ES | EU


2015ko Apirila 24


Madril, Aragoi, Katalunia eta Euskadiko ekonomia sozialeko erakundeek elkarrekin bultzatutako proiektu horren helburua da kalteberatasun egoeran dauden emakumeen laneratzea eta gizarteratzea sustatzea eta ekintzailetza sozialean oianrritutako prestakuntza eskaintzea. Bilbon Colaborabora erakundeak koordinatuko du Gaztaroa ekimenaren laguntzarekin.


JuntasEmprendemos kalteberatasun egoeran dauden emakumeentzako prestakuntza proiektu bat da, eta bere helburua da aholkularitza eskaintzea beren autonomia hobetzeko eta aukera berriak irekitzea ekintzaile izan daitezen ekonomia sozialaren esparruan.

Ekimen hori batera ari da garatzen lau autonomia erkidegotan: Aragoi, Madril, Katalunia eta Euskadin. REAS Aragón, Tangente, Labcoop eta Colaborabora erakundeek bultzatzen dute Red_Coop sarearen bitartez. Ekintzailetza sozial kooperatiboaren arloko prestakuntza programa bat da, zeinetan 10 saioren bidez parte-hartzaileek hainbat tresna bereganatuko baitituzte beren ezagutzak balioan jartzeko eta inguruan dituzten proiektu berriak bultzatzeko aukerak identifikatzeko.

Colaborabora erakundeko Txelu Balboak, JuntasEmprendemos ekimenaren Euskadiko koordinatzaileak esan bezala, “asmoa da emakumeen autonomia ekonomikoa handitzea, beren gaitasunak eta ezagutzak hobetzeko tresnak eskainiz”, “eta baita ere buruan duten ideia hori benetako proiektu bihurtzen lagunduko dieten ekimenak ezagutu ditzatela”. Bultzatzaileek azaldu dutenez, programak ez die enpresa ekimenak sortzen lagunduko, parte-hartzaileen jabekuntzan zentratuko baita nagusiki; “ez diegu prestakuntza teknikoa emango, ekonomia sozialaren esparruan proiektu pertsonalak egiteko behar dituzten gaitasunak garatzen lagunduko diegu, enpresak izan ala ez izan” azaldu du Txelu Balboak.

40 ordu presentzialeko prestakuntza bat da; Bilbon apirilaren 14an hasi zen eta maiatzaren 14an amaituko da. Hortik aurrera, parte-hartzaileek Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren laguntza izango dute eta 60 aholkularitza-ordu jaso ahal izango dituzte beren ekimenei jarraipena emateko (pertsona bakoitzaren premien arabera banatuko dira). Taldean profil desberdinetako 14 emakume sartu dira, horien artean daudelarik iraupen luzeko langabetuak, 45 urte baino gehiagoko emakumeak eta etorkinak. Antolatzaileek laneratze eta gizarteratze arloko Gaztaroa erakundearen laguntza izan dute hautaketa prozesuan eta prestakuntza programan.

JuntasEmprendemos programak Europako finantzaketa jasotzen du Emakumearen Erakundeak kudeatzen duen EEA Grants funtsaren bidez.