ES | EU


2017ko Uztaila 28


Estatuan gero eta gehiago dira finantzaketa alternatiboaren arloan lan egiten duten enpresak, halere Espainia Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko kopuruetatik oso urrun dago. Zenbait ekintzailek finantzaketa alternatiboko konpainien babesean ekiten diote beren enpresa arloko bideari. Espainian badaude hainbat adibide, baina ez da gomendatzen lehen aukera gisa. 

Cambridge Unibertsitateak finantzaketa alternatiboari buruzko txosten bat egin du, non esaten baitu Espainiak bide luzea duela egiteko sektore horretan:

2015eko azterlan horren arabera, finantzaketa alternatiboak 50 milioi euro sortu zituen. Iaz, crowdfunding finantzaketa mota horrek 100 milioi euroak gainditu zituen lehen aldiz Espainian (113 milioiraino iritsi baitzen), “Universo Crowdfunding” aholkularitzak eginiko azterlan baten arabera. Mailegu plataformen esanetan, kopuru “esanguratsua” da, handia izateaz gain, “erakusten duelako datozen urteetan indartsu hazten jarraituko duela”.

Datu horiek Erresuma Batukoekin alderatuz gero, aldea nabarmena da, Erresuma Batuko kopurua 4.300 milioi eurotik gorakoa baita. Gauza bera gertatzen da Estatu Batuekin, non 19.000 milioi inguru finantzatzen baitira crowdfunding-aren bitartez. Europa mailan, Frantzia, Suedia, Holanda edo Estonia ohituago daude finantzaketa mota horrekin, eta maizago jotzen dute sektore horretara.

 

19 sozietate Estatuan

Gaur egun, finantzaketa parte-hartzaileko 19 plataforma (FPP) daude Estatuan, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionaleko erregistroen arabera. Horrelako tresnak sortzeko araudia 2015eko apirilean sartu zen indarrean, eta urte hartan bertan onartu zen Burtsa Soziala, aipatu araudiak onartu zuen lehena. Horrelako plataforma bat abian jartzeko, gutxienez 60.000 euroko kapital soziala behar da. Bestalde, sozietateek erantzukizun zibil profesionaleko aseguru bat, abal bat edo antzeko garantiaren bat eduki behar dute –urtean gutxienez 300.000 euroko estaldura duena kalteen erreklamazioetarako, eta 400.000 eurokoa, guztira, erreklamazio guztietarako-, horren bidez aurre egiteko gerta daitekeen edozein negligentziari. Hainbat motatako FPPak daude. Alde nagusia da batzuetan enpresek kapital bezala jasotzen dutela inbertsioa eta beste batzuetan, aldiz, mailegu kolektiboak ematen zaizkiela.

 

Mikro-finantzaketa motak

Mikro-finantzaketaren irudi klasikoa da funtsak behar dituen proiektu txiki bat edo ideia sozial bat, zeinak jendearengana jotzen baitu behar duen dirua lortzeko. Baina badira crowdfunding modalitate gehiago. Eta ideia horrek hainbat bertsio ditu, denak ere partikularren ekarpenetan oinarritzen direnak; adibidez, plataforma batzuek dirua biltzen dute inbertsioetarako edo maileguetarako, banku tradizionalen antzera. Azken bi horiek –lehenengoak ez bezala- Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (CNMV) baimena behar dute 2015eko maiatzaz geroztik.

Einicia.es izan da negozio horretan sartu den azken startupetako bat. Duela urtebete gehiago zentratzen zen ongintzan eta irabazi asmorik gabeko ekimenetan, adibidez, umezurztegi bat eraiki zuen Sierra Leonan. Baina aurtengo otsailean zabaldu egin du bere jarduera, eta crowdfunding mota guztiak eskaintzen hasi da. “Gaur egungo finantza sistemak ez du inongo interesik bi milioi euro baino gutxiagoko inbertsioak babesteko. Ikusi genuen bazegoela premia hori, eta horregatik erabaki genuen enpresa handitzea” azaldu du María Garcíak, www.Enicia.es enpresako proiektuen zuzendariak.

Bankuek paper garrantzitsua dute dirua mailegatzeko ekosistema horretan. Mikro-maileguetan gailentzeko borrokan sartu beharrean, banku-patronalak erabaki du adostasun batera iristea plataforma berri horiekin, nahiz eta Espainiako Banka Elkarteak (AEB) argudiatzen duen horrelako plataforma berriek ez dituztela deposituak atzematen eta ez dutela esperientziarik arriskuaren kudeaketan. Crowdfunding plataformak osagarri bat dira bankuentzat, eta gainera bezeroak asetzera motibatzen dituzte mekanismo berriak erabiliz, adibidez digitalak. Finantza arloko zenbait konpainia gero eta interesatuago daude horrelako metodo esperimentaletan, beste ikuspegi bat dutenetan.

 

Ekintzaileentzako tresna

Krisialdia eta kreditu gabezia kolpe gogorrak izan ziren finantzaketa alternatiboaren hastapenetan, eta zalantzak sortu zituen proiektuak martxan jartzeko inbertsioak behar zituztenen artean. Mesfidantza hori desagertu egin da pixkanaka, eta horrela iritsi dira startupak sektore horretara. Finantzaketa errondek txoko bat sortu dute enpresa berrientzat. Bankuek eta inbertsio fondoek estaltzen ez zuten txoko bat. Beste tresna bat da, ekintzaileek hautatu dezaten, bi zentzuetan.

Cambridge Unibertsitatearen txostenak hainbat argibide eman ditu azaltzeko zergatik kosta zaion sektoreari martxan jartzea Espainian. Araudi aldaketak, plataformek jasandako porrotak eta kanpainetako edo maileguetako iruzurrak dira sektorearen hazkundean eragin negatiboena duten hiru faktoreak.

 

Argibide gehiagorako:

Enpresen Finantzaketa Sustatzeko Legea:
https://www.boe.es/boe/dias/2015/04/28/pdfs/BOE-A-2015-4607.pdf

Finantzaketa Parte-hartzaileko Plataformak:
https://www.cnmv.es/portal/consultas/Plataforma/Financiacion-Participativa-Listado.aspx

Gai honekin zerikusia duten eta UP-Euskadin argitaratuta dauden beste eduki batzuk:
http://www.spri.eus/es/up-euskadi/?b=crowdfunding