Denborari irekitako leiho bat hazien bitartez

2017ko Otsaila 23,

Portal Haziera de Fundación Cristina Enea
Ekimenaren helburua da Euskadiko nekazaritzaren eta kulturaren historia berreskuratzea.

4 urte bete ditu hazi eta ezagutzak trukatzeko Haziera proiektuak.

 

Tokian tokiko haziek informazio-iturri oparoa ematen dute lurralde desberdinetako nekazaritza-ereduei, ekonomiari eta kulturari buruz, gizarteek toki bakoitzeko baldintzetara egokitu dituztelako barietateak. Dena den, FAOk dio desagertzeko arriskuan dagoen ondasun komun bat dela, XX. mendean hazkuntza-barietateen hiru laurdenak galdu baitziren.

 

Azken urteotan hainbat ekimen sortu dira mundu osoan tokian tokiko haziak berreskuratzeko, eta horietako bat da Haziera hazi-bankua, Cristina Enea Fundazioak bultzatutako ekimena. Proiektu horren xedea da balioa ematea hazkuntzarako aniztasun horri, nekazaritza, gizarte eta gastronomia arloetako ondarea baita. Ekimena duela 4 urte jarri zen martxan, helburu bikoitzarekin: tokian tokiko hazi barietateak berreskuratzea hiritarrei irekitako truke banku baten bitartez eta prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzea tailer, hitzaldi eta jardueren bidez.

 

“Gure gastronomiarekin lotura estua dutenak izan ezik (Tolosako babarrunak, Ibarrako piperrak edo Gernikakoak), gainerako tokian tokiko barietateak desagertzeko arriskuan daude, nekazariek dagoeneko ez baitute lanik hartzen norbere haziak ateratzeko” azaldu du Marc Badal-ek, Haziera proiektuko arduradunak, “gure helburua da barietate horiek mantentzea, bai eta dibulgazioa sustatzea eta leiho bat irekitzea mundu horretara sartzeko”.

 

Bankua zabalik dago bere barietateak landatu nahi dituen edonorentzat, baldintza bakarra dagoelarik: landare berritik haziak ateratzen ahalegintzea, zati bat funts komunera itzultzeko. Urtean zehar prestakuntza-jarduerak egiten dira horrelako prozesuak garatzen ikasteko, eta 23 hazirekin hasi zen bankua 101 barietatetara iritsi da. “Tokian tokiko haziak diogunean, ez dira berez bertakoak direnak bakarrik, beste toki batzuetakoak ere badauzkagu; multzo horrek barne hartzen ditu, halaber, nekazariek eurek lurraldera egokitutakoak”, azaldu du Marc Badal-ek, “nekazaritza duela 10.000 urte sortu zen jatorrizko zortzi gunetan, beraz, hazi guztiak iritsi dira noizbait beste tokiren batetik”.

 

Haziera proiektuaren barruan hazkuntzako bio-aniztasunari, nekazaritza ekologikoari eta elikadura subiranotasunari buruzko eskuliburuak eta dokumentazioa garatu dituzte, eta eskura daude proiektuaren atarian. 2017an egingo diren ekimenen artean aipatzekoa da tokian tokiko haziak erreproduzitzeari buruzko ikerketa bat, Gipuzkoako nekazariek egina, zeinak helburutzat baitauka diagnostiko bat egitea hazi horien erabilpenari buruz. 2018ari begira, asmoa da bankuan fruta barietateak ere sartzea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke