ES | EU


2017ko Iraila 30


Iurgi Bilbao mungiarraren enpresa-proiektua 2016ko irailean jaio zen. Proiektuaren helburua da errealitate birtualaren inguruko bere ezagutza teknologikoak eskaintzea eskualdeko enpresa industrialei. Enpresa horietako gehienak matrizegintzan, mekanizatuan edo trokelgintzan dihardute. 

Berehala ohartu zen zein sektoretara zabaldu behar zuen. Izan ere, bere zerbitzuek abantaila interesgarriak dakartzate higiezinentzat, arkitektura estudioentzat, sustatzaileentzat edo barneko dekorazioko profesionalentzat, aukera ematen baitie denbora aurrezteko eta beren proiektuak modu erakargarriagoan aurkezteko. Beitxu Studios-ek showroom bat dauka Mungian –azken belaunaldiko ekipo informatikoekin eta errealitate birtualeko sistemekin atondutako lau espazio-, non bere teknologiaren abantailak erakusten baitizkie herritarrei eta euskal enpresei.

 

Beitxu Studios-ek neurrira eginiko konponbide teknologikoak eskaintzen ditu. Nola integratzen da teknologia problematika hain desberdinetan?

Gaur egun, bezeroen artean badauzkagu eraikitzaileak, higiezinak, dekorazio-enpresak, prestakuntza-zentroak, e.a. Beti ahalegintzen gara zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen, gure bezero bakoitzaren premiei guztiz egokitzeko. Beraz, pentsatzen dut arrakastaren giltzak direla entzuten jakitea eta bezeroa konponbidearen garapenean integratzea. Finean, eurak dira euren sektorea ongien ezagutzen dutenak eta gure zeregina da informazio hori guztia barneratzea, errealitate birtualeko murgiltze-esperientzia bihurtzeko.

 

Ia edozein enpresarentzako errealitate birtualeko aplikazioak…, badirudi futurismoaz ari garela. Nondik dator estudio hau sortzeko ideia?

Jostailutzat edo aisialdirako kontsolatzat hartzen dugu errealitate birtuala, baina komunikazio-gaitasun handia duen tresna bat da, potentzial handia duena ia edozertarako. Funtsean, esperientziak kontatzeko edo bizitzeko modu berri bat da.

Tresnaren bigarren maila serioago hori erakusteko showroom bat jarri genuen Mungian (Mastibarrena, 4), eta espazio hori baliatzen dugu jendea pixkanaka “kontzientziatzeko”, ikus dezan teknologia honek erabilpen asko izan ditzakeela. Espazio horrek aukera eman digu bertara erakartzeko errealitate birtuala erabili nahi duten enpresak, eta aholkulari teknologiko eta horrelako edukien hornitzaile dihardugu enpresa horientzat.

 

Badago profil zehatzik zuen zerbitzuetara jotzen duten bezero edota enpresen artean?

Mota guztietako jendea etortzen da showroom-era: jolasera datozen haurrak (urtebetetzeak ere antolatzen ditugu), margotu edo modelatu nahi duten gazteak, eta baita pertsona nagusiak ere, horietako batzuk munduan zehar bidaiatzen baitute Google Earth VR erabiliz.

Bestalde, eraikuntzaren sektoreko enpresak dira teknologia hau erabiltzeko interes handiena dutenak, abantaila handiak eskaintzen baitizkie. Eraikitzaileak, sustatzaileak, higiezinak, arkitektoak, diseinu eta dekorazio-enpresak… horiek dira adibide argienak, baina beste sektore batzuek ere interesa agertu dute, hala nola industriak, turismoak edo osasunak.

 

Errealitate birtuala ezinbesteko teknologia bihurtuko da hemendik aurrera gure bizitzetan?

Errealitate birtualak eta dagoeneko existitzen diren beste hainbat teknologiak gauza askoren egiteko moduak aldatuko dituzte. Ikus-entzunezkoen kontsumoak –pelikulak eta bideojokoak-, hezkuntzak, komunikazioak, Internetek, erosketek, sare sozialek… guztiek eboluzionatuko dute teknologiak aurrera egin ahala. Nolanahi ere, uste dut teknologia honek heldutasun-maila handiagoa behar duela erabilpen masifikatua izango badu (kostuak merkatzea eta eduki gehiago sortzea falta zaio).

 

Hain aldakorra den industria honetan, nola ikusten duzu Beitxu Studios 5 urte barru?

Beitxu Studios-en neurrira eginiko komunikazio konponbideak garatzen ditugu, azken teknologiak baliatuz. Gaur egun, errealitate birtualerako murgiltze-edukiak sortzen ari gara enpresa eta markentzat, baina ez ditugu alde batera utzi existitzen diren edo etorriko diren beste teknologia batzuk. Teknologia abiadura bizian doa aurrera, ezinezkoa da jakitea nolakoa izango den enpresa baten etorkizuna bost urte barru. Gu, behinik behin, saiatuko gara eboluzionatzen, gure zerbitzuak hobetuz teknologiak eboluzionatzen duen neurrian.

 

Zeintzuk dira etorkizuneko erronka nagusiak?

Gure helburu nagusia da bezero-zorroa handitzea eta zerbitzua sektore gehiagotara zabaltzea. Gaur egun, eraikuntza eta industria sektoreetako enpresentzat lan egiten dugu, baina turismo eta osasun arlokoetan ere sartu nahi dugu.

 

Ekintzaile zaren aldetik, uste duzu horrelako proiektuentzat ematen diren laguntzak nahikoa direla?

Ekintzaile batentzat laguntza guztiak dira onak (bai dirua eta bai prestakuntza), lagungarri direlako proiektuari hasierako bultzada emateko. Gaur egun, laguntza asko daude, bai publikoak eta bai pribatuak, baina asko ez dira bateragarriak, eta zaila da norbere premiari ongien egokitzen zaiona aurkitzea.

 

+info: www.beitxustudios.eus

Baita ere: http://www.spri.eus/eu/euskadinnova/errealitate-birtuala-industria-prozesuen-eraginkortasuna-hobetzeko