ES | EU


2015ko Maiatza 07


Toribio Echevarria sariketaren XXV. edizioak baditu irabazleak. Enpresa Ideia/Proiektu kategorian Deneb Medical enpresak irabazi du sari nagusia, zeina laser teknologian oinarritutako kirurgia konponbideen garapenean espezializaturik baitago. Hapiick Intelligent Delivery startup-ak Enpresa Berriaren Saria irabazi du onlineko erosketentzako entrega-puntuak eskaintzen dituen bere logistika zerbitzuagatik.

Deneb Medical startup gipuzkoarrak laser teknologian oinarritutako konponbide mediko berritzaileak garatzen ditu. Teknologi eta ikerketa zentroekin lankidetzan aritu ondoren, ehunak denbora errealean diskriminatzeko gai den plataforma kirurgiko bat sortu du, eta hala, aurrera doa kirurgia ez kaltegarri eta unibertsalki irisgarriranzko bidean. Deneb Medical enpresa aurtengo apirilean sartu da SPRIk kudeatzen duen Basque Fondo laguntza programan eta orain Enpresa Ideia/Proiektu Onenaren Saria eskuratu du Toribio Echevarria sariketa ospetsuaren azken edizioan.

Enpresa Berrien kategorian, Hapiick Intelligent Delivery enpresak jaso du sari nagusia. Logistika zerbitzu horrek entrega puntuz osatutako sare bat sortu du Internet bidez egiten diren erosketak banatzeko. Konpainiak armairu automatizatuak jarri ditu hainbat hiritako toki estrategikoetan. Aplikazio mugikor baten bidez kudeatu daitezke eta erabiltzaileek bertan jaso ditzakete edozein enpresari online eginiko erosketak; hala, ordutegi malguagoak, segurtasuna eta erosotasuna eskaintzen ditu. Hapiick enpresak 18 jasotze puntu dauzka EAEko 12 udalerritako merkataritza zentroetan, eta 2018rako 600 terminal izan nahi ditu Espainia osoan eta Portugalen.

Toribio Echevarria sariketaren XXV. edizioan bi enpresak jaso dute proiektu teknologiko onenen saria: InfectoScan, bakteriek eragindako infekzioen detekzio zehatzean espezializatua eta Idon Systems, kirol ekitaldietarako RFID teknologian oinarritutako kronometraje sistemen diseinuan eta fabrikazioan zentratua. Nazioartekotze Saria Vitia konpainia donostiarrak irabazi du, zeinak errehabilitazio traumatologiko eta neurologikorako eta kirol errehabilitaziorako sistemak garatzen baititu.

Toribio Echevarria Sariak apirilaren 29an banatu ziren Eibarko Coliseo antzokian. Eibarko Udalak eta Bic Gipuzkoa Berrilan zentroak 1990ean sortu zuten sariketa, probintziako enpresa ekimen berritzaileenak eta hazkunde potentzial handiena dutenak bultzatzeko. Azken 25 urteotan saritutako proiektuek 695 lanpostu berri sortu dituzte eta 34,5 milioi euroko inbertsioa eragin dute.