CAFen Erresuma Batuan duen presentzia indartuko du

2017ko Uztaila 13,

CAFek 1.200 milioi eurotik gorako eskari-zorroa du Erresuma Batuan

Konpainia gipuzkoarrak BWB Consulting ingeniaritza-enpresa britainiarraren erosketa iragarri du

 

Dibertsifikazioaren eta hazkundearen aldeko estrategian aurrera egiteko asmoz, CAF euskal trenbide-taldeak BWB Consulting ingeniaritza-enpresa britainiarra erosi du. Eragiketa honi esker, konpainia gipuzkoarrak Erresuma Batuan duen presentzia indartu eta trenbide-zerbitzu integralen hornitzaile gisa duen posizioa finkatuko du.

BWB Consulting enpresaren erosketa, CAFek nazioartekotzearen alde eta bereziki merkatu britainiarraren alde egina duen apustu estrategikoari atxikita gauzatu da. Egoitza Nottingham hirian duen ingeniaritza-enpresak, euskal taldeak trenbide-ingeniaritzaren arloko giltza eskurako proiektuak lideratzeko baliatzen duen CAF Turnkey & Engineering filialarekin batera lan egingo du.

 

“Gure ikuspegitik, BWB Consulting ingeniaritza britainiarraren erakusgarri ezin hobea da. Asmo handiko planak dauzkagu gure negozioa dibertsifikatzeko eta giltza eskurako ingeniaritza-jarduerak handitzeko, eta gure ustez, BWBk eginkizun garrantzitsua izan dezake estrategia horren barruan”, adierazi du Josu Imaz taldeko filialen eta garapen korporatiboaren arloko zuzendariak.

 

Konpainiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, eragiketa honek zerbitzuen porfolioa handitzeko aukera emango dio CAFi, azpiegituretako ingeniaritza, ingurumena, eraikuntza eta  project management arloak indartuko dizkion neurrian.

 

Era berean, konpainia britainiarraren erosketak hizkuntza ingeleseko merkatuetan duen presentzia handitzen eta dibertsifikatzen lagunduko dio CAFi, garraioaren arloan eskaintzen dituen zerbitzuak nazioartean hedatzeaz gain.

 

Gaur egun, CAFek 1.200 milioi eurotik gorako eskari-zorroa du Erresuma Batuan. 2016an, CAFek kontratu bat sinatu zuen Arriva Rail North Limited operadore britainiarrarekin 43 tren elektriko eta 55 diesel treneko bi flota fabrikatzeko. Iazko ekitaldian, konpainiak First Group operadorearentzako proiektu baten esleipena ere lortu zuen. Bi kontratu horiek 1.000 milioi euro inguruko bolumena dute guztira.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke