ES | EU


2016ko Urtarrila 27


2016ko urtarrilaren 25a. BBD BioPhenix – Biobide enpresak (Bionaturis Taldean integratua) kontratu bat sinatu du berriki Estatu Batuetako osasun institutu nazionaletako batekin, hain zuzen, Ingurumen Osasuneko Institutu Nazionalarekin (NIH-NIEHS). Kontratu horren bidez, zebra-arrainaren enbrioiak erabiliko dituzte orain arte potentzial toxikologiko ezezaguna zuten hainbat konposatu kimikorekiko esposizioak izan dezakeen inpaktua neurtzeko. Biobide enpresak zebra-arrainean oinarritutako zerbitzuak eskaintzen ditu eremu pre-klinikorako, nagusiki toxikologia eta eraginkortasun esparruetarako, esan nahi baita sasoiz detektatzen dituela efektu kaltegarriak, Laborategiko Jardunbide Egokiei (LJE) jarraiki.

 

Biobide enpresak zebra-arrain enbrioien bio-disponibilitatea eta toxikotasuna ebaluatuko ditu efektu kaltegarri potentzialak dituzten 30 konposaturekin kontaktuan egon ondoren. Ebaluazio horrek jomuga-organo askori buruzko informazio esanguratsua emango du Laborategiko Jardunbide Egokien markoan.

 

Biobide enpresak eta Estatu Batuetako osasun publikoko erakunde garrantzitsuenetako batek (NIH) sinatu duten akordio hau urtetako prestakuntza eta azterketen emaitza da. Biobide mundu mailako erreferentzia da zebra-arrainarekin lan egiten duten zentroen artean. “Kontratu hau oso garrantzitsua da, bidea ireki dezakeelako etorkizunean ere erakunde ospetsu horrekin kolaboratzeko” adierazi du Arantza Murianak, konpainiako I+Gren Kudeaketako zuzendariak.

 

Biobide eta NIH-NIEHS erakundeen arteko lankidetza iaz hasi zen. Proiektu bat garatu zuten elkarrekin, normalean etxeetan ditugun suaren aurkako hainbat konposaturen toxikotasuna aztertzeko, esaterako, tresneria, alfonbra eta altzariena, kontuan hartu behar baita pertsonak, eta are garrantzitsuagoa dena, adin txikiko haurrak ere maiz egoten direla halakoekin kontaktuan. Proiektu hartan zebra-arraina erabili zuten konposatuen toxikotasuna ebaluatzeko eredu gisa, oso moldaerraza baita. Entseguaren helburu nagusia zen substantzia horien erabilera murriztea edo prebenitzea, etxeak seguruagoak eta osasungarriagoak izan zitezen. Eredu horri jarraiki, honako alderdi hauek aztertu zituzten suaren aurkako 10 konposatutan (hiru familiatakoak): teratogenikotasuna (fetoaren garapeneko malformazioak haurdun dauden emakumeetan), bihotzerako toxikotasuna, gibelerako toxikotasuna eta portaeraren alterazioak.

 

Aztertutako konposatu horietako batzuk suaren aurkako beste batzuen ordez erabiltzen ari dira, debekatuta baitaude AEBetan eta Europan, toxikoak direlako. Entseguaren emaitzek erakutsi zutenez, ordezko konposatu horietako batzuk ere badituzte efektu kaltegarri potentzialak, beraz, berriro aztertu beharko dituzte.

 

Celia Quevedo, Biobide enpresako Ikerketa zuzendariak berriki aurkeztu ditu entseguaren emaitzak European Teratology Society elkartearen urteroko 43. bileran (Amsterdam), “Toxicity profiling of flame retardants in zebrafish embryos using a battery of assays for teratogenicity, behavior, cardiotoxicity, and hepatotoxicity” izeneko mintegian.

 

NIEHSi buruz

Ingurumen Osasuneko Institutu Nazionala (NIEHS), Research Triangle Park zentroan  kokatuta dago, Ipar Karolinan, eta Osasun Institutu Nazionala osatzen duten 27 erakunde eta zentroetako bat da. NIEHS-n garatzen da Toxikologiako Programa Nazionala (NTP ingelesez); osasun arloko erakunde arteko programa bat da, ingurumeneko substantziak neurtzen eta ebaluatzen dituena. Toxikologiako Programa Nazionalaren zati bat NIEHSren ardurapekoa denez,  sozietate bat sortu zen “Toxikologia XXI. mendean” edo “Tox21” izeneko programaren inguruan U.S. EPA, U.S. FDA eta NIH-National Center for Advancing Translational Sciences erakundeekin batera. Sozietate horren helburua zen teknologia berritzaileak toxikologiari aplikatzea, batetik, Programa Nazionalaren (NTP) gaitasun zientifikoa osatu eta zabaltzeko, eta bestetik, ingurumen-esposizioekin eta esposizio kimikoekin lotutako osasun arazoak identifikatu eta ezagutzeko.

 

BBD BioPhenix-Biobide enpresari buruz

BBD BioPhenix-Biobide konpainia bio-teknologiko bat da. Neurrira eginiko konponbideak garatzen laguntzen die mundu osoko bezeroei, I+Gko produktibitatea handitzeko eta Drug Discovery prozesuaren arriskuak murrizteko. Zebra-arraina erabiltzen dute animalia eredu gisa, eta, harekin batera, baita ere zenbait tresna berritzaile, enpresaren I+G+B-ri balioa ematen diotenak, bereziki eremu pre-klinikoan (toxikologia, segurtasuna eta eraginkortasuna).

 

www.biobide.es

www.bionaturis.com