ES | EU


2015ko Otsaila 13


EAEko ekintzaile gaztez osatutako talde batek Kuaderno sortu du, ingelesa ikasteko web eta sakelakorako tresna, zeinak ehun liburu baino gehiago biltzen baititu. 5 eta 12 urte bitarteko 26.000 ikasle inguruk erabiltzen dute jadanik Bilbao Bizkaia Entrepeneur Meetup ekitaldian startup onenaren saria irabazi zuen liburutegi birtuala.


Kuaderno.com plataformak liburutegi bat eskaintzen die eskola eta familiei, adin eta ikaskuntza maila desberdinei egokitutako ingelesezko irakurketekin. Zerbitzuak onlineko 100 liburu baino gehiago ditu, eta sortzaileek handitu egin nahi dute katalogoa pixkanaka. Titulu bakoitzak ingeles natiboan grabatutako audiozko bertsio bat eta amaierako galdetegi bat ditu, irakurritakoa ulertu dela egiaztatzeko. Plataformak gainera ikasle bakoitzaren aurrerapena erregistratzen du eta aurrerapen horren txostenak egiten ditu irakasle edo familientzat.

EAEko ekintzaile gaztez osatutako talde batek sortu du ekimena, Joseba Legarreta garatzaile bizkaitarrak bultzaturik, eta asmoa izan da ingelesa ikasteko tresna sinple eta atsegin bat eskaintzea. Plataformak, ikastorduen osagarri gisa pentsatuta dagoenak, aukera ematen dio ikasle bakoitzari bere erritmoan aurrera egiteko, puntuak metatuz eta ikaskideekin irakurketak partekatuz.

Liburutegiak webean, sakelakoetan eta tabletetan ere funtzionatzen du, eta 5-12 urte bitarteko ikasleentzako liburuak eskaintzen ditu, 20 mailatan banaturik. Sistema hori eskoletan eta familietan eskaintzen da urteko tarifa baten truke, eta 2014ko irailean merkaturatu zenetik Estatu osoko 100 eskolatara hedatu da, 26.000 ikasle ingururengana iritsi delarik. Lantaldeak  asmoa du 2015ean 500 ikastetxetara iristeko eta Latinoamerikara hedatzeko.

Urtarrilaren amaieran Kuaderno.com atariak startup onenaren saria jaso zuen Bilbao Bizkaia Entrepreneur Meetup topaketan. Bilbao Bizkaia Entrepreneur Meetup negozio berritzaileak bultzatzeko ekitaldi bat da, MIT Global Startup Workshop-ek, Deustuko Unibertsitateak, UPV/EHUk, Mondragon Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen dutena.