Kanadak Euskadi hautatu du topaketa bat antolatzeko aeronautikako composite materialei eta sektoreak eskaintzen dituen aukerei buruz

2014ko Maiatza 11,


– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak antolatu du jardunaldia, SPRIren bitartez eta Kanadako Enbaxadaren, Euskadiko Aeronautika eta Espazio klusterraren (HEGAN) eta Gaiker-IK4 zentroaren laguntzaz


Kanadako Composites Innovation Centre – Manitoba Inc (CIC) erakundeko arduradunek Europa bisitatuko dute eta, bisita horren barruan, Bilbo hautatu dute ezagutzera emateko zeintzuk diren composite materialekin lan eginez aeronautika eta automozioa bezalako sektoreetan sortzen diren negozio eta lankidetza aukerak. Kanadak eta Euskadik aeronautika, automozio, fabrikazio aurreratu, bioteknologia eta energia sektoreak bultzatuz eraiki eta sendotzen dute beren lehiakortasuna. Horregatik, maiatzaren 13an Arabako Teknologi Parkean egingo den topaketan sektorea bultzatzeko sustatu dituzten estrategiak eta esperientziak partekatuko dituzte, eta enpresei jakinaraziko diete zeintzuk diren sektoreak eskaintzen dituen negozio aukerak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak antolatu du jardunaldia, SPRIren bitartez eta Kanadako Enbaxadaren, Euskadiko Aeronautika eta Espazio klusterraren (HEGAN) eta Gaiker-IK4 zentroaren laguntzaz. Jardunaldia aipatu sektoreetako euskal enpresei, teknologi zentroei, unibertsitateei, eta abarrei zuzenduta dago, eta bertan parte hartuko dute Kanadako Composites Innovation Centre – Manitoba Inc (CIC) zentroko arduradun nagusiek. CIC erakunde publiko-pribatu bat da eta composite materialen ikerketan espezializatutako 23 unibertsitatez osatutako sare bat du,  erakundeen nahiz enpresen babes handia duena.

Foro honetan parte hartuko du baita ere Kanadak Espainian duen enbaxadako agregatu komertzialak, zeinak Kanadako Composite Materialen sektoreari buruzko hitzaldi bat emango baitu. Oso sektore aktiboa da, 300 bat enpresa eta 50.000 langile inguru biltzen dituena. Bere merkataritza-  eta berrikuntza-potentzialari esker, lider bihurtzen ari da nazioarteko merkatu askotan; gainera, kluster boteretsuak ditu aeronautikaren eta automozioaren sektoreetan eta baita ere energia eolikoaren alorrean, azken hau delarik oraintsuago garatu dena.

Jardunaldiko egitaraua osatzeko, composite materialekin 20tik gora urtez lan egin duen Gaiker-IK4 teknologi zentroak hitzaldi bat emango du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Composite Materialen alorreko berrikuntzari buruz. CDTIk ere parte hartuko du topaketan eta ezagutzera emango ditu sektoreko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako lankidetza bideratzen duten Espainia eta Kanada arteko programak.

Bukatzeko, bi konpainiak bertaratutako guztiei azalduko diete nolako proiektu arrakastatsuak gauzatu dituzten Composite Materialen sektorean Kanadako erakundeekin lankidetzan. Lehenengoa diseinuaren eta fabrikazioaren arlokoa da, Aernova eta Bombardier enpresen arteko lankidetza. Bigarrena, berriz, I+G+b arlokoa, ITRBk Kanadako hainbat erakunderekin batera garatutako lankidetza.

Composite materialak plastikozko materialak dira, teknologikoki aurreratuen dauden sektoreetan erabiltzen diren prestazio onenak dituztenak. Kanadak composite materialen arloko gaitasun eta aplikazio ugari biltzen ditu sektore aeronautikoan: aeroegiturak, gas-turbinako motorrak, eta sistema mekanikoak, hala nola lurreratzeko trenak.  Baina beste sektore batzuetan ere aplikatzen dira, esaterako, automozioan, fabrikazio aurreratuan, bioteknologian eta energian.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke