Donostia Robotics & Videogames ekitaldiak programaziora hurbilduko ditu haurrak

2016ko Abendua 05,

Cartel Donostia Robotics and Videogames Meeting.
Jardunaldian doako bost tailer egingo dira.

Ekitaldia abenduaren 17an egingo da Tabakaleran.

 

Robot bat lehen aldiz programatzea, led argiekin efektuak sortzea edo Minecraft jokoan eraikuntza birtualak egitea; horra hor Donostia Robotics & Videogames Meeting ekitaldira doazen neska-mutilek ikasiko dituzten ikasgai batzuk. Tailerrez eta jarduera ludikoz osatutako jardunaldi bat izango da, eta bertaratuek modu dibertigarrian ezagutuko dituzte teknologiek dakartzaten aukerak sorkuntza proiektuak garatzeko.

 

Ekitaldia 4 eta 15 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta adin tarte bakoitzarentzat bereziki diseinatutako jarduerak izango ditu. Asmoa da teknologiekiko interesa piztea gaztetxoen artean, programazioaren eta robotikaren aurpegi dibertigarriena erakutsita. Bost tailer egingo dira horretarako.

 

Txikienek, 4 eta 6 urte bitartekoek, Kids & Techs tailerra izango dute. Jarduera horrekin programazioaren mundura hurbilduko dira, tresna sinple eta intuitiboak erabiliz. Girls & Techs tailerrak, berriz, helburutzat du teknologiarekiko interesa piztea nesken artean, LED argietan zentratutako edizio berezi batekin. Ordubete eskasean, parte-hartzaileek argi eta kolorezko efektuak programatzen ikasiko dute.

 

Donostia Robotics & Videogames ekitaldiaren egitarauan badago tailer bat Minecraft jokoarekin eraikitzen ikasteko, non Battlebuilding trebetasun txapelketak egingo baitira, bai eta 7 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako beste tailer bat, robotak programatzen ikasteko. Bestalde, parte-hartzaile zaharrenentzat, hots, 9 eta 15 urte artekoentzat Micro:bit plakarekin esperimentatzeko tailer bat antolatuko da; Micro:bit kostu baxuko mikro-ordenagailu bat da, Europako herrialde askotako eskoletan erabiltzen dena sormenezko proiektu teknologikoak garatzeko.

 

Topaketa hori Camptecnologico ekimenak antolatzen du, SPRI Taldeak koordinaturik Miramon Enpresa Digitalaren bitartez. Parte-hartzea doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da ekimenaren web orrian, leku kopurua mugatua delako eta interes handia pizten duelako familien artean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke