ES | EU


2015ko Iraila 08


Arabako Optimus 3D startup-a Europako Fiware programaren FABulous azeleragailuaren lehen fasean sartu da, eta horri esker finantzaketa eta laguntza lortu ditu Medicomverter proiektu berritzailea garatzen hasteko. Ekimen horrekin software bat sortuko du, zeinak TAC eta antzeko proba medikoetatik ateratako datuak erabiliko baititu 3D inprimagailuetarako diseinu optimizatuak egiteko. Hala, protesiak fabrikatzeko prozesua izugarri azkartuko da, eta gainera ingeniaritza kostuak nabarmen murriztuko dira.

“Datu medikoak tratatzeko softwarea oso garestia izaten da, eta gabeziak ditu” azaldu du Fernando Oharriz, Optimus 3D enpresako fundatzaileak “guk garatu nahi dugun softwarearekin erresonantzia magnetiko edo eskaner bateko datuak protesi mediko bilakatuko ditugu eta bilakaera hori azkartuko dugu”. Arabako startup-eko lantaldeak dioenez, irudi medikoak artxibo inprimagarri bihurtzeko egungo programek urteko 18.000 eurorainoko kostua izan dezakete, eta, beraz, pieza medikoak produzitu nahi dituzten enpresa askorentzat ezinezkoa da sektore horretan sartzea. Optimus 3D enpresaren helburu nagusia da Medicomverter garatzea, batez ere prozesu propioetan erabiltzeko eta lehen bertsio ireki bat eskaini ahal izateko. Dena den, etorkizunean baliteke balio erantsiko bertsio zabalagoak merkaturatzea. Softwarea garatzeko, Fiware programak sortu duen API plataforma irekia erabiliko dute.

FABulous Fiware programako azeleragailuetako bat da, eta 3D inprimaketa proiektuen sustapenean espezializaturik dago. Aurtengo udan Medicomverter programa aukeratu du laguntza prozesuaren lehen fasean parte hartzeko, zeinaren bidez 18.000 euroko finantzaketa jasoko baitu softwarea garatzeko. Europar Batasunak bultzatzen du Fiware programa IKT arloko produktu, aplikazio eta zerbitzu berritzaileak sortzeko Fiware plataforma irekiaren bitartez.  Plataforma hori Europako enpresa teknologiko garrantzitsuenen laguntzaz sortu da.

Optimus 3D startup-a enpresa berritzaileen CEiA haztegian kokatuta dago. Duela 2 urte sortu zen eta fabrikazio gehigarriko teknologiak erabiltzen ditu prototipoak eta piezak diseinatzeko eta inprimatzeko, bai sektore medikorako eta baita ere sektore aeroespazialerako, industriarako eta automoziorako