ES | EU


2015ko Ekaina 10


Crowdfunding-a asko hedatu da azken urteotan era guztietako proiektu kultural, teknologiko eta sozialak finantzatzeko bide bezala. Kickstarter edo Indiegogo gisako espazioak oso ezagun egin dira, aukera ematen dutelako hainbat proiektu berritzaile abiarazteko, bestela seguru asko posible izango ez liratekeenak. Gaur egun 80tik gora crowdfunding plataforma daude bakarrik Estatuan. Hala ere, ez da erraza horrelako kanpaina bat abian jartzea. Ez da nahikoa proiektua argitaratzea eta jendeak lagundu zain geratzea, eta arrakasta ez dago bermatuta: ekimenen %50-60k bakarrik lortzen dute finantzatzeko behar duten dirua biltzea.

Francesc Balagué ekintzaileak argitaratutako Crowdfunding Sherpas liburuak -online eta dohainik eskuratu daitekeenak Creative Commons lizentziapean- helburutzat du horrelako finantzaketa modua probatu nahi duten pertsona eta taldeei laguntzea. Gida horrek hainbat informazio biltzen du kontuan hartu beharreko faseei buruz, hala nola helburuak, estrategiak, hedapena eta ordainsariak, eta horrelako kanpaina bat martxan jarri duten aditu eta pertsonen aholkuak ere bai.
Valentí Acconcia aholkulariaren arabera, porrot gehienak arrazoi hauengatik gertatzen dira: gehiegizko helburu bat planteatzea, proiektua gaizki komunikatzea edo uste izatea crowdfunding-ak bakarrik funtzionatzen duela kanpaina Interneten argitaratzen denean. Judith Mata Las campañas de crowdfunding, su eficacia en proyectos lucrativos y causas sociales tesiaren egileak dioenez, bada funtsezko elementu bat arrakasta lortzeko: “proiektuak benetan konektatu behar du komunitatearekin”. Crowdfunding Sherpas liburuan Mataren tesian oinarritutako dekalogo bat dago, non mota horretako kanpaina bat egiteko puntu garrantzitsuenak jasotzen baitira. Finantzaketa errealista bat izatea, ordainsari erakargarriak eskaintzea, kanpainan zehar eguneraketak egitea eta offlineko hedapenaren indarra ez gutxiestea, adibidez.
Argitalpenak metodo honekin finantzatutako proiektuen esperientziak jaso ditu hainbat elkarrizketaren bidez, esaterako El Cosmonauta pelikula, crowdfunding bidez finantzatu zen lehen film luzea, Makerspace Madrid erakundearen Maker Biziraupen Eskuliburua, Bendito Machine animaziozko telesaila edota ICTINEU 3 tripulatutako urpekari zientifikoa, zeinak ia 61.000 euro bildu baitzituen 40 egunetan.