EIT Food-ek etorkizuneko elikadura sortu nahi du

2017ko Otsaila 28,

Alimentos, imagen del portal EIT Food.
Proiektuak berrikuntza sustatuko du elikaduraren balio-kate osoan.

Euskadi Europako partzuergo horren barruan dago, zeinak 50 bazkide baititu.

 

EIT Food Innovation Marketplace komunitatean elkarrekin biltzen dira 13 herrialdetako enpresak, ikerketa zentroak eta unibertsitateak. Partzuergoaren helburua da berrikuntzak sartzea elikagaien produkzioaren balio-kate osoan, produktu osasuntsuagoak sortzeko, inpaktu ekologikoa murrizteko eta enplegua bultzatzeko sektorean. Erronka handi horiei aurre egiteko, ekonomia zirkularrean oinarritutako estrategiak aplikatuko dira, negozio-ideia berriak bultzatuko dira eta hiritarren artean ohitura aldaketak sustatuko dituzten tresna teknologikoak erabiliko dira.

 

Euskadi da bazkideetako bat, eta proiektuan parte hartzen ari da AZTI- Itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan espezializatutako zentro teknologikoaren eta Angulas Aguinaga enpresaren bitartez. Euskadik proiektuari eskainiko dizkion balore garrantzitsuenak dira: bere berrikuntza-esperientzia industrian, bioteknologian eta osasunean, eta gastronomiak eta kalitatezko elikagaiek jokatzen duten papera gure lurraldean.

 

Hona hemen partzuergoak lortu nahi dituen mugarri batzuk: 350 startup sortzea datozen zazpi urteetan, 10.000 ikasle eta profesional prestatzea eta 290 produktu eta zerbitzu berri edo hobetu garatzea 2024rako. Ingurumen sostengarritasunari dagokionez, helburua da elikaduraren sektoreko isuriak %40 murriztea 2030erako.

 

Helburu horiek erdiesteko, ekintza estrategiko zehatzak aurreikusi dira. Ekintza horiek beren baitan hartzen dituzte hezkuntzako eta prestakuntzako programak, beraizik diseinatuak arlo espezifikoetako ezagutza indartzeko, ekintzaile berriei laguntzeko sistemak eta konponbide teknologikoen garapena nutrizio osasuntsuagoa lortzeko. Hona hemen adibide batzuk: gailuak sortzea autodiagnostiko ez-inbaditzaileak egiteko edo aplikazioak sortzea dieta pertsonalizatuetarako eta ohitura osasuntsuak sustatzeko.

 

Otsailaren 22 eta 23an, Bilbok EIT Food partzuergoaren lehenengo batzar orokorra ostatatu zuen Bizkaia Aretoan eta 250etik gora profesional bildu ziren. Inaugurazio ekitaldian izan zen Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburua, Arantxa Tapia, zeinak azpimarratu baitzuen garrantzitsua dela elikaduraren sektorean berritzea, bai ikuspegi ekonomikotik eta bai sozialetik. “Lanean dihardugu kontsumitzaileek eskatzen dizkiguten premia berriei erantzuteko” esan zuen, “eta enplegua eta enpresak sortuko ditugu, aukera-nitxo horri esker hazi egin gaitezkeelako, Euskadiko ezagutza eta gaitasunak aprobetxatzen baditugu”.

 

EIT-European Institute of Innovation and Technology Europar Batasuneko organismo independente bat da, beraizik sortu dena arlo estrategiko eta espezifikoetako (hala nola, klima, energia, digitalizazioa eta osasuna) berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke