Eguzki-energia ekoizteko sistema malgu eta eraginkorra

2015ko Urtarrila 26,

imagen_spri_tecnologia

IK4-Tekniker eguzki-energiaren ekoizpena malgutasunez eta eraginkortasunez kudeatzeko sistema oso bat garatzen ari da Masermic-ekin batera. Eguzki-paneletan dauden korronte-mikroinbertsoreak kudeatzeko plataforma bat eratzea da proiektuaren muina, sistema osoaren kudeaketa adimenduna lortzeko asmoz.


Normalean, panel fotovoltaikoek sortutako eguzki-energia inbertsore batera bidaltzen da, eta honek korronte zuzena korronte alterno bihurtzen du, garraioa eraginkorragoa izan dadin.

Masermic-ek sistema hau eraldatzea erabaki zuen, eta horrela, panelak multzoka inbertsoreetara konektatuta eduki beharrean, panel fotovoltaiko bakoitzean mikroinbertsore bat (ohiko inbertsorea baino txikiagoa) jarriko litzateke, panel bakoitzean sortutako energia elektrizitate-sarean injektatzeko. Soluzio honek malgutasuna, instalazio-erraztasuna eta sortutako energiaren gaineko kontrol handiagoa dakartza, eraginkortasunaren mesedetan.

SWS500 komunikazio-pasabidearen diseinu eta garapen osoa izan da IK4-Teknikerri proiektu honetan egokitu zaion eginkizuna. Pasabide horrek, urruneko monitorizazio-interfaze baten bidez, elektrizitatea ekoizteko sistema osoaren kontrol eraginkorragoa eta espezifikoagoa ahalbidetzen du eguzki-instalazioan. Komunikazio-pasabidearen eta mikroinbertsoreen arteko komunikazioak korronte eramaileen bitartez (PLC – Power Line Communications) egiten dira.

IK4-Teknikerreko adituen iritziz, mikroinbertsorez hornitutako panel fotovoltaiko berrien instalazioaz planteatu den soluzioa oso berritzailea da, eta ziztu bizian heda liteke. Sistema honi proiektuan garatutako urrutiko kudeaketa-sistema gaineratzen bazaio, balioa dexente areagotu daiteke Masermic-erako. Soluzio honek energia fotovoltaikoko sorkuntza-instalazioen kudeaketa hobetzen lagunduko du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke