ES | EU


2015ko Maiatza 05


Ashoka ekintzaile sozialen sareak eta Ipsen enpresak “Impacto Salud” programa abiarazi dute,  osasun arretaren kalitatea hobetuko duten proiektuak azkartzeko, bereziki onkologiaren arloan. 5 ekimen berritzaileenak hautatuko dira programan parte hartzeko eta irabazleak 7.000 euro irabaziko ditu enpresa garatzeko.

Impacto Salud ekimenak pazienteen bizi-kalitatea eta osasun arreta hobetzeko konponbide berriak bultzatzen ditu, arreta berezia eskainiz onkologiari. Ashoka sareak eta Ipsen farmazeutika frantsesak elkarrekin jarri dute martxan programa hau, zeinak azelerazio eta tutoretza prozesu indibidualizatua eskainiko baitu hautatutako ekimenek negozio eredu sostengarri bat garatu dezaten. Programa amaitzean, proiektu onenak Impacto Salud 2015 saria jasoko du, 7.000 eurokoa.

Izena emateko epea zabalik egongo da ekainaren 30era arte Ashoka sarearen Historias de Cambio web orrian. Epaimahai espezializatu batek bost ekimen onenak aukeratuko ditu eta horretarako kontuan hartuko ditu ekimenaren inpaktu soziala, bideragarritasuna, eskalatzeko potentziala eta ideiaren izaera berritzailea. Deialdia Espainia eta Portugaleko ekintzaile sozialei zuzentzen zaie.

Hautatutako ekimenak prestakuntza programa batean sartuko dira, zeinak hiruna eguneko bi modulu izango baititu eta aurtengo irailean eta urrian egingo baita. Horrez gain, bost finalistek jarraipen pertsonalizatua izango dute denbora horretan, negozio-eredu bideragarri bat egituratzeko eta ideiaren inpaktu soziala neurtzeko aukera ematen duten metodologiak ikasteko. Prozesu horren ondoren, “Impacto Salud” programako epaimahaiak proiektu irabazlea aukeratuko du eta azaroaren 16an jakinaraziko da.

“Impacto Salud” programa Ashoka sarearen barruko programa bat da, eta helburutzat dauka ekintzailetza soziala sustatzea osasunaren esparruan. Zentzu horretan, sareak martxan dauka baita ere Making More Health lehiaketa, 16 eta 24 urte bitarteko ekintzaile gazteei zuzendua. Apirilaren erdi aldera aukeratu ziren azken edizioko 10 konponbide onenak, Ashoka sarearen laguntza jasoko dutenak.