vitae sare sozialak aukera ematen die gaixotasunen bat duten pertsonei elkarri laguntzeko taldeak sortzeko. Bluetooth Vibrating Bracelet eskumuturrekoa, berriz, entzumen arazoak dituztenentzat pentsatuta dago, zeintzuek abisuak jasotzen baitituzte sakelakoetara mezuak edo deiak iristen zaizkienean.

Irailaren 30ean eta urriaren 1ean Nafarroako Unibertsitateak Pop Up Emprendedores topaketa ostatatuko du, Telefónica Fundazioak Think Big ekimenaren deialdia aurkezteko antolatutako ekitaldia. Jardunaldiak irekiak izango dira egitaraua ezagutu eta sormenari nahiz prototipo digitalei buruzko tailerretan parte hartu nahi dutenentzat. Think Big programaren 4. ediziorako ideiak aurkezteko epea zabalik egongo da urriaren 31ra arte.