ES | EU


2015ko Uztaila 03


Laster hasiko da BBVA Ibilbidearen 30. edizioa. Uztailaren 25ean 17 eta 18 urteko 176 gaztek bidaia bat egingo dute Espainian eta Kolonbian barrena. Bidaia horrek hezkuntza, kultur trukea eta ekintzailetza konbinatzen ditu, Ekintzailetza Sozialeko Programa baita ibilbidearen ardatzetako bat. 35 eguneko espedizio horretan, hautatutako gazteek 28 ekintzailetza proiektu sostengarri garatu behar dituzte, bai arlo sozial eta ekonomikoan eta baita ere ingurumenaren arloan.

Aurten programa Initland sistemaren, hots, Init Taldeko ekintzailetza zentroen laguntzarekin garatuko da, eta arlo sozialarekin lotutako lau erronkarekin abiatu zen: Ingurumen Sostengarritasuna, Osasuna, Ekonomia Kolaboratiboa eta Ikaskuntzako Eredu Berriak. Jasotako proposamenen artean 28 ekimen aukeratu ziren eta parte-hartzaileek taldeka garatu beharko dituzte ibilbidean zehar. Gazteek era askotako ideiak aurkeztu zituzten: IKTen erabilpen sortzailea hezkuntzan, zaborrak kudeatzeko sistema berritzaileak, mugikortasun murriztua duten pertsonek errazago bidaiatzeko proiektuak, e.a.

Bidaian zehar, BBVA Ibilbideak eta Initland-ek prestakuntza programa bat eskainiko dute; hala, zazpi tailerren bidez gazte-taldeek Lean Startup metodologian oinarritutako ekintzailetza sozialeko giltzarriak ezagutuko dituzte. Edukien artean daude benetako arazo sozialak konpontzeko proiektuen orientazioa, balizko bezeroen analisia eta, besteak beste, ekonomian nahiz ingurumenean sostengarritasuna lortzeko estrategiak. “Helburua da merkatuaren ikuspegitik lan egitea, parte-hartzaileek mundura begiratu dezaten eta gai izan daitezen munduak eskaintzen dituen erronkak detektatzeko” azaldu du Paula Jaureguibeitiak, Initland-eko proiektu zuzendariak.

Horrekin batera, Init enpresako lantaldeak tutoretza pertsonalizatua emango dio talde bakoitzari; arlo sozialean esperientzia duten eta BBVAren Momentum Project programako partaide diren bederatzi enpresaren laguntza ere jasoko dute. Horietako bat da Bizkaiko BioService erakundea, berriro erabiliko diren hondakinen bilketan espezializatutako enpresa eta ezgaitasunak dituzten pertsonei lana ematen diena.

“Ikastea da helburu nagusia” azaldu du Paula Jaureguibeitiak, “baina horrekin batera ekintzailetza sozialaren hazia elikatu nahi dugu eta prestakuntza eskaini, gazteak etorkizunean ekintzaile bihurtu daitezen”. Ibilbidearen amaieran, proiektu irabazlea hautatuko dute, zeinak hazi kapitala jasoko baitu garatzen jarraitzeko. Gainera, aukera izango du BBVAk Momentum Project programaren markoan antolatutako Social Investment Day topaketan aurkezteko.

Initland-ek BBVA Ibilbideko Ekintzailetza Sozialeko Programan parte hartuko du