ES | EU


2017ko Uztaila 11


Europako Batzordearen SEP Monitor azterketa berriak baieztatu du Europako finantzaketa jasotzen duten startupen %37 Britainia Handikoak direla. Txostenak Ticketbis euskal konpainia eta Kataluniako Social Point startupa nabarmendu ditu, Estatu Batuetako konpainiei eginiko salmenta operazioengatik

Dokumentuak berretsi du Erresuma Batua dela erabateko liderra. Gauzak horrela, gero eta kezka handiagoa dago Brexit-ak ekosistema horretan eragin dezaken inpaktuagatik. Britainiarren eta gainerakoen arteko eten handi horren arrazoia berez ikusten da Britainia Handiko gobernuak ekonomia berrian egin duen inbertsioa aztertuta. Erresuma Batuak IKTetan egiten duen inbertsioa BPGaren %0,71koa da, Europa hegoaldeko herrialdeek baino sei aldiz handiagoa (%0,12).

 

 

Azterlanak erreferentziatzat hartzen du proiektuen eskalagarritasuna (scaleup). Scaleup-ak dira halako heltze-fase batera iritsi diren startupak, heldutasun-maila hori neurtzeko kontuan hartzen delarik gutxienez milioi bat dolarreko kapitala (887.000 euro ingurukoa) eskuratzeko duten gaitasuna. Horrelako 4.200 startup inguru daude Europan, 2016ko abenduko datuen arabera. Baina Brexit-aren efektuak deskontatuz gero, azterlanak dio kopuru hori 2.540 enpresara jaitsiko dela. Lortutako inbertsioak ere bide bera hartuko du: 48.830 milioitik 31.428 milioi eurora jaitsiko da.

 

 

Espainiako egoera

Espainia bosgarren postuan dago Europako ekosistemen top 20 zerrendan. 2.000 milioi eurotik gorako inbertsioa lortu da 207 enpresaren artean. Bolumena ere hazi egin da; hala, 2016an %20ko igoera lortu zen finantzaketan eta startup helduen kopuruan. Hazkunde hori Frantzian eman denaren berdina da, eta eszena teknologikoan ekosistema helduagoak dituzten Alemaniak edo Erresuma Batuak izan dutena baino handiagoa.

Espainiako eta Erresuma Batuko estatistikak konparatuz gero, ikusten da sekulako amildegia dagoela. Espainiako inbertsioa 10 aldiz txikiagoa da, eta enpresa kopurua, berriz, zazpi aldiz txikiagoa. Hau da, Britainia Handian askoz startup heldu gehiago daude Espainian baino eta, gainera, batez beste diru gehiago biltzen dute.

Scaleup kopurua alderatzen bada inbertitutako kapitala eta demografia kontuan hartuta, Espainia oso leku txarrean gelditzen da. Parametro hori funtsezkoa da, aukera ematen baitu jakiteko nola funtzionatzen ari den ekosistema, horretarako konparatuz herrialdearen tamaina, konpainia kopurua eta lortzen duten inbertsioa. Txostenean bildutako datuek ez dute zalantzarik uzten: Espainia zerrendaren behean dago, eta Polonia, Italia edo Austria baino ez ditu atzetik.

 

 

Espezializazioa herrialdeka

Batzordearen txostenak dio Europako startupentzat hauexek direla sektore indartsuenak: eCommerce, Fintech eta bideo-jokoak. Baina banaketa ez da homogeneoa sektoreka. eCommerce aplikazioak nagusi dira Erresuma Batuan, non ekosistemaren %22 hartzen baitute. Erdialdeko Europa Fintech sektorean espezializatu da. Iparraldea bideo-jokoetan. Hegoaldea, aldiz, modan espezializatu da, baina Espainia, Europa hegoaldean egon arren, joera horretatik kanpo dago, bere sei konpainia onenetako bat ere ez baita sektore horretakoa.

 

 

Adibide arrakastatsuak

Espainiako Estatuak sei lider dauzka bere startupen artean, 100 milioi dolarreko inbertsioak eskuratu ditzaketen sei konpainia, alegia. Edreams Odigeo, Privalia, Letgo, Cabify, Alien Vault eta Scytl dira. Scaler kopuruari dagokionez, bosgarren postuan dago Suediaren (7), Frantziaren (11), Alemaniaren (15) eta Erresuma Batuaren (29) atzetik. Ekosistema azeleratzeari dagokionez (funtsezko parametroa etorkizunari begira), berriz, Espainia zerrendaren erdi inguruan dago, azken urtean %20ko hazkundea izan duelarik. Portugal da Europa mailan startupen panorama gehien ustiatzen ari den herrialdea, eta %40ko hazkundea izan du bakarrik azken urtean.

Herrialdea gorabehera, txostenak diagnostiko argi bat egin du: kasu arrakastatsu –saltzea edo burtsara ateratzea- gutxi daude startup heldu horien artean. Eta Estatu Batuek erosten dituzte arrakastatsuenak. Horixe gertatu da Espainian, historiako bi exit kasurik handienekin: Ticketbis euskal konpainia, zeina 150 milioi euroren truke erosi baitzuen Ebay enpresaren filial batek; eta Social Point enpresa katalana, Take Two estatubatuarrak erosi zuena 250 milioi eurogatik.

Azterlanak ondorio argiak atera ditu. Europako startupen %2 bakarrik ateratzen dira burtsara. Gainera, handienak –ia erdia (%45)- Estatu Batuetan ateratzen dira, han erakartzen duten kapitala kontinente zaharrekoa baino sei aldiz handiagoa delako. “IPOek —konpainia pribatu bat lehen aldiz burtsara ateratzea—, hazteko kapitala emateaz gain, exit aukera ematen die arrisku kapitaleko funtsei. Exit horiek gabe, arrisku kapitaleko funtsak urpera joan daitezke”. Eta are gehiago, Erresuma Baturik gabeko Europa batean. 

Info +: www.mindthebridge.com/portfolio/sep-monitor-scaleup-europe