ES | EU


2015ko Otsaila 20


Otsailaren 27an Betabeers Bilbao topaketen edizio berri bat antolatuko da. Teknologiaz eta startup-ez hitz egiteko hitzordu bat da, garatzaileei, profil teknikoen arloko profesionalei eta ekintzaileei zuzenduta dagoena. Ekitaldiko egitarauak bere baitan hartzen ditu Big Dataren hastapenei buruzko hitzaldi bat, WordPress teknologiaren erabilerari buruzko beste bat eta KBI Digital proiektu haztegiaren aurkezpena.


Otsailaren 27an arratsaldez (ostirala), Betabeers Bilbao komunitateak antolatutako topaketa bat egingo da. Ekitaldi informal bat da, eta helburutzat du ezagutzak partekatzea eta sareak sortzea teknologian eta ekintzailetzan interesaturiko pertsonen artean. Aurreko edizioetan bezala, programak bere baitan hartzen ditu hitzaldi espazio bat, proiektu berrien aurkezpen laburrak, eta  networking saio bat garagardo batzuen inguruan.

Parte-hartzaileetako bat Xabier Tranche da, proiektu digitalen eta marketinaren arloetako aditua, zeinak Big Data eta datu-base dokumentalen sarrera bat eskainiko baitu enpresa teknologikoei zuzendurik. Baita ere parte hartuko du Marcos Ramaiok eta  hainbat giltzarri emango ditu WordPress programaren errendimendua optimizatzeko webak eta blogak sortzeko orduan. Azkenik, ekintzailetza digitaleko proiektuen KBI Digital haztegia aurkeztuko dute. Haztegi hori Bilboko Matiko auzoan kokatuta dago. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin sustatzen duten espazio horren helburua da startup eta IKTekin lotutako ekimenen sorrera bultzatzea.

Estatuko hiri desberdinetako garatzaile-komunitateek bultzatzen dituzte Betabeers topaketak, eta ekintzailetzaren esparruko profil teknikoenei espazio bat emateko sortu ziren, baina zabalik daude beste esparru batzuetako (hala nola diseinuko edo social mediako) profesionalentzat ere.

Otsailaren 12an Gasteizen egin zen edizio bat Gasteizko komunitateak antolatuta, eta bertan aurkeztu ziren besteak besteTumaker, hezkuntza eta enpresa mundurako 3D inprimaketan diharduen euskal enpresa eta Airestudio, datu geo-kokatuak atzeman eta aztertzen dituena informazio baliagarri bihurtzeko.