ES | EU


2015ko Uztaila 06


18 herrialdetako 150 lagun inguruk parte hartu zuten FABulous azeleragailuak aukeratutako proiektuen aurkezpen ekitaldian, uztailaren 1ean eta 2an UPV/EHUko Bizkaia Aretoan. Azeleragailuaren lehen fasean parte hartu duten 51 ekimenek 3D inprimaketan oinarritutako prototipoak eta negozio ereduak erakutsi zituzten, programaren bigarren fasera sartu ahal izateko.

Euskaditik bultzatutako FABulous azeleragailua Fiware programa europarraren barruko 16 azeleragailuetako bat da, eta programa horren helburua da Fiware open source plataformako teknologiak erabiltzen dituzten negozio eredu berriak bultzatzea. Carsa aholkularitzak koordinatutako Euskadiko azeleragailu hau Europako startup eta ETEek 3D inprimaketaren esparruan garatzen dituzten aplikazio eta zerbitzu berriei zuzendurik dago.

Lehen fasean 51 proiektu aukeratu zituzten, horietatik bederatzi EAEko ekintzaile, startup eta ETEek sortuak. 4 hilabetez, FABulous azeleragailuak aholkularitza teknikoa, laguntza eta fondo galdurako finantzaketa eskaini dizkie lehen prototipoa garatzeko. Bilboko topaketan prozesu horren emaitzak aurkeztu zituzten; gehienez 30 proiektu sartuko dira azelerazio programaren bigarren fasean.

Francisco Bujánek, Carsa enpresako aholkulariak eta FABulous azeleragailuko koordinatzaileak, hauxe esan zuen: “aukeratutako ekimenak Interneteko teknologiak eta lainoan oinarritutako zerbitzuak dira, 3D inprimaketaren balio kateko edozein zatiri aplikatuak, hasi zerbitzuetatik eta pieza industrialen garapeneraino”. 51 prototipoen artean denetarik aurkeztu zen: pieza diseinatzaileak eta inprimaketa zerbitzuak konektatzeko lainoko marketplace sistemak, automobilgintza eta aeronautika sektoreetarako 3D fabrikazioa, hezkuntza eta kultur esparruetara zuzendutako edukiak, e.a.

Irailean jakinaraziko dituzte FABulous azeleragailuaren bigarren fasera igaroko diren proiektuak, eta bigarren fase horretan 8 hilabeteko lan programa bat egin beharko dute. “Prozesu horretan, lehen prototipotik abiatuko dira merkatutik hurbil dagoen zerbitzu bat sortzeko, eta bestalde, negozio eredua landuko dute amaierako bertsio bat lortzeko” azaldu du Francisco Bujánek. Bigarren faserako hautatutako ekintzaileek beste finantzaketa pakete bat ere jasoko dute, fondo galdura emango zaiena.

FABulous azeleragailuak 5,4 milioi euro dauzka gehienez 150 startup eta ETE finantzatzeko. Duela gutxi itxi da azelerazio programaren bigarren deialdia, eta programaren lehen fasera pasatzeko hautatutako proiektuak hilabete honen amaieran jakinaraziko dira.

Fiware Europar Batasunak bultzatutako programa bat da, 80 milioi euro bideratuko dituena hainbat herrialdetan banatutako 16 azeleragailuren bitartez. Ekimenaren azken helburua da EBk eta Europako IKT konpainia garrantzitsuenek elkarrekin sortutako Fiware plataforma teknologikoan oinarritutako zerbitzu eta aplikazio berrien sorkuntza sustatzea.

FABulous Acceleration Programme