Enpresak baldintza hobeetan kokatu ahal izango dira Sprilur Taldeak sustatutako enpresa-eremuetan

2014ko Maiatza 19,


–       2014tik aurrera finantzaketa formula berriak eskainiko dira, esaterako 3 edo 12 urtera erosteko aukera ematen duen alokairua.                           

–       Eusko Jaurlaritzak, Sprilur eta Industrialdeak Sozietateen bitartez, erosketaren abal edo bermetzat hartzen du inbertsio proiektua bera.


Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta suspertu egin nahi du Sprilur Taldearen eta Industrialdeak Sozietatearen bidez Foru Aldundiekin eta Udalekin batera kudeatzen dituen poligonoetako enpresa-jarduera, eta helburu horri jarraiki aztertu eta berrikusi ditu jarduera ekonomikoetara bideratutako lokal eta bulegoak erosteko indarrean dauden modalitateak.

Martxan jarri dituen kontratu mota berriak dira:  bederatzi eta hamabi urtera erosteko aukera ematen duten alokairuak eta zuzeneko salerosketa kontratua.

9 eta 12 urtera erosteko aukera ematen duen alokairu modalitatean, urteko zenbateko osoaren %10eko goranzko kuotak ordainduko dira interes tasa aldakor batekin, kuota urtero berrikusiz indarrean dagoen Euriborraren arabera.

Salmenta baldintzei dagokienez, salerosketaren oinarrizko eredua ezarriko da  eta promesa-kontratua sinatzean prezio osotik gutxienez %5a jarri beharko da hasierako ordainketa gisa. Gainerakoa salerosketaren eskritura publikoa egitean ordainduko da kontratua sinatu eta gehienez 6 hilabeteko epean.

Pairatzen ari garen motelaldi ekonomikoa ikusita, 2013an jasotako espazio industrialen eskaera eskasa aztertu  eta eskaera hori suspertzeko estrategia berri bat zehaztu da. Horretarako, iazko urte amaieran Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako enpresa-eremuak sustatzen dituzten sozietateetako administrazio kontseilu guztiek adostu zuten kontratu mota berriak eskainiko zitzaizkiela 2014tik aurrera kudeaketa publikoko enpresa-eremuetan kokatu nahi zuten enpresei.

 

Sprilur Taldearen eta Industrialdeak Sozietateen helburua enpresak sustatzea denez, hasiera-hasieratik eskaini dituzte industri eta ekonomi erabiletara zuzendutako espazioak prezio lehiakorretan, eta beti ere urbanizazio edota eraikuntzaren kostu-prezioan. Halere, iazko ekitaldira arte erabili izan diren salmenta formula bakarrak izan dira baldintzarik gabeko zuzeneko salerosketako kontratu sinpleak eta 9 urtera erosteko aukera ematen duten alokairuak, oso hedatuak Industrialdeak Sozietateetan eta oso harrera ona izan dutenak ingurune industrialetan kokatzen diren enpresen aldetik.  Eskaintzen diren espazio guztiak ikusgai daude hemen: www.sprilur.es

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke