ES | EU


2017ko Martxoa 03


Lehiaketara aurkez daitezke tokiko administrazioak, autonomikoak eta Estatu mailakoak, sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarteak eta enpresa erakundeak.

 

Europako Batzordeko Barne Merkatu, Industria, Ekintzailetza eta ETEen Zuzendaritza Nagusiak dagoeneko plazaratu du Enpresen Sustapenerako Europako sariketarako 2017ko deialdia. Lehiaketan parte hartu dezakete Europar Batasuneko kide diren Estatu guztietako tokiko administrazioek, autonomikoek eta Estatu mailakoek, bai eta sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarteek eta enpresa erakundeek. Sariketaren lehen edizioa egin zenetik (2005ean), Europako Batzordeak aitorpena egiten die Europan ekintzailetza sustatzeko garatu diren ekimen, ekintza eta neurri onenei.

 

Lehiaketan bost kategoriatako sariak banatzen dira: enpresa ekimenen sustapena; lanbide heziketako inbertsioa; enpresa-ingurunearen hobekuntza;  nazioartekotzeko laguntza enpresentzat; eta enpresa-ekimen arduratsu eta integratzailea. Hautagaitzak bi fasetan aukeratzen dira: lehena Estatu mailakoa da, Estatu kide guztietan egiten dena, eta bigarrena Europa mailakoa, non bi finalistak parte hartzen baitute gehienez herrialde bakoitzetik.

 

Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioko Industria eta Enpresa Txiki eta Ertainen Zuzendaritza Nagusiak jasoko ditu Espainia osoko hautagaitzak, eta erakunde horrexek aukeratuko ditu amaierako fasean parte hartuko duten biak. Ekimen horiek ekintzailetza sustatu behar dute eta emaitza garrantzitsuak lortu behar izan dituzte azken bi urteetan. Orobat aurkeztu daitezke aurreko urteetako proiektuak, baldin eta edizio honetan heldutasun handiagoa eta emaitza onak lortu badituzte. Sari horien aurtengo ediziorako hautagaitzak aurkezteko epea  zabalik egongo da 2017ko maiatzaren 15era arte.

 

Hautagaitzak aurkezteko dokumentazioa Industria Ministerioaren web orritik deskargatu daiteke, eta interesatuek informazio gehiago eskuratu dezakete Europako Batzordearen bidez.