Peru gero eta jomuga interesgarriagoa da euskal enpresentzat inbertsioak eta negozioak egiteko

2014ko Martxoa 19,


18 euskal enpresa daude Perun kokatuta eta Perurako esportazioak %54 hazi dira 2013an.
SPRIk jardunaldi bat antolatu du martxoaren 20an, merkatu honek eskaintzen dituen aukerak aztertzeko.


Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Peruko merkatua ezagutzeko aukera emango die euskal enpresei, Nazioarteko Moneta Funtsak (NMF) aurreikusi baitu Peruko ekonomiak %6ko urteko hazkunde sostengatua izango duela datozen urteetan. SPRI-Eusko Jaurlaritzako Enpresen Garapenerako Agentziak jardunaldi bat antolatu du bihar (martxoaren 20a), non Peruko erakunde eta enpresetako ordezkariek azalduko baitigute zeintzuk diren Perun enpresa bat ezartzeko baldintzak, metodologiak eta zein sektoretan inbertitu daitekeen.

Azken urteotan euskal enpresen artean nabarmen piztu da Perurekiko interesa, izan ere esanguratsuki hazi dira Euskaditik harako esportazioak. Hala, 2012-2013. urteen artean Perurako esportazioak %54 gehiago izan dira, 52.395 eurotik 81.056 eurora igaroz.

Bada beste datu garrantzitsu bat ere, 2013an hazi egin baita Perun negozioak egin nahi dituzten euskal konpainiek eskatutako kontsulta eta zerbitzuen kopurua. Aste honetan bertan egin den INTERGUNE ekitaldiaren barruan antolatutako SPRIren Kanpo Sarearen topaketan 40 enpresak eskatu dituzte Peruri buruzko elkarrizketa pertsonalak. Horregatik, SPRIk espero du aurten euskal enpresek proiektu gehiago gauzatuko dituztela Perun.

Peruk inbertsio aukera onak eskaintzen ditu zenbait sektoretan, hala nola energian, azpiegituretan, uraren eta saneamenduaren sektorean, sektore petrokimikoan, telekomunikazioetan, burdinbide, portu eta aireportuetan, meatzaritza zerbitzuetan, higiezinen garapenean, eta abarretan. Gainera, Espainia da Perun  zuzeneko atzerriko inbertsio gehien egin duen herrialdea, 4.405 milioi dolar alegia.

Jardunaldi honetan izango dira, besteak beste, Miren Madinabeitia, SPRIko Nazioarte Saileko zuzendaria, euskal enpresek nazioartean zabaltzeko dituzten laguntza publikoak azalduko dituena; Bernardo Muñoz, Peruk Espainian duen Enbaxadako ekonomi arloko aholkulari komertziala, Peruk eskaintzen dituen negozio aukerak aurkeztuko dituena; eta AGN Consultores (Lima) enpresako Raul Noblecilla, “Atzerriko Inbertsioko Ezarpen-operatibak” (sozietateen eraketa, fiskalitatea, erregistroak, e.a.) azalduko dituena. Bukatzeko, Fernando Hortigüela Ideo Taldeko zuzendariak Ideok Perun izandako esperientzia azalduko du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke